“Aurten, Euskal Herriko Kopan ondo ibiltzen saiatuko naiz”

Aurtengo mendiko eski denboraldia hasi berri du Nahia Quincoces Altuna mendexarrak. Aurten, sasoiko ekin dio denboraldiari, eta joan den urtean irabazitako Euskal Herriko txapelketaren ekitaldi berrian maila onean ibili gura du. Mendiko eskia eta mendiko lasterketak egiten ditu gehienbat, baina gehien mendiko eskiak gogobetetzen du, mendia eta eskia uztartzen dituelako. Lehenengo elur malutekin batera hasi du Quincocesek 2013-2014ko neguari dagokion denboraldia.

Noiz hasi zinen mendiko eskian?

Eskiatu txikititatik egin dut. Lehenengoz, hiru urte neuzkala joan nintzen gurasoekin eski alpinoa egitera. Geroztik, betitik egin izan dut. Mendiko eskia lehenengoz duela hamar bat urte egin nuen. Ikastaro batean eman nuen izena. Lekeition mendiko eskia egin nahi genuen lagun kuadrilla bat batu ginen, eta ikastaro hartan betiko harrapatu ninduen kirol honek. Lehenengo gerturatze hura egindakoan, mendiko federazioak antolatutako ikastaro trinkoak egiten hasi nintzen. Erabat harrapatu nau kirolak, eta gaur arte, hor nabil.

Noiz parte hartu zenuen lehenengoz mendiko eskiko lasterketa batean ?

Ikastaro trinko edo stage horietan, Altitoy mendiko lasterketan parte hartzera animatu gintuzten. Hala, 2007an Altitoyko herri lasterketan parte hartu nuen lehenengoz. Ikastaroan, Amets Maiztegi ezagutu nuen, eta gaur egun binakako lasterketetan nire bikotekidea da. Berak animatu ninduen Altitoyko A ibilbidean parte hartzera. Harrezkero, urtero Pirinioetako lehiaketetan parte hartzen dut.

Mendexarra zara, kostaldekoa. Elurra etxe ondoan ez duzu. Zer dela-eta gustatzen zaizu hainbeste mendiko eskia?

Jende askok esaten dit mendexarra naizenez surflaria izan beharko nuekeela, mendi eskiatzaile barik. Egia esan, urrun geratzen zait elurra, eta hori gehienbat lasterketetatik bueltan igartzen dut. Denak Donostia bueltan geratzen dira, eta nik oraindik ordubeteko ibilbidea egin behar izaten dut.

Iaz Euskal Herriko Txapelketa irabazi zenuen. Aurten?

Aurten, Euskal Herriko Kopan ondo ibiltzen saituko naiz. Hori daukat gogoan.

Euskal Herriko Kopan parte hartzeaz gain, ba al duzu beste asmorik?

Euskal Herriko Kopako lau lasterketak egiteko asmoa daukat, eta baita urtero egin ohi ditugun lasterketa batzuk ere; tartean Altitoy eta Espainiako Kopako lasterketa batzuk. Joan den urtean Alpeetako Adamello lasterketan ere parte hartu nuen, eta esperientzia ahaztezina izan zen. Zoragarria izan zen inguru hartan mendiko eskia nola bizi duten ikustea. Aurten ere, laneko ordutegia moldatzea lortzen badut, saiatuko naiz horrelako lasterketa batean parte hartzen.

Euskal Herriko txapelketa irabazita daukazu. Urrunagoko helbururik ez al daukazu?

Aurten ez dakit, baina gustatuko litzaidake egunen batean Pierra Menta lasterketan lehiatzea. Pierra Menta Alpeetako eta, agian, munduko mendiko lasterketarik ezagunena da. Lau egunez egiten da, Areches Baluforten. Sekula ez naiz han egon, baina izandako jendearen bizipenak entzunda eta ikusi ditudan bideo eta dokumentalak ikusita, izugarrizko gogoa pizten zait lasterketa horretara joateko. Mendiko eskiatzaile moduan, betetzeko geratzen zaidan ametsa dela esango nuke.

Zelako presentzia dauka emakumeak kirol honetan?

Ba, gero eta emakume gehiago gaude mendiko eskian ere. Hala ere, oraindik gizonezkoak baino gutxiago gara. Gai honi lotuta, neska guztiak gustuko duten kirola egitera animatu nahi nituzke.

Mendiko eskiko denboraldia amaitutakoan zer asmo daukazu?

Oraindik ez daukat oso argi. Joan den urtean denboraldi amaierarako sasoian nengoela konturatu nintzen, eta aurten, hasierarako sasoian egon nahi nuen. Hori dela eta, udan hasi nintzen entrenatzen. Entrenamendu modura, mendiko lasterketa eta duatloiak egiten hasi nintzen, eta bukaerarako konturatu nintzen mendiko lasterketak ere gogoko ditudala. Aurten, denboraldia amaitutakoan, mendiko triatloia edo horrelako zerbait probatu nahiko nuke.

Mendiko eskiaz gain, beraz, beste kirol batzuk ere egiten dituzu.

Bai, denetarik egitea gustatzen zait. Uste dut kirolik gabe nire bizitzak beste zentzu bat izango lukeela.