Plasentia de Butron museoak Plentzia hiribilduaren jatorrizko izena hartu du bere burua izendatzeko. “Antzinako izena bada ere, ez gara gure iraganean geratzen, gerora begiratzea dugu helburu”, esan du museoko arduradun David Crestelok (Plentzia, 1977), erakunde horren xedeak azalduz. Museoan “gauzak berreskuratu eta gorde baino askoz gehiago” egiten dela dio: ikerkuntza eta zabalkunde lana egiten dute. Hori guztia, bestela ezin baitzitekeen izan, “itsasoari begira” egiten dute, hala baitago herria bera.
Itsasoarekiko lotura horrek badu isla museoan. “Hemen daukagun bilduma osoaren ia %99k itsasoarekin zerikusia du”. Izan ere, aspaldikoak dira itsasoarekiko aipamenak: “Hiribilduaren gutunean bertan jasota dago zeintzuk ziren baleak arrantzatzeko mugak. XVI. mendeko ordenantzetan ere araututa azaltzen dira itsasoagaz lotutako lanbideak. Eta historian zehar gure ekonomia eta lana lotuta egon dira harekin”.
Museoan ikusgai duten erakusketa iraunkorrean, besteak beste, ontziola ageri da, XVI. mendeko Plentzia zelakoa den erakusten duen maketa batean. Mendeetan zehar ontziola “oso garrantzitsua” izan zela azaldu du Crestelok. “Mendiak komunalak ziren XIX. mendera arte. Plentziako armadore batek erosi zuen azken mendi komunala, zer aukera ekonomiko eskaintzen zituen kontuan hartuta”. Ontziak egiteko zuhaitzen enborrak mendi horietatik hartzen ziren.
Bestalde, ontziteriaren garrantziari erreparatuz gero, Plentziaz gain, Gorliz, Lemoiz eta Barrika inguruak ere aipatu beharrekoak direla azaldu du. “Mendeetan zehar inguru honetan sortutako eskifaia kideen kopurua oso handia izan da”. Plentzian egin zuten azterketa batean 800 kapitain eta pilotu aipatzen dira. “Horrek esan nahi du munduko ozeano guztietan egon garela”. Duela gutxira arte itsaso bidezko garraioa “garrantzitsuena” izan dela ekarri du gogora. Ezagutzen den Plentzia inguruko lehenengo kapitaina XIV. mendekoa da. “Flandriara egiten zituen bidaiak, Europako porturik garrantzitsuenetako batera”. Martin Ortiz de Plasencia zuen izena kapitain hark.
Izan ere, arrantza garrantzitsua izan bazen ere, “merkataritza nabigazioa inportanteagoa” izan da. Mendeetan zehar “balearen arrantza lehenago, eta baxurakoa, ondoren”, landu dute, gaur egunera arte. Eta gaur egun ere badaude arrantzale profesionalak. Hala ere, Plentziakoa “ezin daiteke alderatu” beste portu batzuekin, Lekeitio edo Bermeoko portuekin, esaterako. Mundakakoaren parekoa dela dio.
Cresteloren esanetan, ezin ahatz daiteke Plentziako itsas eskola. XVIII. mendearen amaieran sortu zen: “1790 ingurukoak dira dauzkagun lehenengo datuak. Han hasitakoak ez ziren ez kapitainak ez pilotuak, agregatuak baizik. Gero, praktikak egiten zituzten itsasontzietan, eta orduan lortzen zituzten tituluak”. 1933ra arte iraun zuen eskola hark.
Emakumeen garrantzia
Itsasoko lana sarri gizonekin identifikatzen bada ere, emakumeen lana ere aldarrikatu beharrekoa dela deritzo Crestelok. “Dokumentatuta daukat emakumearen garrantzia gizonaren bestekoa edo handiagoa zela”, esan du. Hain zuzen, eurak erabaki eta agintzen zieten senarrei zer eta nori ordaindu behar zioten edo bidaietatik zer ekarri behar zuten. “Emakumeak ziren guztia maneiatzen zutenak”.
Datu horiek baieztatzeko agiriak ere badaudela ekarri du gogora. Hain zuzen, Ingalaterrako artxibo nazionalean emakume horiek itsasoan zebiltzan senarrei idatzitako gutunak dauzkate. Ingalaterrako armadak ontziak atxilo hartu eta idatzi horiek konfiskatu egin zituelako daude artxibo horretan. Tripulazioko zenbait kide ere emakumeak ziren, gainera. Datu horiez gain, eguneroko bizitzaren gordintasuna ere ekarri du gogora Crestelok, denboraldi luzeak bakarrik egin behar zituztelako etxean.
Bitxikeriaren bat edo beste ezagutzeko aukera ere izan du museoaren arduradunak. AEBetan bizi den emakume baten posta irakurri zuen behin Interneten. “Arbaso baten bila zebilen. Plentziakoa zuen arbaso hura, eta izen-abizenen berri eman zuen post hartan”. XVIII. mendean New Orleansera joandakoa zen arbasoa. “Filmetan ikusi ohi den bezala, pertsona beltzak erosten zituen Jamaikan eta Kuban, gero New Orleansen kotoi sail landatuetan lan egiteko”.
Elizako artxiboetan aurkitutako informazioa helarazi zion Crestelok eta Plentziako beltz-tratulari haren historia kontatu zion emakumeak. “Emakume beltz batekin ezkondu zen. Bikote haren semeetako batek beltzen eskubide sozialak aldarrikatzea helburu zuten bi egunkari sortu zituen: L’Union eta The Tribune. Azken hori, New Orleanseko ikono bat bihurtu da”. Jose Antonio Trebiño izan zen Plentziatik New Orleanserako bidea egin zuen euskal herritar hura.
Plentziarrek, beraz, argi dute zeintzuk diren euren sustraiak. “Itsasoari lotutako oinarria duen herri bateko biztanleak direla badakite”. Alde horretatik, “harrotasun handia eta kritika gutxi” dagoela deritzo David Crestelok. “Esaten dugu eskualdean bakarra den alde historiko garrantzitsua dugula, baina ez dugu batere zaintzen”. Herrian bultzatzen den turismo eredua kritikatu du. Plentzian bi museo daudela ekarri du gogora: bera arduradun dena eta Aramburu Farmazia Museoa, “Euskal Herriko zaharrenetarikoa eta izugarria”. “Bi museo, inguru hau, hondartza, mendia, biotopoa martxan, eta horren estimu gutxi. Beti kritikatzen dugu neguan herria hilik dagoela eta udan masifikatuta. Hala ere, berdin jarraitzen dugu. Guztion artean zein herri mota nahi dugun erabakitzeko mugimendu bat beharko litzateke”.