Bizkaiko udalerrietan elbarritasunen bat dutenen kontratazioa zer-nolakoa den ebazteko azterketa baten berri eman du Lantegi Batuak elkarteak: Elbarritasuna, tokiko enplegua eta estrategia berriak. Azterketa horren ondorioen arabera, andre elbarriek eta adimen urritasuna edo buruko gaixotasuna duten pertsonek dituzte zailtasunik handienak lan munduan murgiltzeko orduan.
42 udalerrik emandako 2013ko datu eguneratuen bitartez egin dute azterketa. Herri horiek Bizkaiko populazioaren %51 ordezkatzen dute, hain zuzen. Jaso dutenez, elbarritasunen bat dutenen langabezia tasa %22,6 da. Dena dela, kopuru hori “pertsona horien aktibotasun tasa baxuak baldintzatuta” dagoela azaldu dute, kontuan hartuta “elbarritasunen bat duten 25.000 pertsonatatik soilik 10.000” daudela aktibo eta lan bila; hau da, %41.
Ikerketaren arabera, aztertutako udalen %12,5ek soilik kontratatzen dituzte zuzenean elbarritasunen bat duten pertsonak. Lanpostu “egokituak” falta direla deritzote. Hain zuzen ere, elbarritasunen bat dutenentzako “lanpostu gutxi geratzen dira, eta enpresen lankidetza txikia izaten da”. Bestalde, jakinarazi dute udal gehienek zeharkako kontratazioa egitea aukeratzen dutela, mila lanpostu inguru sortuz.
Lantegi Batuak elkarteak beharrezkotzat jo du lanean jarraitzea, elbarritasuna edo adimen urritasuna dutenen gaitasunak handitzeko. “Ate gehiago ireki eta aukera berriak aztertzea” proposatu dute, “hala nola estrategia sozialek eta gizarte berrikuntzaren paradigma berriek eskaintzen dituztenak eta administrazio publikoak enplegua sortzeko dituenak”.