Mendekotasuna duten 60 urtetik gorako senideak zaintzen dituzten pertsonentzako atseden programa Bilbora zabaldu berri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Orain arte Durangoko eguneko zentroan baino ez zegoen martxan, proba modura. Han arrakastatsua izan zela ikusita, Txurdinagabarri zentroan ere eskaintzen hasi dira. Helburua da etorkizunean sistema hori Bizkai osora zabaltzea, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak azaldu duenez.
Joan den zapatuan ekin zioten zerbitzuari Bilbon. Oraingoz, atseden programaren barruan parte hartzeko 55 leku daude: 25 Durangon eta 30 Txurdinagan. Durangoko egoitzaren kasuan, plaza horietako hogei iraunkorrak dira —zapaturo edo domekaro doazenentzako— ; gainerako bostak, aldian behin joan gura duten adinekoentzat gordeta daude. Txurdinagako egoitzan 25 dira iraunkorrak eta gainerako bostak aldian behingoak.
Durangoko esperientzia joan den udazkenean jarri zuten martxan. Azkenaldian gizarteko hainbat alorretan aldaketa ugari gertatu direla azaldu du Pilar Ardanza Gizarte Ekintza diputatuak. Hain zuzen, lehenago adineko guztiek zaharren egoitzetara joan gura zutela ekarri du gogora. Egun, ordea, nahiago dute ahalik eta denbora luzeenean etxean geratzea; bakarrik zein familiagaz batera.
Familiaren egunerokotasunean ere aldaketa nabarmenak gertatu dira. “Gero eta zailagoa da familia eta lan arloko bizitzak uztartzea. Horrez gain, gero eta ugariagoa da 65 urtetik gorako populazioa”.
Aldagai horiek guztiak kontuan hartuta jarri zuten abian zaintzaileentzako atseden programa. Izan ere, mendekotasuna duen adineko baten zaintzaile izatea “oso lotua” da: urtean 365 eguneko lana da, egunean 24 ordukoa. Oporrik hartzeko aukerarik ematen ez duen betebeharra da, gainera. “Astean behin, ordu batzuetan adinekoa egoitza horietako batera eraman ahal izateak arnasa apur bat hartzeko eta gainerakoan egin ezin ditzaketen gauzak egiteko tartea eskaintzen die zaintzaileei”.
Eguneko zentro hauetan hainbat jarduera egiteko aukera daukate adinekoek. Besteak beste, gimnasia, gorputza berreztea zein estimulazio kognitiboa lantzen dituzte. Autobus txiki batek jasotzen ditu goizean goiz etxeko atarian, eta arratsaldearen erdi aldera eramaten dituzte bueltan. Adin bereko lagunak egitea ere ahalbidetzen die zerbitzu horrek.
2013 bukaeran 1.329 erabiltzaile zituzten Bizkaiko eguneko zentroek. Urte osoari dagokionez, 1.811 pertsonari eman zieten arreta. Iaz, 1.021 lagunek aurkeztu zituzten zentro horietan sartzeko eskaerak.