Apirilaren 10ean ehizatu zuten arren, hilaren 16an jakin zen Karrantzan otso bat hil zutela. Azken bi hilabeteetan udalak eta abeltzainek etengabeko erasoak salatu ostean, foru aldundiak uxaldirako baimena eman zuen. Azkena duela hiru urte egin zuten. 32 ehiztarik eta foru aldundiko hainbat basozainek parte hartu zuten. Behin otso hura harrapatuta, beste eraso bat gertatu zela eta, apirilaren 16an bigarren uxaldi bat baimendu zuen Base Gorriak, baina harako hartan ez zuten ezer ehizatu. Ekologistak Martxan, Euskadiko Otsoaren Elkartea eta Otso Iberikoa Babestu eta Ikertzeko Elkartea kexu agertu dira. “Halako jarrerakaz bioaniztasunaren zaintzan, Europan, azken postuetan dago Bizkaia”, salatu du Ekologistak Martxan taldeko Andres Illanak.
Uxaldiak ohikoak izaten al dira?
Ez da egunero egiten den zerbait. Ustez, abeltzainek erasoak salatzen dituztenean egiten dira. Orduan baimentzen ditu foru aldundiak. Ohikoa da, baina salbuespena izan beharko luke. Izan ere, administrazioak ezohiko neurri modura hartu beharko lituzke. Lehentasunak prebentzio neurriak hartzea izan beharko luke, eta beste erremediorik ez dagoenean, uxaldiak baimendu. Baina foru aldundiek, Bizkaikoak eta Arabakoak, neurri bakar gisa dituzte.
Eta zein izan beharko lirateke prebentzio neurri horiek?
Gure ustez, erasoak saihestu egin behar dira. Arazoa sortu osteko neurriak barik, arazoa bera ez sortzekoak hartu beharko lirateke. Administrazioak diru publikoa horretara bideratu beharko luke. Abeltzainak babestu behar dituzte. Erasoak gertatzen baldin badira, zerbaitek huts egin duelako gertatzen dira. Kontua da foru aldundiak ahaztu egiten dituela otsoak, harik eta erasoak izaten diren arte. Adibidez, mendian itxiturak egin beharko lirateke, ardiak gauez gorde ahal izateko. Urteko sasoi jakin batzuetan jendea kontratatu beharko litzateke, ardiak zain ditzaten. Hau da, betiko artzainak berreskuratu. Erasoak izateko arrisku gehien duten ustiategiak diruz lagundu. Mastin arrazako txakurrak hezi eta abeltzainei nola erabili irakatsi. Neurriak asko izan daitezke. Helburua da otsoei erasoak egiteko trabak ipintzea. Izan ere, gaur egun oso erraz daukate.
Salatu duzue uxaldiak baimendu diren batzuetan erasotzaileak ez direla otsoak izan, txakurrak baizik.
Aste Santu aurretik otso bat hil zutela jakin zen, han eta hemen otsoaren gorpuari eusten zion ehiztariaren argazkia zabaldu zelako. Dirudienez, kasu hartan bai izan zen otsoen erasoa. Baina gerora, beste eraso bat egon da. 11 ardi hil ziren. Foru aldundiko perituek baieztatu zutenez, txakurrak izan ziren. Baina, hala ere, otsoen uxaldia baimendu zuten. Ez dugu ulertzen eta erabat salagarria iruditzen zaigu.
Hilda agertzen diren hamar otsotik lau legez kanpoko uxaldien ondorio izaten direla ere badiozue.
Eusko Jaurlaritzak emandako datuetan aurkitu dugu hori. Berez, autoek harrapatuta edo baimendutako uxaldietan hil daitezke. Baina estatistika ofizialen arabera, heriotzen %40 baimendu gabeko uxaldien ondorio izaten dira. Administrazioak berak onartzen du hori, baina ez du ezer egiten. Iaz ere salatu genuen halako kasu bat, ezezagun batek posta elektroniko bidez gertatutakoaz ohartarazi gintuelako, eta guk dakigunez, ez dute ikertu ere egin. Gure salaketak ezerezean geratzen dira. Askotan egiten dira legez kanpoko uxaldiak. Araban, kasurako, hainbat salatu ditugu, eta hango foru aldundiak ez du ezer egin.
Hainbesterako dira otsoen erasoak?
Sufritzen dituenarentzat, bai noski. Baina Bizkaiko abeltzaintzari, oro har, eragiten diona anekdotikoa da. Gure kalkuluen arabera, Arana, Bizkai eta Gipuzkoako ardien %0,2 edo %0,3ri eragiten dien arazoa da. Arazo txikia da. 90.000 ardi inguru daude, eta horien aldea otso kopurua ez da batere adierazgarria. Hori ezin daiteke izan otsoa desagerrarazteko aitzakia.
Hamarkadetan desagertuta egon ostean, gero eta otso gehiago daude Enkarterri inguruan. Zer dela eta?
Karrantzan 1997an izan zituzten lehen kumeak. Ordutik sarri agertu da. Araba mendebaldera eta Enkarterrira itzuli gura du, han bizi izan baitzen lehen. Burgosetik sartzen dira. Hainbatetan izan dituzte kumeak Karrantza aldean, baina uxaldien ondorioz ez dira egonkortzen. Otsoak etortzen jarraituko du, ingurumen egoerak horretara bultzatzen duelako. Bizkaian nahi beste basurde, orein eta orkatz ditu.
Hain zuzen, Bizkaian basurde eta orkatzen gainpopulazioa dagoela aitortu du administrazioak.
Bai, eta kontrolpean izateko ehizaldiak egiten dituzte. Animalia horien populazioa kontrolatzeko behar den harraparia otsoa da. Horregatik, ezinbestekoa da Bizkaian otsoak egotea. Behar ditugu; bioaniztasunak hala eskatzen digu. Politikari asko bioaniztasunaz berba eta berba ibiltzen dira, puztuta. Ba, hau da bioaniztasunak eskatzen duena, eta gure administrazioek justu kontrakoa egiten dute. Harrapari naturala falta dutenez, ez diogulako otsoari sartzen uzten, geuk egin behar ditugu otsoaren lanak, eta txarto egiten dugu, gainera.
Irene Pardo Bizkaiko Nekazaritza ahaldunari bilera eskatu diozue. Zer esango diozue? Zer proposatu?
Guk ezer ez. Esan beharrekoa askotan esan izan dugu. Berak esan diezagula zer egingo duten, zer politika duten buruan. Zein bioaniztasun ereduren alde egingo duten jakin gura dugu. Badirudi arazorik sortzen ez duten eta ikurtzat ditugun espezieak zaintzen dituztela, eta ez, ostera, gatazka sortzaileak. Dena den, foru aldundia ez ezik, Eusko Jaurlaritza ere lotsagorritu gura dugu. Izan ere, haren egitekoa da otsoa babestu beharreko espezieen artean sartzea. Harrigarria da zikoina zuria edo sai arrea babestea, adibidez, eta otsoa ez.