Ainhoa Larrabe Arnaiz
Zazpi bizitza omen dituzte katuek; hala dio esaerak, behintzat. Eta bizitza horiek gainditu ditu 7Katu gaztetxeak ere. Bilboko Zazpikaleetan jarraitzen du, Solokoetxeko eskaileretan, hamar urteren ondoren. Marruka eta miauka, eroriz eta altxatuz. Lautan hustu dute eraikina, baina ateak zabaldu dizkiote gazteek behin eta berriz. Sortu zenetik aritu da gaztetxea “zirikatzen, auzoa eraldatzen, alternatibak eraikitzen, errebelde eta inkonformista izaten”, eta hala jarraituko dute aurrerantzean ere, “poztasunean, tristuran, gaiztakerian edo ontasunean, maitasunean edo gorrotoan, okupazioan edo erresistentzian”. Bete duen hamarkada ospatzeko, aste osoko egitaraua prestatu dute, Marru edo miau, borrokak badirau lelopean. Datorren astelehenean hasiko dituzte ospakizun ekitaldiak.
Sortu zenetik, Zazpikaleak eraberritu eta auzoari alternatiba kultural eta politikoa eskaintzeko helburua du 7Katuk. Hala iritsi ziren Solokoetxeko eskaileretako eraikinera, duela hamar urte. Eraikin hutsa zena edukiz bete dute gazteek ordutik. Bilboko auzoa eraldatzeko hazia da gaztetxea, Iñaki Etxarri batzordeko kidearen arabera. “Auzoa bere osotasunean iraultzea zaila da. Baina gazteen esparruan arnasgunea da 7Katu: biltoki bat bestelako bizi eredua izan nahi duten herritarrentzat, eta espazio bat herri proiektuak gauzatu nahi dituztenentzat”. Dioenez, Bilboko Udalak erakusleiho bihurtu nahi du auzoa; turismoa erakartzeko gune. Eta 7Katun ez datoz bat hiri eredu horrekin. Horregatik, alternatibetarako espazioa da gaztetxea, Etxarriren iritziz; bestelako Bilbo bat eraiki eta arnasten hasteko birika bat.
Kolorea eman nahi diote Bilbori gaztetxeko kideek. “Kalean dena zen grisa, titaniozko kaosa, pobreziaren baldosa […] Hamar urtean kolorez pintatzen gazte ametsa, uniformetasun beltza, gorriz, berdez, horiz, morez”. Hala diote Oihana Bartra bertsolari bilbotarrak 7Katu gaztetxearen 10. urtemugarako beren-beregi sortu duen abestiaren hitzek. Akats taldeak jarri die musika hitzei, La Basu eta Raperos de Emaus taldeko Ritxe abeslariekin batera. Elkarlanean egin dute abestia sortzeko lana, eta filosofia berarekin osatu dute bideoklipa ere: auzoko bizilagunak, dendariak, tabernariak eta hiriburuko hainbat kolektibotako kideak elkartu dituzte orain arteko ibilbidea goraipatzeko sortu duten bideoklipean.
Urte osoan gaztetxeak duen jarduna irudikatu dute 10. urteurrenerako prestatu duten zazpi eguneko programan. Hala azaldu du Etxarrik. “Lau ardatz nagusi ditu gaztetxearen jardunak. Herri mugimenduaren elkargunea da, batetik. Formaziorako aukera ere eskaintzen du; gehienbat, gazteen arazoekin zerikusia duten gaiei dagokienean. Eskaintza kulturala eta alternatiboa ere badu; hau da, beste toki batzuetan ikusten ez diren lanak ezagutarazteko espazioa da. Eta urte osoko tailerrak ere badaude: bertso eskola eta txalaparta saioa, kasurako”. Halako itxura du hilaren 23tik aurrera garatuko duten ospakizun programak. Solasaldiak, tailerrak eta, nola ez, ospakizun ekintzak uztartuko dituzte hurrengo asteko igandera bitarte.
Itzal luzeko mugimendua
Hamarkada bat beteko du 7Katu gaztetxeak. Baina hamar urte gainditzen dituen historia du Zazpikaleetako okupazio mugimenduak. Eta, besteak beste, horren emaitza ere bada gaur egun Solokoetxeko eskaileretan dagoen gaztetxea, Etxarriren ustez. 1992an indarrez itxi zuten Banco de España kaleko gaztetxea ekarri du gogora 7Katuko kideak. Mugarria izan zen ordukoa. Baina, hustu ondoren, urte luzetako beheraldia izan zuen auzoko okupazio mugimenduak.
2005. urtean piztu zen berriz ere gaztetxearen aldeko dinamika. Gazteen aisialdia eta auzoko bizitza aldatuko zuen lokalaren beharraz arduratu zen Bilboko Alde Zaharreko Gazte Asanblada sortu, eta 7Katu I izango zena okupatu zuten Unamuno plazako geltokian. Lau egunera bota zituzten handik. Baina berehala erantzun zioten itxiera hari, 7Katu II gaztetxea ireki baitzuten gazteek Unamumo plazan BBK-k egoitza duen eraikinean; hamabi egunen buruan bidali zituzten.
Okupazioaren hazia landatuta zegoen, ordea. Eta lanean jarraitu zuten auzoko gazteak. “Gaztetxearen beharra mahai gainean jartzea lortu zen bi kasuekin, eta arrasto sakona utzi zuen herritarrengan”. 2007ko urtarrilaren 13an okupatu zuten Solokoetxeko eskaileretako eraikina; gaur egungo 7Katu gaztetxea dena, alegia. Ateak ireki eta lehen lau urteetan, lautan hustu dute 7Katu. Baina auzoko gazteek ateak ireki dizkiote aldiro.
Lanean jarraitzeko
Duela hiru urte izan zuten azken arazoa. Bilboko Udalak ez zuen gaztetxeko kideekin hartu-emanik izan nahi, eta 7Katu dagoen eraikinaren jabeekin negoziazio prozesu batean sartu ziren gazteak. Jabeek ez zuten inolako akordiorik erdietsi nahi izan, ustez, Bilboko Udaleko ezkutuko presioek eraginda. “Eraikinaren jabea pribatua bada ere, arazoa ez da eremu horretara mugatu behar. Gure eskaera udaletxeari begirakoa da; jakitun izan behar da auzoko gazteen errealitate eta beharraz. Eta jakin beharko luke 7Katu bezalako espazio batek zer toki betetzen duen hiriburuan”.
Erresistentzian jarraitzeko biderik onena beren bide propioa urratzen jarraitzea da, Etxarriren arabera. Eta hala egin dute azken urteetan. “Gaztetxearen alde egin dezakegun gauzarik onena gure proiektua garatu eta indartzea da. Eta horretan gabiltza gaur egun ere”.
Egitaraua
Hilaren 23tik 29ra bitarte ekitaldiak antolatu dituzte Bilbon, 7Katu gaztetxeko 10. urteurrena ospatzeko. Datorren larunbatean egingo dute ospakizun nagusia. Informazioa www.7katugaztetxea.com webgunean dago.
Urtarrilaren 23a, astelehena
18:00. Solasaldia. Bilboko Zazpikaleetako ikuspegi kritikoa eta okupazioa lantzeko saioa.
Urtarrilaren 24a, asteartea
18:30. Dantza tailerra. Munduko dantzak lantzeko ekitaldia.
Urtarrilaren 25a, asteazkena
18:30. Mahai ingurua. Gazteak eta sorkuntzari buruzko topaketa 7Katun.
Urtarrilaren 26a, osteguna
20:00. Kontzertuak. Gari eta Koban musika taldeak, gaztetxean.
Urtarrilaren 27a, ostirala
17:00. Haur jolasak. Plaza Barrian.
18:30. Gazte ginkana. Zazpikaleetan zehar.
21:00. Kontzertuak. Skabidean, Euskaltalites eta K-Billy taldeak.
Urtarrilaren 28a, larunbata
12:00. Irrien Lagunak. Kantu eta dantza emanaldi parte-hartzailea, Zumarraga plazan.
13:30. Argazki erraldoia. Gaztetxe plazan.
14:30. Herri bazkaria. Paella erraldoia.
17:00. Elektrotxaranga. Fabe de Fuka taldearekin.
19:00. Kontzertuak. Egurra eta Kitto, Tremenda Jauria eta Bad Sound System taldeak. Aneguria, La Basu eta Fermin Muguruza ere gonbidatu dituzte.
Urtarrilaren 29a, igandea
18:30. Bertso saioa. Oihana Bartra, Igor Elortza, Agin Laburu eta Maialen Lujanbio.