Urtean behin Errekatxo ibarra zuriz jantzi izan da hamarkada luzez. Apiril bueltan, eguzkiaren epeltasun gozoak lagunduta, elurrak dena estaltzen zuela zirudien. Gereziondoen loreak ziren. Gaur egun bestelakoa da egoera Barakaldoko udalerrian dagoen inguru honetan. Hala ere, oraindik ere asko dira mendien maldetan ikus daitezkeen arbola zurituak. Egunotan halaxe daude. Ekainean, berriz, fruituaren gorritasuna nabarmentzen da. “Herriaren ikurra da gerezia; nekazaritzari lotutako iraganaren lekukorik ederrena”, dio Mikel Antizarrek. Ez du aparteko jendetzarik erakartzen, baina kasualitatez ikuskizunagaz topo egiten dutenak liluratuta itzultzen dira.
Errekatxo auzo elkarteko kidea da. “Zehatz ez dakigu noiztik dauden, baina badakigu XIX. mendean daborduko dena gereziondoz beteta zegoela”. Historikoki, Errekatxon ikatza ustiatu dutela dio; burdinoletan egin izan dute behar, eta abeltzaintzan ere ibili izan dira. Horiek izan dira ibarreko jarduera nagusiak. “Inguru hau nekazaritzarako ez da aproposa, aldapatsua delako. Gereziondoak, ostera, maldetan ipini daitezke, ezelango arazo barik”. Antizarren esanetan, ekonomiaren lagungarri gisa erabiltzen zuten gereziaren ekoizpena. “Oro har, gehienek aipatutako hiru jarduera horietan egiten zuen lan, eta gereziek urtean behin aparteko diru sarrera bat izateko aukera ematen zieten”.
Ez dakite zenbat zuhaitz ziren. “Etxalde guztietan zeuden. Hiru hektarea bazituzten, dena gereziondoz betetzen zuten”. Baina joan den mendearen erdi aldera, paisaia aldatzen hasi zen. Gaur egun, etxe gehienetan, batez beste, lauzpabost gereziondo mantentzen dituztela dio; dena den, oraindik badira pare bat etxalde dozenaka arbolagaz.
Gereziak ekainean heltzen dira. Hamabost egun inguru irauten dute. Beraz, azkar egin behar izaten da bilketa. Errekatxon sasoikako beharginak zituzten laguntzeko. “Espainia hegoaldera bezala, kanpotik etortzen ziren. Bizpahiru astetan bildu behar izaten ziren orduan. Gaur egun, seguruenik, teknika bereziak izango dituzte, arbola guztiak era batera hel ez daitezen. Baina garai hartan ez zegoen horrelakorik. Sagarra, adibidez, hozkailuetan sartuta luzaroan eduki dezakezu. Gerezia hondatu egiten da. Eta, gainera, familia ustiategiak ziren, eta ezinezkoa zitzaien hainbeste tona biltzea”.
Errekatxoko gerezia bereziki preziatua zela dio. “Eskualde osoan eta Bizkaiko herri askotan zen ezaguna”, ekarri du gogora. Berak ezagutu dituen etxekoandreek kontatu diotenez, sasoia ailegatzen zenean astoak gereziz zamatu, eta Barakaldoko merkatura jaisten ziren. “Baina baita Bilbora ere, Erriberako merkatura. Eta bakarren batzuek noiz edo noiz Laudioko azokaraino ere joaten zirela aipatu izan didate”. Gaur egun, ostera, biltzen diren gereziak ez dira saltzeko. “Etxeko ekonomiaren parte izateari utzi diote. Familiak berak jaten ditu, eta asko biltzen dituzten urteetan, lagunen artean banatu”.
Aldaketa industrializazioak eragin zuen. Errekatxoko bizilagunek, Ezkerraldeko gainontzeko landa inguruetakoek bezala, ogibide berrietarako jauzia egin zuten. “Gehienak meategietan hasi ziren; bereziki, Zugaztietan eta Arnagan. Eta Bizkaiko Labe Garaiak sortu zirenean are handiagoa izan zen aldaketa. Abeltzaintza ia erabat galdu zen”. Hala, gerezi ekoizpenak ere etxeko ekonomiaren makulu izateari utzi zion. Soldata egonkor bat zeukaten, fabrikatik ekarritakoa.
Baina bada gainbehera azaltzen duen beste faktore bat. XX. mende erdian zurgintzak indar itzela hartu zuen. Gereziondoen egurra estimatua da leiho eta ateak egiteko. Baina ekoizpen handiak bestelako arbolak eskatzen zituen. Hala, Bizkai osoan bezala, pinuek eta eukaliptoek bertoko espezieak ordezkatu zituzten. “Gerezien ekoizpenak sufritu zuen azken kolpea izan zen”.
Festarako aitzakia
Fruitu horrek ibarrean duen garrantziaren adierazle da XX. mende hasieran Gereziaren Eguna ospatzen hasi izana. “1936ko gerra piztu aurretik egiten zutela dakigu. Gudua hasteagaz batera, antolatzeari utzi zioten. Badakigu azoka bat egiten zela. Erromeria eguna izaten zen, dantzatzeko musika eta guzti. Baina ez zaigu datu gehiagorik iritsi, hura ezagutu zuenik ez baita bizi gaur egun”.
Dena den, Errekatxo eta Roke Deunaren Gereziak elkarteek jai hura berreskuratzea erabaki zuten joan den hamarkadan. Hala, ekaineko lehen zapatuan Gereziaren Eguna egiten dute, 2008tik. “Barakaldoko Udalari proposatu genion, onartu egin zuen, eta harrezkero, elkarlanean antolatzen dugu”, azaldu du.
Gerra aurretik bezala, azoka izaten da eguneko ekitaldi nagusia. “Eskualdeko baserritar eta eskulangileak gonbidatzen ditugu, euren produktuak erakustera eta saltzera etor daitezen. Gainera, baserriz baserri joaten gara, gereziak dituztenei eurak ere etor daitezela eskatzera. Azken batean, hori da produktu nagusia”. Horrez gain, herri kirol erakustaldia, harri-zulatzaile lehiaketa, dantza saioa, pilota partidak eta enparauak antolatzen dituzte.
Lehenago gehiago ziren arren, gaur egun bereziki hiru motatako gereziak dituzte. Eurek beltza, onza eta agirre deitzen dituzte. Eguraldiak esango du noizko egongo diren jateko prest. Haren arabera irteten dira loreak, eta baita fruituak heldu ere. Aurten, adibidez, udaberri hasiera leun eta epelak eragin du iaz baino goizago loratu izana. “Baina horrek badauka arriskurik. Denboralerik edo ekaitzik egonez gero, inetaziak loreak apurtu ditzake, eta fruitu gutxiago izango genuke. Gainera, euri asko izaten dugunean, txortenaren inguruan ura egoten da luzaroan, eta hortik, usteltzen hasten dira”.
Aspaldiko urteetan hori gertatu zaielako penatu da. “Azkenean, otzara bete edo asko jota bi baino ez dira egoten biltzeko moduan”. Datozen asteetako eguzki eta euriek erabakiko dute, bada, ekain hasieran Errekatxo inguruak zenbateraino gorrituko diren.