Markaren sortzailea

Astelehenean agurtu zuten bilbotarrek Iñaki Azkuna, hamabost urtez Bizkaiko hiriburuko alkate izan dena. Aginte makila oraindik eskuan zuela hil zen joan den astean. Ordutik, han eta hemen haren agintaldi luzeak zer utzi duen gainbegiratu dute. Bilboren eraldatzailetzat jo dute gehienek. “Eraldaketaren aitatzat dute, baina proiektu nagusien datak begiratuz gero, bera iritsi orduko gehienak eginda zeudela ohartuko ginateke: Gu-ggenheim, Bilboko Metroa, Euskalduna jauregia, Bilboren Metropolia Eraberritzeko Plan Estrategikoa…”. Unai Fernandez de Betoño arkitektoak uste du, eraldatzailea barik, eraldaketa hori saldu zuena izan zela. “Azkunak, Bilboren eraldaketa estrukturala baino gehiago, itxuraldaketa bultzatu du”. Haren esanetan, udalean leial izan duen taldearen laguntzagaz, Bilbao marka sortzen ahalegindu da urteotan. “Marka hori nazioarteko merkatuan saldu dute; lehian sartu dira turistak eta atzerriko inbertsiogileak erakartzeko. Hori da Azkunak bere agintaldian egin duen gauzarik garrantzitsuena”. Josu Ortuondok aurretik hasitako bideari jarraitu ziola iruditzen zaio.

1999ko udal hauteskundeetan iritsi zen lehenengoz alkatetzara. Agintaldiz agintaldi, gero eta bilbotar gehiagoren babesa lortu du, eta 2011ko bozetan gehiengo osoa lortu zuen. Eta oposizioko boto- emaile askok ere estimutan izan dute. “Argi dago herriak maite duela. Bilbotarrakaz konektatzen asmatu du”, aitortu du Javier Muñoz Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko presidenteak. Bilbo “zoragarri” dagoela dio; eraldaketa “erabatekoa” izan dela. “1990eko hamarkadan, hiri gris eta industriala geneukan. Ia ez zen bizitzeko modukoa. Bilbotarrok ez ginen batere harro sentitzen gure hiriaz. Gaur egun, bisitari guztiak aho zabalik itzultzen dira etxera”.

Eraldaketa horrek dozenaka sari jaso ditu; baita Iñaki Azkunak berak ere, bultzatzaile modura. Bilbogaz egindakoa eredugarri da mundu osoko hirientzat. Fernandez de Betoño “izugarri” harritzen du horrek. “Nazioartekotzeak onura itzela ekarri dio Bilbori. Ekonomia suspertzeko ezinbestekoa izan da. Baina beste ondorio batzuk ere izan ditu. Botere ekonomiko txikia duten bilbotarrak hortik kanpo geratu dira”. Adibide modura, Bilbo Zaharra aipatu du. Iruditzen zaio hiriburuaren sorburua izandako auzoa bertako bizilagunengan izango zuen eragina kontuan hartu gabe zaharberritu zela. “Auzotar askok ihes egin behar izan dute, ezin izan diotelako aurre egin horrek eragin duen alokairuen gorakadari”. Gogora ekarri du Lan Ekintza enplegua eta ekonomia sustatzeko udalaren sozietateak arkitektura eta diseinu bulegoak bultzatu zituela. “Bilbo Zaharrean okindegi bat ipini nahi bazenuen, ez zenuen diru laguntzarik; baina arkitektura bulego bat irekitzeko, bai”.

Soho efektua sortu nahi zuten, Fernandez de Betoñoren ustetan. “New Yorkeko auzo horretara artistak erakarri zituzten, itxura bohemioa eta artistikoa emateko eta etxeen prezioak igotzeko. Dena den, ez dut uste jokaldia ondo atera zaienik. Oraindik ere ikusten dira ahalmen ekonomiko apaleko herritarrak inguru hartan”. Nazioartekotzera begira udalak erabaki “zuzenak” hartu zituela iruditzen zaio, baina “bertako bizilagunak kontuan hartzea ahaztu” zitzaiela uste du. “Berritu zitekeen beste era batera, auzotarrakaz are prozesu parte hartzaileagoa bultzatuz, eta, batez ere, ondo ikertuz hartuko ziren erabakiek izango zituzten ondorio sozioekonomikoak”.

Beste auzo batzuek zain jarraitzen dute. Muñozek bi erritmoko Bilbo aipatu du. Nazioartekotze horretan erdigunea “azkar-azkar” eraldatu dela iruditzen zaio, eta periferiako auzoak “atzetik” doazela. “Abandon, Indautxun, Deustuan, Abandoibarra inguruan parke eta plaza itzelak daude. Mundu mailako arkitekto onenek egindako eraikinak. Lorategietako belarra beti dago ondo moztuta. Bazter guztiak garbi-garbi daude. Turistak liluratuta geratzen dira. Baina kanpoko aldeetako auzoek ez dute zerikusirik horregaz”.

Gehienak 1970eko hamarkadan sortu zirela ekarri du gogora, Gaztela, Galizia eta Extremaduratik etorritako immigrazioaren ondorioz. “Batere ordenarik barik eraiki zen, jende hark bizitzeko lekua behar zuelako. Hamarkada askotan gutxieneko azpiegiturak eta baliabideak ere ez dituzte izan. Azken urteetan hori aldatu da, asko, eta onerako. Osasun, hezkuntza, kultur eta kirol arloko zerbitzuak bermatu dira. Baina oraindik dezente dago hobetzeko”. Auzo garai guztiek komunikazio arazoak dituztela esan du. Zorrotzaurre ere gogoan hartu du. “Operazio urbanistiko handia egin gura dute. Penintsula dena gero irla izango da. Etxebizitzak eta dorreak eraikiko dituzte. Eta, hori egin bitartean, hango bizilagunez ahaztu dira”. Gaineratu du ez dutela ia mantentze lanik egiten, laster obretan hasiko diren aitzakian. “Auzo bakoitzean Gu-ggenheim txiki bat gura dugula esan zigun behin, txantxetan. Hori ere ez da!”.

Fernandez de Betoño ere bat dator. Alkatea auzo batzuez besteez baino gehiago gogoratu dela iruditzen zaio. “Egia da Bilbo ez dela zorpetu Azkunaren garaian. Azkenaldian berak iragarri zuen Deustuko kanala irekitzeko mailegua eskatuko dutela. Baina nik esango nuke udala ez dela zorpetu Bilbao Ria 2000 sozietateak hura alkatetzara iritsi baino lehen martxan jarritako mekanismo bati esker”. 1992an sortu zen sozietate publikoa da, hainbat erakunderen ekimenez. Metropolia eraldatzea zuen helburu. Kide nagusia Espainiako Gobernua zen. Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta itsasadarreko udalak ziren gainontzeko bazkideak. “Ametzolako trikimailua erabili dute Abandoibarran. Lursail handi batzuk zeuden. Kasu hartan, Renfe eta Feverenak ziren. Inguru horri kalifikazioa aldatu zioten: lehenago, industriarako eta komunikaziorako erabilera zuen, eta etxebizitzak eraikitzeko baimena eman zitzaion. Horri esker gainbalioak sortu ziren, eta diru horregaz autofinantzatzen ziren operazio erraldoi horiek”.

Azkuna “oso inteligentea” izan dela nabarmendu du arkitektoak: “Bilboren irudia eta berea oso ondo zaintzen asmatu du. Alkate izan den urteetan inoiz ez bezala egin da berba Bilbori buruz mundu osoan. Eta hori ona da. Hori aitortu behar zaio. Baina apur bat kritikatu behar da euskararen eta euskaldunon presentzia nazioartekotze horretan”. Joan den astean Avignongo Foruma egin zela ekarri du gogora. Kulturaren laguntzaz egindako hirien eraberritzeaz hausnartzen duen urteroko topaketa da. Estreinakoz egin da Bilbon. “Tokiko kulturaren garrantzia nabarmendu zuten, eta bitxia da hizlari bakar bat ere ez zela izan euskalduna”.

Mundu mailan ekonomiaren suspertzea hiriekaz lotzeko joera nabarmen zabaldu dela azpimarratu du Fernandez de Betoñok. “Hogei urte barru munduko biztanleriaren bi heren hirietan biziko gara. Hiriak merkantilizatu egin dira. Eta Azkunak horri aurrea hartu dio”. Hirugarren eta laugarren sektoreak bultzatu ditu, lehenengoaren eta bigarrenaren kaltetan: hau da, zerbitzuen eta ezagutzaren aldeko apustua egin du. “Sektore produktiboak eskematik kanpo geratu dira. Errekaldeberrin eta Uribarrin tailer asko daude, eta ez zaie konponbide duin bat aurkitu. 1994ko plan orokorrak Boluetan tailerrak aurreikusi zituen, baina lursail horien kalifikazioa aldatu dute etxebizitzak eraikitzeko”. Haren esanetan, ekonomian, oro har, joera hori egon da. Azkunaren ekarpena ezagutza eta ikerketa nabarmen bultzatzea izan da. “Hori oso ondo dago; garrantzitsua da, ezinbestekoa. Baina ekonomia ezin duzu horretara mugatu. Lehen eta bigarren sektorea ere beharrezkoak dira. Bilbon zaila izan arren, saioak egin zitezkeen lehen sektorean”.

Muñozek beste “kaltetu” batzuk aipatu ditu. “Azkuna oso ondo konpondu da adineko jendeagaz. Egundoko hartu-emana izan du eurekaz. Hiria adinekoentzako lokalez beteta dago. Udalean harrera mordoa egin die. Ohikoa zen eurekaz ikustea, baita dantzan ere. Hori oso ondo dago. Eskertu eta aitortu behar zaion lana da. Baina, bestalde, gazteak albo batera utzi dituela esango nuke. Ez die astialdirako aukerarik eskaini; ez du gazteentzat propio azpiegiturarik egin, eta azkenean lonjak alokatu beste irtenbiderik ez dute izan”.

Azkuna zenak, oro har, oreka handiagoa behar izan duela uste dute Muñozek eta Fernandez de Betoñok: nazioartea, erdigunea eta adinekoak mimoz hartu ditu; etxeko ahulenak, periferia eta gazteak, ez hainbeste.