Gutxi dira arrantzaleak eta arrantzaren mundua, oso-osorik, lantzen dituzten museoak. Bermeoko Arrantzaleen Museoa da bakar horietako bat. Eta Aingeru Astui (Bermeo, 1958) da zuzendaria. “Oso polita” da Astuirentzat, bermeotarra izanik, ardura hori izatea. “Zuzendari izan aurretik ere, ia eguneroko bisitaria nintzen. Gai hauek betidanik gustatu zaizkit asko. Umea nintzenean, udalaren liburutegia zegoen hemen, eta haur piloa elkartzen ginen. Geroago ere sarri etorri izan naiz. Maketak apurtuta egon direnean konpondu ere egin ditut”. Museoarekiko lotura, nolabait, beti izan duela esan daiteke, beraz. Eta 1983an hartu zuen haren ardura.
“Jendeak euskal arrantzaleen bizimoduaren eta lanaren ideia orokor bat izatea” du helburu nagusi museoak. Horretarako, lehorreko eta itsasoko kontuak, bietakoak, lantzen dituzte. “Herriko bizimodua ere erakutsi egin behar da, ordea: non bizi den edo non bizi zen arrantzalea, zelan bizi zen, zelan ospatzen zituzten jaiak, zein zaletasun zituzten, zelan janzten ziren itsasora joateko orduan…”.
Horrez guztiaz gain, zehazki arrantza ez izan arren, horren lagungarri direnak ere jasotzen dituzte: “Beste ogibide batzuk, esaterako. Izan ere, arrantzaleen emazteak edota seme-alabak horietatik bizi ziren. Eta arrantzaleari berari ere hornidura ematen zioten: arrain kontserben lantegiak, barrilleroak, txirritxeroak —arrantza aparailuak egiteko kordelak eta txikotak egiten zituztenak—… Industria laguntzaileak deritzen era horretakoak asko ziren: amu egileak, saregileak… Guztiak ziren oso garrantzitsuak. Arrantzaleak amurik ez badauka, kordelik ez badauka, ezin du aparailurik egin arrantzatzeko. Beraz, horiek denek ere aipamen bat daukate hemen”. Baita ontzigintzak berak ere. Atal berezi bat dauka: “Ezinbestekoa da arrantza mundua zein den ulertzeko oro har. Horregatik normalean berba hori erabiltzen dut nik: arrantza mundua”. Izan ere, Astuiren arabera, “arrantza gauza bat da, baina arrantza mundua kultura bat da, bizimodu bat eta 24 ordukoa”.
Historiaurretik hasi eta gaur egunera arteko arrantza mundua lantzen dute museoan. Garai zabal eta luze horretan, bada iraultza eta aldaketa handiak ekarri zituen denboraldi bat. “Arrantzaren bilakaera nabarmenena XX. mendean izan zen”. Belaontziak eta arrantza eta ohitura tradizionalak nagusi ziren ordura arte, Erdi Arotik zetozenak. XX. mendea hasieratik bertatik iraultza bat izan zela ekarri du gogora Astuik: “Lurrun makinen agerpenak eragin zuen iraultza hori. Lurrun edo diesel makinetatik, arrainak aurkitzeko aparatuetatik edo nabigaziorakoetatik hasi eta atunontzi izozkailu handietara iritsi arte”.
Berehalako aldaketa
Aldaketa horiek, baina, hasiera-hasieran protestekin hartu zituzten Bermeoko arrantzaleek. Berehala, ordea, “mentalitatea garatu egin zen”. Anekdota batek argi erakusten du azaldutakoa: “Herrira 1900. urtean iritsi zen lehenengo bapore ontzia. Jendeak beldur handia zuen, ez zen fidatzen sistema berriaz. Donostiara joan ziren ontziaren bila herriko gizon batzuk. Portuan zain zeuden gainerako arrantzale guztiek harrika hartu zuten Santa Eufemia azpiko bokaletik sartu zen itsasontzia. 1902. urterako, ordea, ontzirik gehienak baporezkoak ziren jada”.
Historia asko gordetzen ditu museoak, beraz. Bermeo bezalako arrantzale herri baten oinarriak bertan daude. Kalean, ordea, oinarriok desagertzen ari direla penatu da. “Lehenago zegoen transmisioa desagertzen ari da. Nabaria da. Aldagai asko dira galera horren eragileak. Flotan bertan ere ikusten da apurtu egin dela lehenago zegoen belaunaldi batetik besterako transmisioa. Herritarren artean ere nabari da. Lehen edozein bermeotarrek zekien bokartaren kanpaina noiz hasten zen, edo hegaluzearena, edo salmentetara joaten ziren… Orain, ez”.
Gaur egun arrainaren salmenta eremua, kofradia bera, herrigunetik urrun egoteak ere eragina duela deritzo museoko zuzendariak. “Lehengo gertutasunak erraztu egiten zuen salmentaren nondik norakoak edota arrainak ezagutzea”. Umeek eskoletan arrantzari buruzko gaiak ikasten dituztela esan du. “Hala ere, gero, egunerokotasunean, barneratzen dituzten ez dakit. Izan ere, hori ez baldin baduzu bizi, zaila da zeure sentitzea. Lehenago bizi egiten genuen. Beraz, nahi ez genuela ere, barneratu beharra zegoen, inguruan geneukalako. Berez hartzen genuen”.
“Pena” ematen dio egoera berri horrek. “Azken finean, arrantza mundua kultura bat da. Eta kultura hori gabe, arrantza mundurik ez dago. Egongo dira arrantzaleak, egongo dira ontziak, baina ez dago kultura edo transmisio hori gurasoengandik seme-alaba edo lobengana, eta kalean ere ez da ikusten giro hori”.
Arrantzaleen museoa eraberritzeko lanetan ari dira egun. Astuik ez daki noiz zabalduko duten. Ertzilla dorretxearen barruan dago museoa. Eraikina bera ere, esanguratsua da, beraz. XVI. mendeko etxe bat da, 1945 aldera Espainiako monumentu nazional izendatutakoa. Ertzilla merkatari familia bizi zen bertan.