“Eskuoihal batzuk jartzeko lekua baino ez dago, baina gurea da”

Geografiak lurraldetasuna definitzen laguntzen du askotan, eta itsasoa mugak zehazteko erabili ohi da. Baina, ez da beti horrela gertatzen. Iñaki Arestik (Leioa, 1945) argi dauka: “Berangok ere kostaldea du”. Urteak daramatza teoria hori frogatuko luketen dokumentuak eta testigantzak biltzen, eta, haren esanetan, Berangoko erribera zati hori Barinatxe hondartza inguruetan legoke. Bitxigilea izan da lanbidez.

Arestik ondo baino hobeto ezagutzen du paraje hori. “Gaztetan beti joaten nintzen lagunekin olagarroak eta nekorak hartzera. Sopelako ezagunekin egiten genuen topo askotan, eta, haiek nondik ibili ziren galdetutakoan, Berangoko erriberan arrantzatzen egon zirela esaten zidaten”. Berangoko erribera esaten zioten guztiek Barinatxe hondartzako tarte berezi bati. Arestiren arabera, Sopelak harean argi zehazten duen mugatik, itsas labarreraino helduko litzateke Berangoko erribera. “Getxoren laguntzarekin, Gorrondoatxa puntaraino ailegatzen den aztertu beharko genuke; izan ere, ez dago argi muga zein den eta erribera noraino helduko litzatekeen”. Berangoko erribera. Izen hori behin eta berriro entzunda, Arestiri jakin-mina piztu zitzaion eta gaia ikertzen hasi zen. Hasieran, Berangoko Udalera eta Bizkaiko Foru Aldundira jo zuen. “Asko mugitzen naiz, eta argazki asko ateratzen ditut; baina, historialaria ez naizenez, oztopo asko jartzen dizkidate dokumentu historikoak kontsultatu ahal izateko”. Laguntza bila ari da. Alberto Diez historialariak Berango liburua argitaratu du, eta Arestiren aspaldiko laguna da. “Albertorekin [Diez] elkartzeko asmoa daukat; nik dauzkadan dokumentuekin eta haren ikerketekin benetako historia atera nahiko genuke argitara, mugak ez daude argi eta”.

Sopela eta Berango arteko mugak zehazten dituen txostena aurkitu du; 1999koa da. Haren arabera, Berangori dagokion partea Getxorena dela uste den zatian dagoela pentsatzen hasi da. Hori dela eta, Getxo eta Berango arteko mugei buruzko txostenak bilatzen dabil orain.

Gainera, ezagun askoren testigantzak batu ditu Arestik. Berangoko kostaldetik oso gertu, Mendi izena duen eremua dago. Han, hainbat baserri daude, Larrondo eta Landaluze tartean. Bizilagunekin hitz egin du, eta arbasoen istorio ugari kontatu dizkiote. “Berangok kostaldea duela sinesteko motibo gehiago eman dizkidate”. Gainera, baserrien inguruetan, hondartzara eta itsasertzera eramaten duten bide batzuk daude. Etxe horiek Berangori dagozkio; beraz, Arestiren ustez, esparru hori udalerrikoa bada, eta itsasoan badu bukaera, hondartza zati horrek Berangokoa izan beharko luke.

Zenbait gertakizun ere bildu ditu. Azaldu duenez, 1920. urtearen inguruan Alemaniako itsaspeko batek Bilboko portutik irteten ari zen lurrun itsasontzi bati torpedoz eraso zion, eta, ondorioz, Berangoko kosta aurrean urperatu zen. “Landaluze eta Larrondo baserrikoei utzi egin zieten itsasontziaren txatarra hartzen”, ekarri du gogora.

1920az geroko osoko bilkurak ere aztertu nahi ditu Arestik. Horietan, gaia jorratzen duten dokumentuak eta froga gehiago aurkitzea espero du. Ageriko idazkiak topatu ditu. Hala eta guztiz ere, Berangoko erriberaren inguruan esames asko daudela aitortu du; nahiz eta istorio horiek beretzat zentzurik ez duten. “Batzuek esaten dute Berangoko alkate batek hondartza galdu zuela mus partida batean. Beste batzuek diote, behin batean, itotako bat agertu zela zonalde horretan eta Berangok ez zuela ardurarik hartu nahi izan. Getxo egoera hartaz arduratu zenez, hondartza zati hori bereganatu zuela esaten dute”. Kontakizunak kontakizun, oraindik ikertzeko asko dagoela azpimarratu du Arestik.

Dokumentuak eskuan dituela, Berangoko Udalarekin hitz egin nahiko luke. “Mahai gainean ipiniko dut aurkitutakoa, eta haiek erabakiko dute zeintzuk diren eman beharreko hurrengo pausuak galdera hori erantzuna aurkitzeko”. Hala ere, Arestik ez dauka zalantzarik. “Pistak jarraitu ditut, eta hondartzako zati txiki bat udalerriarena izan beharko lukeela argi daukat. Eskuoihal gutxi batzuk jartzeko tokia baino ez dago, hogei inguru, baina Berangori dagokio. Gurea da”.