Barakaldon Oiolako ura kontsumitzeari uzteko eskaera egin dute, berriz ere, oposizioko alderdiek. Hala, EH Bilduk, EAJk, EBk eta PPk Oiolatik Deskonektatzearen Aldeko Plataformak aurkeztutako mozioaren alde bozkatu dute; agintean dagoen PSE-EEk kontrako botoa eman du.
“Osoko bilkurako eztabaidan argi eta garbi geratu zen gure etxeetako txorrotetatik lindanoa sartzen dela”, Eguzki ekologista taldeak azaldu duenez. “Udal gobernuaren, ura agentziaren eta Eusko Jaurlaritzaren arabera, neurtutako lindano kopurua legediak onartutakoa da. Horregatik diote ez dagoela batere arriskurik. Hau da, pozoitzen gara, baina poliki-poliki. Orain, askoz lasaiago gaude”.
Hirugarrenez onartuta
Udalak oposizioko alderdiek onartutakoa beteko ote duten galdetu dute Eguzkikoek. Izan ere, mozioak aurrera egin bazuen ere, erabakia ez da bete beharrekoa. Ez da udalbatzak era horretako erabaki bat onartzen duen lehen aldia, gainera. Hain zuzen ere, hirugarrenez eztabaidatu dute.
EAJren aburuz, Oiolatik kontsumitzen den urak “legeak ezarritako parametroak” betetzen ditu. “Astero aztertzen da, eta azkenekoz duela bi urte agertu zen lindanoa”. Hala ere, jeltzaleek aitortu dute ura Oiolara botatzen duen isurketa batean ere egiten ari direla neurketak eta “leku horretan, tarteka, lindanoa aurkitu” dutela.
Barakaldon edaten den ura “osasungarria dela sinetsita” badaude ere herritarren artean sortu den kezka ulertzen dutela adierazi du Barakaldoko Udaleko talde jeltzaleak.