Bilbo
Itsaskiaren herria Bilbon dago egunotan. MarisGalicia egitasmo gastronomikoak 1.000 metro koadrotik gora dituen karpa bat jarri du Vista Alegre zezen plazan. Hilaren 18ra arte egongo da zabalik.
Bost erakustoki eta saltoki atondu dituzte. Lehenengoan, okindegia dago; han, era guztietako enpanadak, tartak eta Galiziako ogi egin berria erosteko aukera izango da. Beste saltoki batean, askotariko arroz motak eta muskuiluak daude. Sukaldariek bezeroen aurrean prestatuko dute arroza. Olagarroa saltzen duten taberna bat ere ipini dute; olagarroa huts-hutsean, egosita eta oliba olioagaz, piperrautsagaz edo patata egosiegaz dastatu daiteke.
Itsaskia plantxan edo egosita eskaintzen dute beste stand batean. Itsaskiak bizirik dauzkate akuarioetan. “Nahi duzuna aukeratu, eta akuariotik plantxara pasatuko dute”, adierazi du Manuel Gomez jardunaldion koordinatzaileak.
Galiziako edariak ere lekua hartu du, tabernan likoreak eta ardoak dastatzeko aukera izango baita. Hango oroigarriak erosteko saltokia ere ez da falta.
Horrez gain, gaur eta bihar queimada eskainiko dute, doan. Bariku eta zapatu guztietan egingo dute hori, eta ikuskizun berri bat ere izango da.
Domekan, bestalde, gaita jotzaileen musikaz gozatuko dute han bazkaldu edo afaltzen dutenek. Astelehenetik domekara bitartean dago zabalik MarisGalicia, 12:30etik 16:30era eta 19:30etik 23:30era bitartean.
Besteak beste, itsaskiagaz egindako arroza, egositako buia, olagarroa eta lanpernak dastatzeko aukera dago ferian. Galizian tipikoak diren 25 errezeta baino gehiago eskaintzen dituen karta bat daukate.
Gomezek azaldu du egunotan azokara joaten direnek bertatik bertara ikusiko dutela “Galiziako lonja bateko giroa zelakoa den”. Han “Galiziako itsaskirik onena preziorik onenean” dastatu ahalko dutela gehitu du. Izan ere, “itsasotik zuzenean” eramaten dute “egunero kamioietan, inongo bitartekaririk gabe”. Koordinatzailearen esanetan, horrek ahalbidetu egiten du “kalitate bikaina merkeago” emateko aukera.