Meatzalde Goikoa parkeak euren kontrako kanpaina salatu du

“Parkearen izena zikintzeko kanpainan ari direla ikusten ari gara. Alderdi Popularra hasieratik agertu izan da aurka, eta Batzar Nagusietan etengabe ari dira gure aurka. Eta euren hedabidea erabiltzen dute horretarako, El Correo“, salatu du Guillermo Olmo eskultoreak. “Euskal kulturari dioten amorruaren ondorio da”. Meatzalde Goikoa eskultura parkea sustatzen duen irabazi asmorik bako kultura elkarteko kideetako bat da. Trapagarango Zugaztieta auzoan dago, antzina meategiak egondako lekuan. Lursailaren jabegoa Bizkaiko Foru Aldundiarena da. Inguru hori Euskal Herriko eskultore garrantzitsuenen lanen erakustoki izatea gura du Olmoren elkarteak.

Joan den astean, Josune Ariztondo Kultura diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura eta Euskara Batzordean egin zuen berba auziaz, PPk hala eskatuta. Ignacio Aldekoa bozeramaile popularrak arestian aipatutako kazetaren aleak erakutsi zituen. Argazkietan hainbat eskultura hondatuta edo kaltetuta ageri ziren, eta zioen “bisitarientzat arriskutsuak” direla. Hala, Aldekoak jakin nahi zuen Kultura Sailak eta Meatzalde Goikoa sustatzen duen elkarteak 2007an sinatutako akordioak jasotako mantentze neurriak betetzen ziren. Haren esanetan, “erantzukizuna eskatu behar” zaio elkarteari.

Ariztondok azaldu zuen elkarteak joan den azaroan berritu zuela asegurua. Hala baieztatu du Olmok ere. “Guk desadostasunak izan ditugu hasieratik foru aldundiarekin. Irabazi asmorik bako elkartea gara, lursaila eurena da, eta euren eginkizuna da kultura sustatzea. Ulertzen dugu eurei dagokiena erantzukizun zibilaren kargu egitea. Baina behin eta berriz esan digute guk egin behar genuela asegurua; gure ardura zela. Baldintza hori jarri ziguten, eta onartu egin genuen. Harrezkero, asegurua daukagu”.

Hori horrela, Olmok ez du ulertzen “PPk nola jarraitzen duen oraindik kontu horrekin”. Haren ustez, aspaldi konpondutako afera da. “Salaketa zaharrekin dabiltza, eta ez dute inolako egiazkotasunik; ez datoz bat errealitatearekin”. Aitortu du hainbat lan hondatu egin direla ezezagunen erasoak jaso dituztelako eta beste batzuk eguraldi txarraren ondorioz kaltetu direla. “Joan den asteko denboraleak Bilbon bertan Itsas Museoaren ondoan dagoen lau tonako eskultura bota du. Utzikeriaren ondorio izan al da? Halakoen aurka ezin daiteke ezer egin. Gurean lanen bat kaltetzen denean konpontzen edo aldatzen ahalegintzen gara”. Era berean, Olmok dio pertsona batzuek eskulturen aurka egindako erasoak saihestea ezinezkoa dela halako leku ireki batean.

Erabat ukatu du, gainera, PPk dioen “dirutzarik” jaso dutenik erakunde publikoen aldetik. “Urteotan osotara 140.000 euro inguru jaso ditugu, eta 20.000 inguru itzuli egin behar izan ditugu”. Euskal Herriko eskultoreen parke garrantzitsuena izan asmo duen proiektuarentzat oso diru gutxi dela dio. Erakunde publikoek ematen dietenarekin baino gehiago sortzaileen borondate onarekin ari direla ere azpimarratu du, ez zaielako gehiagorako iristen. Era berean, gogora ekarri du duela urte bi Urdaibai inguruan 300.000 euro erabili zituela Eusko Jaurlaritzak iraupen laburreko eskulturak egiteko. “Gurea betiko da, eta Euskal Herriko sortzaile nagusien erakusleku izan gura du”, nabarmendu du.

Jarraitzeko laguntza premia

Gaur-gaurkoz, ia hogei sormen lan daude ikusgai. Olmok dio une honetan lehentasuna sortzaile nagusiengan ipini dutela, adin kontuengatik. “Iaz, adibidez, Nestor Basterretxearen bat jarri genuen, bera han zela. Ezin genuen asko luzatu, badaezpada. Eta, aurten, haren belaunaldikoa den Ricardo Ugarteren beste lan bat ekartzeko asmoa daukagu”. Apurka-apurka parkea handitzen eta aberasten joan nahi dute. Urtero, gainera, sortzaileen topaketa bat antolatzen dute. Iazkoa ekarri du gogora Olmok: “Hogeitik gora elkartu ginen, era guztietakoak. Historikoki banatuta egon gara, nolabait Oteizaren aldekoak eta Txillidaren aldekoak. 2013ko topaketa historikoa izan zela esango nuke nik”.

Behar horrekin jarraitu ahal izateko, erakundeen aldetik babes handiagoa eskatzen dute Meatzalde Goikoaren bultzatzaileek. Kultura alorrean egiten duen ekarpena ez ezik, turismoa sustatzeko parkeak izan dezakeen ahalmena ere aintzat hartzeko eskatu die administrazioei. “Hogei minutura dugu Guggenheim museoa. Hara datozenak kultura bila datoz. Parke honekin eskaintza osatzeko aukera dago. Eta horrek Ezkerraldeko eta Meatzaldeko ekonomia bultzatuko luke. Aparteko egitarau bat antola daiteke. Enplegua sortzeko ere akuilu ona izan daiteke, lanpostu zuzenak zein zeharkakoak sortzeko”.