Eztabaidaren lehen jokaldia

Hautsak harrotu ditu 2020an Europako Kopa San Mamesen jokatzeko aukera iragarri izanak. Bateko eta besteko erreakzioak eragin ditu. Oro har, denak daude partidak futbolaren katedralean jokatzearen alde. Baina eztabaida bestelakoa da: bertan etxeko selekzioa zein izango den, euskal selekzioa ala Espainiakoa.

Radio Euskadin egin zituen adierazpenak Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak. 2020ko Eurokopan Espainiako selekzioa Bilbon jokatzeko baldintzarik ez dagoela uste du. Eta euskal selekzioaren aurka “bisitari gisa” ez bada, ez da Espainiako taldea San Mamesera etortzearen aldekoa. “Horrek eragiten baldin badu San Mames ez izatea Eurokoparen egoitza, ez dadila izan”. Bilbaoren adierazpenei erantzunez, jarraian atera zen Esther Martinez, PPk Bizkaiko Batzar Nagusietan duen bozeramailea. Bilbaoren hitzak salatu, eta diputatu nagusi gisa Bizkaiaren interesen alde jokatzea dagokiola adierazi zuen: “Gai da talde gorria San Mamesen ez ikusteagatik milioika euro galtzen uzteko”. Espainiarekin duen “obsesioa” begiratzeko eskatu zion Bibaori. “Futbol zelaiari ezin zaizkio ateak jarri”.

“Eurokopa Bilbon jokatzea ona da hiriarentzat, datorren selekzioa datorrela ere”. Hala adierazi du Radio Bilbaon Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. “Guk ez dugu egin behar jokatzen duten taldeen zerrendarik; hori federazioen lana da”. Nabarmendu du Eurokopa Bilbon jokatzeak hotel eta jatetxeak beteko lituzkeela. UEFAko agintaritzan dauden poloniarrek egindako txosten baten arabera, hiriburuan “30 milioi euroko eragin ekonomikoa” izango luke lehiaketak. Alkatearen hitzak salatu zituen Asier Gomezek, Gazte Abertzaleak taldeko Bilboko koordinatzaileak: “Akordio zabalak eskatzen dituen garai berria bere gain hartu ezin badu, albo batean geratzeko eskatzen diogu alkateari”.

Bilboko PSE-EEk udalbatzarrean eztabaidatzeko mozio bat aurkeztu zuen abendu hasieran. Udalak Espainiako Futbol Federazioari eskatu zion Eurokoparen egoitza San Mames izatea. “Bilbori nazioartean hedatzeaz gain, ekonomia pizteko aukera ematen dio kirol jaialdi horrek”, Alfonso Gil udaleko bozeramaile sozialistaren iritziz.

Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak adierazi zuen Bilduk mozio horri ekarpenak egingo dizkiola. Bi ideia gehituko dituztela adierazi zuen: batetik, Eurokoparen egoitza Bilbo izatea, baina euskal selekzioa talde gisa aritzea errespetatuz; eta, bestetik, FIFAren 10.6 artikulua erabilita, Euskadiko Futbol Federazioa selekzio ofizial gisa onartzea. Azpimarratu zuen euskal selekzioa San Mamesen modu ofizial batean aritzea “egingarria” dela: “Ezinbesteko aukera zabaltzen da 2020. urteari begira euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko”.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak Azkunaren ildoari jarraitu dio Bilboko Herri Irratian egindako adierazpenetan. Haren esanetan, egitasmo hori Bilbora ekartzeak merkataritza eta ostalaritza suspertuko lituzke, eta nabarmendu du hori hiriarentzat onuragarria dela. Baina partida jokatzen duen etxeko taldea euskal selekzioa izatea gustatuko litzaioke. 2020rako hori gertatzea “liluragarria” litzateke, haren hitzetan. “Arlo juridikotik, ildo horri jarraitzen ari naiz duela askotik”. Beste alde batetik, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du 2020an euskal selekzioa ofiziala izatea espero duela.

Josu Urrutia Athleticeko presidenteak adierazi du San Mames Barria elkartea osatzen duten erakundeak barne eztabaida betean dabiltzala. San Mames Eurokoparen egoitza izateko aukera argitzen arituko dira Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Athletic eta Kutxabank. Aurreratu du erabakia apirila baino lehenago hartzeko asmoa dutela.

Elkarlanerako deia

ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak egindako agerraldian, Eurokopa Bilbon jokatzearen alde agertu da. Baina euskal selekzioak bertan lehiatzea beharrezkotzat jotzen du. Eta, iragarri dutenez, batzorde bat osatuko dute alderdi politiko, Euskadiko Futbol Federazio eta bestelakoekin. Euskal selekzioaren ofizialtasunaren bidean urratsak egitea nahi dute ESAITekoek: “Bada garaia ofizialtasunaren alde gauden guztien artean estrategia bat adostu eta urratsak egiten hasteko”, adierazi du Egoitz Askasibarrek.

Oraindik ez da gauza ziurra Eurokopako partidak San Mamesen jokatuko diren ala ez. Espainiako Federazioak La Peineta (Madril) eta San Mames zelaiak eraman ditu UEFAra hautagai gisa, eta Europako erakundeak hartuko du erabakia. Hala erabakiz gero, Espainiako selekzioak partida bi jokatuko lituzke San Mamesen.