Getxo “neurririk gabe” handitzeko helburua duen udal plana gaitzetsi dute

Etorkizuneko Getxo zelakoa izango den erabakitzeko prozesuan murgilduta dago herria. Udala Hiri Antolamendurako Plana garatzen ari da, berrogei lagunek osatutako Lantalde deritzon taldearekin batera. Herritarrek, baina, itxuraz erakutsi gura duten prozesu parte hartzailerik ez dagoela salatu dute. Hainbat elkartek bat egin dute kritika horrekin: Aldapan Bizi, Antenas No, Gobelak Kalte Egindako Bizilagunak… hamar inguru batu dira Auzokideok elkartean. Aldapan Biziko presidente eta Auzokideok elkarteko Iñigo Elortegik egiten du bozeramaile lana.

Egoera hori dela eta, joan den zapatuan Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren eta hori gauzatzeko prozesuaren aurka dauden elkarteak kalera atera ziren, herritarrei zer gertatzen ari den azaltzera. “Harrituta geratu ziren herria zein egoeratan dagoen ikusita, eta ez horren harrituta udalaren gardentasun eta parte hartze gabeko prozesuagatik”.

Getxoko Udalaren jarrera kritikatu dute. Hain zuzen, “datozen hamar urteetarako etxebizitza eskaintza zehaztea soilik interesatzen” zaiola salatu dute. “Zenbat mila etxebizitza egingo diren da haien kezka bakarra, eta kopurua ez da edonolakoa”, esan du Elortegik. Udalak herria “neurririk gabe” handitu nahi duela dio.

Bide horretatik, gogora ekarri du udalak 2007an Andra Mari auzoan “8.000 etxebizitza egiteko” aurreikusi zuen proiektua. “Geldiarazi egin behar izan zuten, herritarren mobilizazio ikusgarriak bultzatuta. EAJk, gainera, gehiengo osoa galdu zuen hauteskundeetan. Eta gaur arte geldiarazita zegoen proiektu hori”. Hala ere, gaur egun “helburua berdina” dela esan du Elortegik. “Plan hark garatu gura zuen herri eredua eta plana idazten ari direnek buruan dutena berdinak dira”. Prozesu horren aurka lanean ari diren elkarteek, hasteko, “Getxok herri gisa dituen egiturazko arazo guztiei buruz hausnarketa” egin behar dutela deritzote. Hortik abiatuta, auzo bakoitzaren “arazoak konpondu” behar dituztela dio Elortegik, eta “zer-nolako herri eredua” nahi duten zehaztu beharko luketela uste du, “bizi-kalitateaz gain, herrian bizitzeko aukera berreskuratzeko”.

“Udalean martxan den ustezko prozesu parte hartzailean ez gara era horretako ezer eztabaidatzen ari. Presioa besterik ez zaigu egiten ari, hamar urtera begira zenbat mila etxebizitza eraikitzea nahi dugun zehatz dezagun”.

Horren guztiaren atzean “enpresa eraikitzaileen interesak” daudela ondorioztatu du. “Andra Mari auzoan hektarea asko eta asko dauzkate erosita duela hainbat urte, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak etxebizitzak pilaka eraikitzeko bidea emango zuela aurreikusita”.

Elkarteon ustez, ostera, Getxon “ezin daiteke beste ezer eraiki”. “Zero hazkundearen aldekoak gara”. Kontuan hartu behar da, gainera, haien ustez, “herrian 3.500 etxebizitza hutsik” daudela.

Gazteek “etxebizitza eskubidea dutela dioen diskurtso merkea alde batera” utzi behar dela deritzo Elortegik. “Izan ere, hala bada, une honetan eskubide hori urratuta daukate, etxebizitza bat eskuratu ahal izateko finantzaketa behar dutelako lehenengo”. Horren harira, gogora ekarri du hiltegi zaharraren inguruan babes ofizialeko etxebizitza bat egokitu zitzaienetatik %50 inguruk uko egin behar izan diotela, finantzaketarik ez dietelako eman. “Beraz, zertaz ari gara gazteek etxebizitza baterako eskubidea dutela esatean? Eskubide horrek ez du esan nahi etxe gehiago eraiki behar direla”, ondorioztatu du.

Auzoetako arazoak

Bestalde, Getxoko auzoek arazo ugari dituztela ekarri du gogora Elortegik. Besteak beste, ekonomiaren oinarria hirugarren sektorea izan duten auzoak “lotarako hiri” bihurtu direla esan du.

Getxo Antzokia eta kultur etxea egiteko prozesuak ere kritikatu ditu. Gastatuko duten diru kopuru handiaz gain, “kultur jarduerak egiteko edo ikusteko herritarrek euren auzoak utzi eta beste leku batera” joan beharko dutela salatu du. Bestalde, Getxoko antolamendua “plusbalioak sortzeko modu baten bila” ari dela deritzo. “2001ean onartutako Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrak urbanizatu ezin zitezkeen 336 hektarea jaso zituen. Orduz geroztik, ordea, 88 hektarea urbanizatu dira”.