Natalia Salazar Orbe
Iaz adinako oihartzunik izan ez badute ere, aurten ere izan dira hainbat etxe kaleratze: hainbat familia atera dituzte etxetik alokairua edo hipoteka ordaintzerik izan ez dutelako. “Kaleratze isil” gisa deskribatu ditu Kaleratzerik Ez plataformak, eta errealitate gordina utzi du agerian: “Egunero gertatzen dira, baina horietako asko ez dira iritzi publikora iristen, kaltea jasandako familiek lotsa, etsipena eta instituzioen babes eskasa sentitzen dutelako halako egoerak jasaten dituztenean”.
Aurten izan diren kaleratzeei buruzko datu zehatzik ematerik ez dute izan. Izan ere, euren plataformara jotzen duten familien berri besterik ez dute. “Hori errealitatearen parterik txikiena besterik ez da, ordea”. Hala ere, bertako kide Adolfo Gomezek batez beste hilean izan ohi diren kaleratzeen zenbatekoa eman zuen aurreko elkarrizketa batean: “100-110 etxe kaleratze inguru izaten dira, hilero-hilero, Bizkaian. Egoera ez da aldatu”.
Baliabide gutxi
Bizkaia etxe kaleratzerik gabeko lurralde izendatu zuten Batzar Nagusiek iaz. Itxaropentsu azaldu zen plataforma hasieran, baina, urtebeteko ibilbidearen ostean, arazoa konpontzeko baliabiderik ez duela jarri sinetsita daude: “Egoera ez du aldatu, oraingoz, bederen. Beste eslogan baten itxura hartzen diogu, besterik ez. Gizarteak erakundeen benetako konpromiso gisa antzeman badu ere, praktikan, mezu irreal bat besterik ez da”.
Hala ere, izendapen hark jasotako konpromiso batzuk betetzen hasi dira. Besteak beste, etxe hutsen errolda egitea zen horietako bat. Bilboko Udalak hasi du lan hori. Legeak ez duenez etxe hutsen definizioa zehazten, ordea, kopuruetan ez datoz bat udala eta eragileak. Zenbat etxe huts eta non dauden jakinda, etxerik gabe daudenentzat bideratzea erraz dezakeela sinetsita azaldu zen Gomez.
Kasu zehatzak
Kopuruak kopuru, izen-abizenak dituzten norbanakoak eta familiak daude etxe kaleratze bakoitzaren atzean. Irailean andre bat eta haren alaba etxegabetu zituzten Basaurin, alokairua ez ordaintzeagatik.
Bestalde, entzute handia izan zuen Trapagarango fabrika abandonatu batean ia urtebete egin zuen bikotearen kasuak. Hara iritsi orduko, hilabete eman zuten parkean. Urik eta argindarrik gabe bizi ziren, zaborrez betetako eraikin bat okupatuta. Batzar Nagusietan eman zuten haien egoeraren berri. Alokabideren etxebizitza huts batean zeudela azaldu zuten, baina bide gogorra egin behar izan zuten horra iristeko. Lanik eta baliabiderik gabe zeuden, gainera. Veronica Alcaldek eskaera bat egin zuen: “Soluzioek sistematikoak izan behar dute. Euskal Herriko familia gehiegi gaude prekaritate egoera iraunkor batean. Gurea beste kasu bat da. Euskal Herria ez da ideala”.