Iraupen luzeko langabeak eta gazteak, erronka

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako Sailak 17,5 milioi euro inbertituko ditu aurten, Enplegua Sustatzeko 2012-2015eko Planaren barruan. Imanol Pradales diputatuaren esanetan, aurtengo berrikuntza programa berezi bi izango dira: iraupen luzeko langabeena eta kontratu mugagabeak lortu ezinik dabiltzan gazteena. 2014a bukatzerako urtebete baino gehiago enplegua aurkitu ezinik ibili diren 2.400 gizon-emakumeri lana ematea eta 1.325 gazteren kontratazio egoera hobetzea aurreikusi dute.

Pradales: “Aitortzen dut helburuak handinahiak direla, baina egungo egoera ekonomikoak eskatzen ditu”. Planaren aurtengo aurrekontua 2013koa baino %28,7 handiagoa izango da. 17,5 milioi horietatik 12,5 enplegurako izango dira; beste bostak talentua sustatzeko.

Lan Berri ipini diote izena 12 hilabetetik gora langabe dabiltzanei laguntzeko programari. 1,12 milioi euro izango ditu. Diskriminazio positiboa egingo dute 45 urtetik gora dituzten gizon-emakumeekin. “Gaizki pasatzen ari den kolektiboa da, eta itzelezko zailtasunak dituzte lan merkatura itzultzeko. Lagundu egin behar diegu”. Foru diputatuaren esanetan, krisia hasi zenean behin-behineko enplegua suntsitu zen, baina 2012. eta 2013. urteetan industria sektoreko lanpostu mugagabeak desagertu dira. Horregatik, azken horiei begirako programa osatu dute.

Gutxienez sei hilabeteko iraupena duten kontratuak eta lanaldi erdikoak izango direnak lagunduko ditu. Soldata gordinaren %30 eta %50 artean ordainduko du foru aldundiak, gehienez urtebetez. Gainera, beharrean hasi aurretik prestakuntza ikastaroak ordainduko zaizkie mila eurorekin; gehienez 50 ordukoak.

Beste 1,12 milioi euro izango ditu gazteen kontratazioa egonkortzeko programak. 30 urte artekoentzat da. Sei edo hamabi hilabeteko praktika kontratuak mugagabe bihurtzea da xedea. 2013ko azaroaren 1etik 2014ko urriaren 31ra bitartean hasitako kontratuak lagunduko dira. Gaztearen urteko soldata gordinaren %30 arte ordainduko du foru aldundiak; 90.000 euro jaso ahal izango ditu enpresa bakoitzak, eta 9.000 euro kontratu bakoitzeko.

Eskualdeetan ekonomia suspertzeko eta enplegua sustatzeko plan berezietarako 1,5 milioi erabiliko dira. Gazteen autoenplegu programa ere jasotzen du planak. Proiektu bakoitza 4.000 eurorekin lagunduko dute. Andreen eta bazterketa arriskuan daudenen kasuan, kopuru hori handitu egin hala izango da, gainera.

Interesa dutenek dagoeneko eska ditzakete autoenplegurako diru laguntzak. Gainontzeko programetarako epea, berriz, martxoaren 15ean zabalduko da, eta urriaren 31ra bitartean egongo da eskaera egiteko aukera.