Nahasita dago giroa Bakion. Txakolingunearen irekierak eztabaida piztu du herrian. Txakolingunea bezalako proiektuak herritarrek dituzten beharrizanen gainetik jartzen dituztela salatu dute askok. Horren erakusle da azken asteetan herrian zabaldu den leloa: Kiroldegi publikoa Txakolindegiaren truke. Bestalde, txakolinaren museoa izan behar duenak ere ez du Bakioko txakolingile garrantzitsuenen babesik jaso.
2011ko irailaren 30etik itxita dago herriko kiroldegia. Mantentze baliabide faltagatik itxi zuten. Hala argudiatu zuen Bakioko Udalak hartutako erabakia orduan. Baina berriz zabaltzeko asmoa dute orain, eta kudeatzaile izateko lehiaketa publikoa ireki zuen udalak horretarako. Enpresa bakarrak aurkeztu zuen proiektua lehiaketara: Guedanek. Hortaz, horri ematea adosteko ohiz kanpoko osoko bilkurara deitu zuen martxoaren 13rako. Oposizioak salatu du itxi aurretik ere enpresa horren ardura zela kiroldegia kudeatzea.
Hainbat herritar, ordea, ez daude ados udalak hartutako erabakiarekin. Kiroldegiaren kudeaketa enpresa pribatuaren esku uzteak horren erabileraren inguruko baldintzak aldatzea ekarriko duelako. Adierazi dute goizez kirol prestakuntzarako zentro bat irekitzea dela kiroldegia kudeatuko duen enpresaren lehentasuna. Eta, hortaz, ohiko kiroldegia erabiltzaile arruntena izan ohi den hori beste zerbait izango da aurrerantzean. Arratsaldez soilik erabili ahal izango dute herritarrek, eta erabiltzeko urtean ordaindu beharreko kuota “oso garestia” izango dela diote.
Guedan enpresak egindako kudeaketa proposamenean, 401,5 euro ordaindu behar izango du batez beste herritar bakoitzak urteko. Adingabeek eta helduek kuota merkeagoa izango lukete: 16 urtetik beherakoek, 198 euro; 65 urtetik gorakoek, berriz, 269 euro. Kopuruak herritarrak asaldatu ditu. “Pentsatu lau pertsonako familia batean zer-nolako gastua ekarriko duen. Izugarria da urtean 1.600 euro ordaindu behar izatea kiroldegira joan ahal izateko. Eta, gainera, arratsaldez joateko aukera dago soilik”, adierazi du Amets Jauregizar EH Bilduko Bakioko zinegotziak.
EH Bilduk ez du udalak hartutako erabakiarekin bat egin. Eta beharrezkoa ikusten du herritarren artean kiroldegiaren proiektuaren inguruko iritzia jasotzeko parte hartze prozesua abiatzea: “Argi dugu enpresak aurkeztutako proiektu horrek goitik behera aldatzen dituela kiroldegiaren baldintzak”.
Kiroldegia eta Txakolingunea
Kiroldegiaren tirabirak Txakolingunearekiko mesfidantza zabaldu du herrian. “Nola da posible udalak dirurik ez dagoela esatea kiroldegirako, eta, gerora, dirutza ematea horrelako museoa zabaltzeko?”. Ez daude Txakolingunearen proiektuaren aurka. Baina horren eraikuntzan udalak erabilitako prozedura salatu dute. Argi diote herritarren beharrei erantzutea izan beharko litzatekeela udalaren lehentasuna eta ez Txakolingunea irekitzea.
Salaketa gisa, San Jose jaietako ospakizunetan kirolariz mozorrotuta atera zen kalera herritar talde bat. Eta Txakolingunearen irekiera egunean ere, txistuka hartu zituzten agintariak. Bakioko alkateak, ordea, Txakolingunea eta kiroldegia ez direla nahastu behar adierazi zuen: “Proiektu ezberdinak dira, eta ez dute elkarrekin zer ikusirik. Hortaz, ez dira elkar lotu behar”.
Hainbat herritar ez ezik, txakolingile batzuk ere haserre daude. Bakioko lau ekoizlek salatu dute txakolina bestelako helburu batzuetarako erabiltzen ari direla Txakolingunearekin. Eta herrian dagoen egoerarekin horrelako proiektua martxan jartzea ez zaie egokia iruditzen. “Bakioko txakolina historia da, kultura da, eta, batzuentzat, ogibidea”, ohartarazi zuten inaugurazio egunean. Txakolingunean hori guztia ez dutela kontuan hartu uste dute: “Arduradunei hausnarketa sakona egiteko eskatzen dizuegu”. Txakolinaren museoak bada, ez du herriko hiru txakolingileren babesa lortu. Ados Txakolina, Doniene Gorrondona Txakolina eta Zabala Txakolina upategiak izan dira adierazpena sinatu dutenak.
Besterik ere agertu da haserre Txakolingunearen auzian. Elena Perez eta Elena Castaño interpretazio zentroan dauden hainbat piezaren egileak dira. Ikusgai daude museoan. Baina oraindik ez dute lan hori egiteagatik kobratu: “Ez digute gure lanengatik ordaindu, hortaz, gureak dira oraindik. Erakusgai egoteak jabego intelektualaren eskubidearen urraketa egitea da”, salatu du Pereak.
Ordaindu bitartean lanak Txakolingunetik kentzeko eskaria egin diote alkateari. Baina ez dituzte kendu. “Udalak proiektu osoa ordaindua du, legez”, adierazi zuen Apraiz alkateak. Udalak aldi baterako enpresa talde bati eman zion Txakolingunea eraikitzeko obra, eta baita horrek sortutako kostuak ordaindu ere. Enpresa talde horrek dauka zorra museoan ikusgai dauden piezak egin dituzten bi sortzaileekin. Hori horrela, egoera hori enpresa barruko gatazken ondorio dela ohartarazi du alkateak. “Horretan udalak ezer gutxi egin dezake”. Euren artean konpondu beharrekoa dela iruditzen zaio.