Gorbeiara igoera antolatu dute etzi goizerako, Hodei Egiluzen omenez

Hiru hilabete beteko dira etzi Hodei Egiluz galdakoztarra Anberesen desagertu zenetik. Haren etxekoek Gorbeiarako igoera antolatu dute. Domeka goizerako ipini dute hitzordua; 09:00etan abiatuko dira Pagomakurreko aterpetxetik. Desagertu zenetik, hil bakoitzaren 19an haren sorterriko udalak ere elkarretaratzea antolatu du. Hala, etzi, 19:00etan batzeko deia egin dute, udaletxe aurrean. 10 minutu iraungo du ekitaldi isilak.

Era berean, Europako Parlamentura eroan dute Egiluzen desagertzearen auzia. Izaskun Bilbao europarlamentari jeltzalearen ahotik egin du berba sendiak. Europa mailako koordinazioa eskatu dute bilaketa lanetan. Bilaketei eusteko deia ere egin dute.