“Iratzarri, mobilizatu eta jardutea nahi dugu, norbanako zein herri gisa”

Meatzaldean, Ondasuna banatu, pobrezia geratu izeneko proiektua jarri du martxan kristau komunitateak. Koldo Silva (Zierbena, 1984) bertako kidea da, eta Muskiz, Abanto, Zierbena, Ortuella eta Trapagaranen abiatutako kanpainaren berri eman du.

Zergatik jarri duzue martxan kanpaina hori?

Duela zenbait hilabete, Meatzaldeko errealitatearen analisia egiteari ekin genion. Ikusi genuen familia asko egoera zailean zeudela krisiaren ondorioz. Esaterako, iaz, 3.888 langabe zeuden Meatzaldean. 40.000 biztanle gara; beraz, langabezia tasa %10 litzateke. Hala ere, populazio aktiboari buruz hitz egiten badugu, portzentajea askoz ere handiagoa da: ia %30.

Egoera ikusita, Meatzalderako proposamenen bat beharrezkoa zela iruditu zitzaigun, bertako bizilagunak egoeraz jabetzeko; ikus zezaten egoera, hemen bertan, oso larria dela.

Gizarteak mobilizatu egin behar duela diozue, salaketak egin eta injustiziaren aurka agertu. Ez dela protesta nahikorik egiten uste duzue?

Badakigu protestak egiten direla, baina ez dakit nahikoa diren, egia esan. Azken batean, egoera honen aurrean ezer ez da nahikoa. Egia da, hala ere, populazioaren zati bat, oraindik, ez dela mobilizatzen. Jende gehiagorengana heldu nahi dugu. Uste dugu egoera honen aurrean nolabait lo dauden herritar horiek txipa aldatzeko sasoia dela; azkenean, lehenago edo geroago, guztioi eragingo baitigu honek.

Ondasuna banatu, pobrezia geratu leloa duten kartelak leihoetan jartzeari garrantzi berezia eman diozue. Begientzat deigarria izatea duzue helburu?

Bai, kartelak jartzearen helburua hori da, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako puntu morearen antzera. Hortik haratago, jendeak gai honi buruz hitz egitea bultzatu gura dugu. Sentsibilizazio hori auzoetan eta etxebizitzetan egotea nahi dugu. Bizilagunak jardueretan parte hartzera anima daitezen nahi dugu, eta proposamenak egin ditzaten. Kartel horien bitartez, jendeari galderak planteatzeko bidea zabaldu nahi diogu.

Zein da zailtasun ekonomikoak pairatzen dituzten Meatzaldeko familien egoera? Aldatu al da krisi ekonomikoaren gordintasunarekin?

Baietz esango nuke, asko aldatu dela. Gero eta familia gehiago daude langabezian. Lanik gabe, gainera, denbora luzea daramate; beraz, bazterturik geratzeko arriskuan daude. Lehenago, familietan kideren bat egon ohi zen langabezian, eta aurrera egiteko modua izaten zuten. Enplegurik gabe, gainera, ez ziren horren denbora luzean egoten. Egun, ordea, familia askotako kide guztiak daude lanik gabe, eta ez daukate egunerokotasunari aurre egiteko baliabiderik. Caritasen 2012ko datuen arabera, elkarte horretara jo duten pertsonen %43k hiru eta bost urte artean daramatzate laguntza eskatzen. Denbora asko da hori.

Horrez gain, laguntza eske doazenetatik %40 etxebizitza prekario batean bizi dira. Enpleguari eta etxebizitzari dagokionez, beraz, zailtasun handiagoak daude.

Caritasek eman eta zuek jasotako datuen arabera, laguntza eske joandakoen artean %71 bertokoak dira, eta gainerako %29 atzerritarrak. Uste zabaldua da, ordea, atzerritarrek besterik ez dutela laguntza behar, ezta?

Erabat aldatu da egoera, eta gizarteak uste du Caritasek atzerritarrei soilik laguntzen diela. Datuek, ordea, hori ez dela horrela erakusten dute: Caritasek zerbitzua ematen dien lau lagunetatik hiru bertakoak dira.

Datu horien bitartez, gainera, populazioari ikusarazi nahi diogu ez direla atzerritarrak soilik laguntza eske jotzen dutenak; bertako gero eta jende gehiago dago laguntza beharrean. Gehienak, gure inguruko, gure auzoetako familiak dira.

Zuen kanpainaren barruan, besteak beste, inguruko familien egoerei adi egoteko eskatzen duzue. Indibidualistegi bihurtu, eta ondokoaren arazoez jabetu ere ez al gara egiten?

Bertatik bertara ez dut kasu zehatzik ezagutzen. Egia da, hala ere, gizartea gero eta indibidualistagoa bihurtu dela, eta, zerbaitek guri zuzenean eragin arte, ez zaigula axola.

Guztiok jartzen gara triste komunikabideetan albiste jakin batzuk ikustean. Berehala ahaztu egiten zaizkigu, ordea, eta gureari ekiten diogu berriz ere. Hori da aldatu beharrekoa; tristura horretatik haratago, iratzarri, mobilizatu eta jardutera bultzatu nahi dugu, norbanako zein auzo edo herri gisa.

Proposamen ugari plazaratu dituzue, etxebizitza hutsen erabilera soziala eta banku etikoaren proiektuan parte hartzea, esaterako. Zelan egin?

Diru apur bat aurreztuta daukatenek, ohiko bankura eraman ordez, beste banku eredu berrietara bidera dezakete. Alternatiba justuagoa ematen du, ekologikoa eta soziala. Solidarioagoa da. Edonork inberti dezake halako banku etikoetan.

Bidezko merkataritzaren eta kontsumo ohitura arduratsuen aldeko apustua ere egin duzue. Zelan lagunduko dute jarduera horiek egungo egoerari buelta ematen?

Bidezko merkataritzako dendetako produktuak egiten dituzten beharginek soldata duinak dituzte. Aukera berdintasuna dago. Umeen eskubideak babestu egiten dituzte. Produktu horiek erosita, eskubiderik ez urratzea bultza dezakegu. Era horretako enpresek, gainera, ingurumenaren aldeko apustua egiten dute; ekonomia solidarioagoak dira. Txipa aldatzea gura dugu, horren kontsumistak izan ez gaitezen eta soilik beharrezkoa eros dezagun.

Meatzaldetik, sistemari buelta eman nahi diozue, beraz.

Hala da, bai; buelta eman nahi diogu, lokaletik globalera jauzi eginez.

Zelan konbentzituko zenituzke uste dutenak euren ekarpen hutsarekin ez dutela lortuko ezer aldatzerik?

Ekarpen guztiak garrantzitsuak dira. Guztiok berdin pentsatuko bagenu, ez genuke ezer aldatzerik lortuko. Norbanako bakoitzak kontzientzia hartu behar du, eta ahalik eta pertsona gehiengana iritsi, denon artean zerbait lortzeko. Jende asko gaizki pasatzen ari da, eta laguntzen saiatu behar dugu; baliteke etorkizunean gu geu egoera berean egotea.