Ermuko hainbat bizilagun ez dago ados udalak oraintsu onartutako uraren tarifa berriagaz. Manifestazioan atera ziren kalera, atzo, protesta egiteko. Jose F. Cid tarifa berria kritikatzen duen taldeko kidea da.
Zelakoa espero zenuten izango zela udalak onartutako tarifa berria, eta zegaz topo egin duzue?
PSE-EEk eta PPk osatutako udal gobernuak sinetsarazi zigun uraren tarifa aldatzeak bide emango ziola etxean ura modu eraginkorragoan erabiltzeko ereduari, betiere gizartean ondorio larririk sortu gabe. Baina udalak ez du komunikazio kanpainarik egin etxean ura modu iraunkorrean erabiltzearen onurak azaltzeko. Gutxiago kontsumitzeko zein ohitura aldatu beharko liratekeen ere ez du azaldu. Kontsumo tarte batzuetan tarifak garestitu eta beste batzuetan merkatu besterik ez du egin.
Tarifa moldaketa horrek desoreka handia eragin du; batzuek gutxiago ordaintzen dugu —nik neuk, esaterako—, eta beste batzuek, askoz gehiago. Krisi ekonomikoa dugun garai honetan, arazo gehien dutenek sufritu dute kalte gehien. Horixe da sortutako gatazka sozialaren iturburua. Herritarrok haserre gaude. Eta tarifa sistema berriaren alde bozkatu zuten oposizioko alderdiek eta abstenitu zirenek kritikatu egiten dute, ondorioak ikusita.
Zertan datza tarifa berria?
Kontsumoan baino ez du jartzen arreta. Zenbat eta ur gehiago kontsumitu, gehiago ordaintzen da. Ez dute igo Ermuko familien egoera sozioekonomikoaren arabera.
Tarifa sistemak bidegabekeria bat ere badu: Ermuko hondakin urak ez dira arazten; zuzenean doaz kutsadura handia duen Ego ibaira. Hala ere, herritarrok estolderia tarifa garestiak ordaintzen ditugu, besteak beste, Eibarkoak baino garestiagoak, nahiz eta ur hondakinak arazten dituzten. Kontsumoa garestiagoa da, eta gauzatzen ez diren zerbitzuengatik ere beste herri batzuetan baino gehiago kobratzen dute. Beraz, gizarte gatazka soilik ez, ingurumen gatazka ere bada gurea.
Zer proposatzen duzue zuek?
Hasteko, uraren arrazoizko kontsumoa egitea eta lortu gura diren bestelako helburuetarako gizartea informatu eta heztea. Bestalde, tarifek sendi bakoitzaren egoera sozioekonomikoa ere kontuan hartu beharko lukete. Kontsumoaren araberako desberdintasunak egon behar du, bai, baina familiek horri aurre egiteko modua izan behar dute.
Uraren prezioa ondoko herrietakoen pare jartzeko ere eskatzen dugu. Eibarren eta Elgoibarren, esaterako, %20 gutxiago ordaintzen dute. Herriotan baino gehiago edo haiek beste ordaindu behar badugu, ur hondakinak araz ditzatela gura dugu, herri horietan egiten duten bezala.
Alkateak iragarri du Gipuzkoako Ur Partzuergoan parte hartzeko asmoa dutela, uraren kudeaketa eta arazketa zerbitzuetarako.
Parte hartu aditzak ez du askorik definitzen. Partzuergoan sartu egin beharko litzateke Ermua. Saneamendu eta arazte zerbitzuak barneratzen dituen organismo publiko horretako tarifak ezarri behar dira. Uraren fakturan, zaborren kudeaketa ere kobratzen digute. Zerbitzu hori Debabarreneko Mankomunitateak ematen du. Ermuan, ordea, Eibarren baino %8 garestiagoa da.
Uren udal zerbitzuaren pribatizazioa ere salatu duzue.
%100eko kudeaketa publikoa aldarrikatzen dugu. Azken urteetan, enpresa pribatu batek kudeatu du ura Ermuan.