Sukaldeko saltsa berria jaietan

Eguaztenetik dabiltza Santurtzin San Jorge jaiak ospatzen. Gaurtik etzi bitartean, hamaika ekitalditan parte hartzeko aukera egongo da, eta datorren asteko asteburuan ere jarraituko du festa giroak. Hain zuzen ere, orduan egingo dute aurtengo jaiek dakartzaten berrikuntzetako bat: maiatzaren 2rako sukalki txapelketa antolatu du, estreinakoz, Santurtziko jai batzordeak. Ekitaldi parte hartzaileetan pauso bat gehiago ematea izan da asmoa, eta lortuko duten esperantza dute. Izan ere, ahalik eta santurtziar gehien erakarri gura dituzte sukaldaritza proban parte har dezaten.

Umeak izango dira gaur arratsaldeko protagonistak: parke nagusian haientzako jolas gunea atonduko diete, eta futbol txapelketan lehiatzeko aukera ere izango dute. Gazteek, berriz, portuan daukate zertaz gozatu gauez. Izan ere, 22:30ean hasita, herriko hiru talde igaroko dira agertokitik: Deskuadre, Dias Negros eta The Name.

Kirol lehiaketak egingo dira bihar goizean. Eta buruhandien kalejirak girotuko du erdigunea, 12:00etatik aurrera. 13:00ean, berriz, herri kirolen erakustaldia egingo dute portuan: lasto jasotzea, gurdi jokoa eta ingudea izango dira, besteak beste. Arratsaldean, erromeriak eta dantzaldiak izango dira, ume eta adinekoentzat. Gauean, Alaiki taldeak kontzertua eskainiko du txosna gunean. Domekakoa ere antzeko eguna izango da, kirol lehiaketa, kalejira eta erromeriekin.

Kuadrillen eguna

Datorren zapatuan, lagunekin ospatzeko egitaratua izango dute Santurtzin. Hasteko, estreinakoz erregosia egiten lehiatuko dira, lehen sukalki txapelketan. 10:30ean hasiko dira sukalde lanetan, parke nagusian. Euria eginez gero, Gernika parkera eroango dituzte mahai eta lapikoak. 11:30 arte izango da izena emateko tartea. Eguerdian, berriz, sardinaren erronka izeneko proba jokatuko dute, leku berean. 18:30ean, koadrillen arteko olinpiadak hasiko dira, parke nagusian. Drindots taldearen erromeriak emango dio bukaera egunari.

Maiatzaren 4an, azkenik, Gaztela eta Leongo Etxeko dultzaina joleen kalejira, harri zulatzaileen txapelketa eta umeentzako disko festa ibiltaria izango dituzte. Horrela bukatuko dituzte aurtengo San Jorge festak.

SAN JORGE JAIAK

Non. Santurtzin.

Noiz. Asteburu honetan eta hurrengoan.

Zer. Kirol probak, dantzaldiak, kontzertuak, sukaldaritza lehiaketak eta kalejirak.