51.000 pertsona baino gehiago elkartu ditu euskal kulturaren erakuslehio den Basque Fest jaialdiak, Bilboko Udalak emandako datuen arabera. 150 plan eta proposamen baino gehiago eskaini ditu jaialdiak Aste Santuan eta Pazko astean.
Jaialdiak “helburu guztiak bete” dituela deritzo udalak. Hain zuzen, honako hau izan da asmoa: “Hiria bizirik, aktibo eta erakargarri mantentzea jaiegunetan, bai turistentzat, bai bertokoentzat, bai inguruko herrietatik eguna Bilbon pasatzera etorri direnentzat”.
Kalejirek eta animazio talde eta bandek 19.640 lagun elkartu dituzte Zazpikaleetan, Ledesman, Albiako lorategietan, Mazarredo zumarkalean, Poza kalean, San Mames zumarkalean eta Egaña kalean. Itsasadarrean egindako ibilbide antzeztuak ere zenbatu dituzte kopuru horretan. Eguen, bariku eta zapatuan ekitaldi horietarako sarrerak amaitu egin ziren.
Bestalde, Erriberako eta Zabalguneko merkatuetan 17.250 sarrera zenbatu dituzte lau egunetan. Herri kirolen erakustaldiek ere ikusle asko bereganatu dituzte. “Bereziki, nazioarteko turistek erakutsi dute interes handia”. Ikuskizuna ere ez da ohikoa izan, gainera. Harrijasotzaileek itsasadarrean egin dituzte indar eta tekniken erakustaldiak; hain zuzen ere, itsasontzi baten gainean jaso dituzte harriak. 1950eko hamarkadako tradizioa berreskuratu dute.
Aizkolariak Areetako pasealekuan ibili dira enborrak mozten. Eta Esperantzako pilotalekuan, pilotariak palan eta zesta-puntan jokatzen ikusteko aukera izan da.
Proba horietan guztietan, 7.450 zaletik gora elkartu dira. Horien artean, seme-alabekaz batera gerturatu diren familiak izan dira. Kasu horietako askotan, gaztetxoek bertan ezagutu dituzte hainbat jolas; besteak beste, lehen aldiz zaku lasterketetan, igel tokan eta artaburuak jasotzen aritzeko aukera izan dute.
Alondegiari dagokionez, kontzertu txikiak eskaini dituzte. Audience, John Berkout, Bakelite eta Wills Drummond taldeak igo dira oholtzara. Indie, american rock, country rock eta pop rock estiloak euskal taldeen bitartez entzuteko beta izan dute ikusleek, Plaza Barrian. Oreka TX, Kukai eta Kalakan taldeek eratutako ikuskizunak ere arrakasta handia izan zuen.