Gaur eguerdian izendatuko dute Ibon Areso alkate

Gaur, 12:00etan egingo dute Ibon Areso alkate izendatzeko osoko bilkura. Orain arte izan dituen karguak utziko ditu. Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzi, lehen alkateorde eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko presidentea izan da.

Duela 23 urte iritsi zen udalera, zinegotzi legez. Arkitektoa da lanbidez, eta hiriburuak izan duen eraldaketaren sustatzaile nagusienetakotzat jo izan dute. Aurreko agintaldia bukatutakoan, politika albo batera uztea erabaki zuen. Baina Iñaki Azkunak azken aldiz beragaz aurkezteko konbentzitu zuen. Ordutik, hainbatetan egokitu zaio alkate lanak egitea, gaixoaldian hura ordezkatu duelako.

Lehen alkateordea Igone Bengoetxea izango da. Eta Jose Luis Sabasek hartuko du bigarren alkateordetza. Hirigintza eta Etxebizitza Arloan, Eduardo Maizek ordezkatuko du Areso. Maizek gidatu duen Gizarte Ekintza Arloa, berriz, Juan Felix Madariagak hartuko du. Eider Jauregi izango da zinegotzi berria, Azkunak sortutako hutsunea beteko duena.

Era berean, gaur onartuko dute osoko bilkurak aurrerantzean 09:00etan hastea eta batzordeak irekiak izatea.