Inork ez die kasurik egiten, baina haiek ere urte luzez bizi direnetarikoak dira. Hazi berritan hauskor, gaztetan indartsu, heldutasunean egonkor, eta zahartzaroan goibel, bukaera gertu daukaten seinale. Arrazoi horrengatik bada ere, eta azken urteak lasai bizitzeko asmoz, mimoak eskertzen dituztenetarikoak dira. Gizakion antzera, horiek ere. Helburu horrekin, eta beste hainbatekin, duela urtebete sortutako Zuhaitz Berezien Zerrendan zazpi zuhaitz berri sartzeko eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari.
Jaurlaritzak begiz jota ditu arreta berezia merezi duten hainbat zuhaitz. Orain arteko zerrenda osatzen duten horietako bost daude Bizkaian landatuta, baina zerrenda zabaltzeko eskatu dio foru aldundiak Jaurlaritzari, babes “gehigarria” merezi duten beste zazpi zuhaitz daudela iritzita. Egungo zerrenda hauek osatzen dute: Mallabiko Goitia auzoko zumarrak, Turtziozko haritz motzak, Karrantzako Trevilla iturriko sekulako arteak, Zaratamoko Burbustu auzoko haritz motzak, Galdamesko San Esteban auzoko arte motzak, Karrantzako Ahedo plazako arte motzak eta Karrantzako Presa edo Uharka auzoko gaztainadiko gaztainondo motzak.
“Proposamena Eusko Jaurlaritzari helarazi dio foru aldundiak, lege dekretu bidez zuhaitz horiek hainbat berezitasun dituztela adieraz dezan eta zerrendan sar ditzan”, azaldu du Urko Garamendi Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Saileko prentsa arduradunak.
Duela urtebete inguru hasitako prozedura baten bitartez osatu zen zerrenda hori, eta hainbat ezaugarri berezi hartu zituzten kontuan. Besteak beste, zuhaitza non dagoen, zuhaitza ikusteko edo bisitatzeko aukera dagoen, bioaniztasunaren beste osagarri nabarmen batzuekiko kokapena, ezaugarri fisikoak, bitxitasuna, egoera, adina eta historia. “Aitortu egin behar da Euskal Herriko historiak, eta Bizkaikoak bereziki, hemengo jatorrizko zuhaitzentzat gorde izan duen toki berezia”, azaldu du Bizkaiko Ingurumen Sailak.
Prozesua iaz hasi zen, urtarrilean. Foru aldundiak eskutitz bana helarazi zion herrialde historikoko udal bakoitzari katalogoan sartzeko bidezkotzat jotzen zituzten proposamenak egin zitzaten. Informazioa bidaltzeko epea itxita, proposatutako zuhaitz solteen kopurua berrogeikoa izan zen (bertako 25 espezie eta beste hamabost exotiko). Horiekin batera, hamalau zuhaizti ere aurkeztu ziren. Behin eskaerak eginda, teknikariek lan luzea izan zuten proposatutako zuhaitzak ikuskatzen, bakoitzaren araberako sailkapena egin behar izan baitzuten, aurrerago zerrenda hura onar zezaten. Era horretara, foru aldundiak nahi du zerrendak “tresna eraginkorra izaten jarrai dezan bere berezitasun edo bitxitasunagatik nabarmentzen diren naturaren osagaiak babesteko”.
Uda ostean, berriz, urri eta azaro aldera, foru aldundiak zuhaitz bitxi berrien adierazpen-proposamena egin zuen zuhaitz bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta.
Orain arteko zerrenda
Ibilbide laburra izan du orain arte proiektuak, baina gaur egun bost dira zuhaitz berezi gisa katalogatuta dauden zuhaitzak: Garai eta Muxikako arteak, Artzentalesko haritz hibrido bat, eta Zeanuriko Arimekorta auzoan, Gorbeia inguruan, dauden bi hagin. “Bost ale horiek inausi eta garbitu egin dira, hostoak aireztatzeko eta hobetzeko. Horrez gain, zenbait kasutan beharrezkoa izan da euskarri batzuk jartzea adarrak sostengatzeko. Izan ere, ehun urtetik gorako zuhaitzak dira, eta, hain handiak izanik, enborrek ezin diete eutsi adar buruei”, azaldu du Garamendik.
Lan horiez gain, foru aldundiko Ingurumen Saileko teknikariek zauriak eta urratuak egin dizkiete zuhaitzei, “sendatzeko lanak egiteko asmoz”. Azkenik, gizakiek zuhaitz horien garrantziaz jabetzeko kartelak jarri eta abereen zapalketak ekiditeko hesiak atondu dira.
Garamendiren arabera, zuhaitz bakoitzak bere berezitasunak ditu: “Egoera kaxkarrena Karrantzako Ahedoko arteak bizi du”. Eta, sendatzeko asmoz, iltzaturik dituen iltzeak kendu eta inausi egingo dute. “Aldiz, guztietatik bereziena Mallabiko zumarra da, azken urteetan espezie hori ia galdu baita gure lurretan”.
Gainera, Zornotzako Udalak herritarrek proiektuan parte har dezaten bultzatuko du, zerrendan sartuko lituzketen zuhaitzak zehazteko eskatu baitu. Foru aldundiari laguntzeko asmoz, aurrez aipatutako ezaugarriak betetzen dituzten zuhaitzak identifikatzeko eta zergatik aukeratu beharko liratekeen azaltzeko deialdia egin dute. Martxoaren 25era arte jasoko dituzte proposamenak, eta, horren ondoren, foru aldundiko teknikariek guztiak bisitatuko dituzte, banan-banan.