Izaro Mendieta
Gernikako iratzargailua dira. Oheko berotasunetik, gortina artetik, leihoaren beste aldetik, balkoiko barrote atzetik, kale ilunen artetik… entzun eta gozatzen direnak. Marijesiak dira: Gernikako Marijesiak.
Bakarlariaren eta taldearen arteko elkarrizketa bat bezala ezagutu izan ohi dira Gernikako Marijesiak. Sorreraren datarik ezagutzerik ez bada ere, mende batez, gutxienez, herria doinuz alaitzera atera izan dira.
Bizkaian, hainbat herritan dira ezagunak Marijesiak, baina bereziak dira Gernikakoak: Gabon aurreko bederatziurrena egiten dute, goizaldean abesten dute, eta, gainera, ibiltzen doazen heinean kantatzen dute.
Tradizioari jarraiki ateratzen dira hainbat lagun urtero-urtero Gernika-Lumoko bazterrei bizia ematen. 04:00etan hasten dute beraien ibilbidea, Andra Mari elizako ate zaharraren aurrean belaunikatuta. Bertan kantatzen dute lehenengo bertsoa, eta pauso bizian abiatzen dira goizaldeko erronda egitera. Herriguneko ibilbidea egiten dute egunero, baina, txandaka, herriko beste gune eta auzoetaraino iristen dira Marijesiak.
Loari orduak kenduta
Ibilbide gehiena kantuan eta gelditu barik egiten badute ere, zenbait tokitan geldialditxoa egiten dute; hala nola, herriko eliza eta kaperetan, eta bakarlari izandakoen etxeetan. Ordu eta 45 bat minutuz izaten du herriak doinu berezia; kolore ezberdina. Erronda bukatutakoan etxera joaten dira gehienak; ohera batzuk, eta lanera edo ikastera joateko prestatzera beste asko. Jarraian lanera doanik ere izaten da.
Hala jarduten dute askok eta askok bederatzi gauez: fededunak direnek zein ez direnek; umeek zein helduek; emakume zein gizonek; ikasle zein langileek… Bederatzigarren egunean, gainera, mezan ere abesten dute goizean, eta hortik ateratakoan, diru bilketa egiten dute herrian abestuz.
Etxeko Marijesiak
Baina Marijesiak kalean abesten dabiltzan horiek baino gehiago dira: etxeko entzuleak ere Marijesiak dira. Ohetik jaiki ez arren, aditzen, gozatzen edota abesten duten horiek ere badira. Argi keinuen bitartez kaleko horien koplak entzuten dabiltzala egiaztatzen duten horiek ere Marijesiak dira. Baita gortinak edota pertsianak zabaltzen dituztenak ere. Eta leiho atzetik begira izaten diren horiek ere bai.
Hala uste du, behintzat, Denis Azkarate Gernika-Lumoko bizilagunak; bere esanetan “ez baitu zentzurik inor entzuten egon gabe Marijesiek abesteak”. Marijesien kantuak etxetik entzuteak zer suposatzen duen ez daki Azkaratek; izan ere, 1970. urteaz geroztik, kalean dabiltzan Marijesiekin ateratzen da goizaldeko ordu txikietan, bere ahotsa eta kantua herriari eskaintzeko.
Taldean abesten hasi bazen ere, ia 40 urte daramatza Azkaratek bakarlari lanetan. Urte horietan guztietan, teknika lantzeko eta garatzeko aukera izan du —Andra Mari koraleko eta Urdaibai Kantaguneko presidentea ere bada—, eta alde horretatik, behintzat, hobetu egin duela deritzo. Oraindik, gainera, ez dela “zahar” sentitzen aitortu du, eta ahotsa ere modu onean duela dio; hori dela eta, ez du oraindik Marijesietako erretiroa hartuko duen egunean pentsatu. Urrun sentitzen du egun hori.
Azkarate, baina, ez da egungo bakarlari bakarra; Jose Antonio Uriarte Itxaso, Fernando Astoreka eta Iñaki Gonzalez ere aritzen baitira taldearen aurrean kantuan. Bederatzi egunetan txandaka jarduten da laukotea; egun bakoitzean bakarra. Atzera begiratuz, dena den, beste hainbat bakarlariren izenak ere badakarzkigu gogora Azkaratek: Iñaki Olano, Juan Tomas Ortuzar, Udaondo, Joan Aldamizetxebarria, Jon Arana, Gerardo Candina, Oar, Uriguen, Meaza…
Azkaratek dioenez, bakarlariaren lana “gogor samarra” da, “erraza iruditu arren”. Izan ere, abesten jakin behar du bakarlari batek, eta belarri ona ere izan behar du. “Gogo handia ere eduki behar du, eta baita modua ere”, nabarmendu du.
Bilakaera positiboa
Urteen poderioz Marijesiek izan duten bilakaeraz era positiboan jarduten da gernikarra; “edozer eta edozelan” kantatzen ezagutu baititu berak Marijesiak. Gaur egun, Marijesietara doana abestera joaten dela ziurtatu du, “eta ez hitz egitera”. Bederatzi egun horietan biltzen den jende kopurua, bestalde, azken urteetan mantendu egin dela azaldu du Azkaratek: “Bederatziurrena egiteko 65-70 bat lagun elkartzen gara, eta zapatuetan 100 lagunetik gora”. Gerra aurretik eta gerra ostean, lau-bost lagunek osatzen zuten Marijesien taldea. Eta orduko helburua ere ez zen gaur egungoa.
Orduko hartan gosea zen nagusi, eta dirua biltzeko aukera paregabetzat zuten Marijesiak abesten irtetea; azken egunean dirua bildu eta kantatzen aritzen zirenen artean banatzen baitzituzten irabaziak. 1970. urteaz geroztik, baina, kanpora bideratzen dute azken egunean bildutako dirua: eman ohi izan dute presoentzat, Gurutze Gorriarentzat, Calzada egoitzarentzat, Caritas erakundearentzat, Etorkintza fundazioarentzat, atzerriko herrialdeentzat… Aurten nora bidaliko duten ez dute erabaki oraindik. Hain zuzen, gaur batuko dira, eta proposamenak jaso ostean, erabakiko dute diru hori zeini eman.
Dirua bildu aurretik, baina, bederatzi goizaldetan abestu beharko dute Gernikako Marijesiek. Abenduaren 16ko goizaldean dute lehenengo hitzordua. Urduri lo egingo du herriak egun horretan, Marijesiak entzungo ez dituztenaren beldurrez. Gernikarrak esnatzen etorriko dira orduan hotza soinean eramango duten Marijesiak, eta argiak piztuz eta itzaliz erantzungo diete segidan bero-bero etxeko Marijesiek.