Oihana Cabello
Susan Wojcicki , Steve Jobs, Bill Gates, Sheryl Sandberg, Mark Zuckerberg, Ginni Rometty… Izen ezagunak, baina batzuk besteak baino ezagunagoak. Zientzia eta teknologiaren munduan emakumeek gero eta leku gutxiago dute, eta, horrekin kezkatuta, proiektu berritzailea garatu dute Deustuko Unibertsitateak eta Elhuyar fundazioak: Inspira Steam. Zientzia eta teknologia ardatz hartuta, ingeniaritza, artea eta matematika ere landu dituzte. Innobasqueren eta Espainiako Gobernuaren menpekoa den Zientzia eta Teknologiarako Fundazioaren laguntza izan dute, eta egin dituzte lehenengo tailerrak.
Bilbo eta inguruetako ikastetxeetan, Basaurin, Iurretan, Loiun eta Gernikan egin dituzte lehen saioak. Gernika BHIn abenduan amaitu zuten tailerra, eta balorazio ona egin du tailer horren arduradun eta dinamizatzaile Zaloa Campillo gernikarrak. Ingeniaria da, telekomunikazio eta industria arloetako espezializatua. Gaur egun, Euskal Herriko telekomunikazio ingeniarien elkargoko kudeatzailea da.
Campilloren esanetan, ume eta gazteek zientzia eta teknologia nola ikusten eta ikasten duten aztertu nahi dute, eta, bide batez, ikasleak zientziara hurbildu. “Ingeniaritza eskolan, Deustuko Unibertsitatean, ikasle kopuruak behera egin du, eta neskak gero eta gutxiago dira. Gaur egun, ikasleen %20 edo %10 dira”, zehaztu du Campillok.
Beraz, ikastetxeetan eman dituzten tailerrek helburu zehatz bat dutela azaldu du gernikarrak: “Gazteek, eta gazteen artean neskek, erreferente modura erabil dezaketen norbait izatea; eta haien ingurukoa balitz, hobeto”. Hartara, zientzian edo teknologian ari den emakumezko baten erreferentzia izanda, haren pausoei jarrai diezaieketela dio Campillok. “Horregatik, tailer denetako dinamizatzaileak emakumezkoak gara”.
Kontzientzia hartu
Gernika-Lumoko institutuko ikasleekin kasu errealak eta praktikoak landu dituzte tailerrak izan dituen zazpi saioetan. Campillok dioenez, “gauza onak eta txarrak azaldu dizkiegu parte hartu duten hogei ikasleei”. Hala, emakume zientzialariek egunerokoa nola bizi duten, lana bilatzeko orduan zer-nolako trabak eta zailtasunak izaten dituzten, edota lanean zer desberdintasun pairatu behar dituzten ere argi eta garbi azaldu dute tailerretan. “Kontzientzia hartu behar dute, etorkizunean egoera horiei nola aurre egin ikasteko”, adierazi du tailerraren dinamizatzaileak; “horregatik, garrantzitsua iruditu zaigu mutilek ere saioren batean parte hartzea”.
Neskak teknologiaren mundura hurbiltzea du xede proiektuak, baina mundu horren ezagutza kontzientea izanda. Campilloren hitzetan, jakin behar dute titulazio horiek beraientzat ere badirela, ikasteko gai direla, eta mutilen eskubide berberak dituztela.
Irtenbide ugari
Arlo horretan lana badago emakumeentzat, baina sarritan ikasleek ez dituzte ezagutzen zientzia eta teknologiako ikasketek ematen dituzten irtenbideak. “Ordenagailuak konpontzetik harago doa gure lana. Informatika ingeniariek gaur egun hainbat arlotan lan egiten dute. Esate baterako, sakelako telefonoetarako aplikazioak diseinatzen. Telekomunikazioan adituak diren ingeniariak, bestalde, kriminologoak izan daitezke, telefonoetako datuak berreskuratzen edo aztertzen. Gainera, robotika, elektronika eta komunikazioa ere menperatzen dutenez, hainbat arlo dituzte zabalik: medikuntzarena, esaterako. Mediku batek Gurutzetako ospitaletik Los Angelesen —AEBetan— egingo duten ebakuntza bat gidatu behar badu, ingeniari batek bitartekoak jar ditzake hori posible egiteko. Edo ebakuntza mota batzuk egiteko robotak asma ditzake”.
Bizkaian eta Gipuzkoan garatu dute proiektua ikasturte honetan. Hamabi ikastetxetan aritu dira lanean, eta horietan, denetara, hemeretzi talde sortu dituzte.