Ez dugu txoria maite

Askatasunaz kantatu zuen Mikel Laboak asko. Eta euskaldunon iruditeria kolektiboa eraikitzeko emandako hainbeste harri koxkorren ondorioz, askatasunaz jardun ohi gara maiz euskaldunak ere. Baina erabiliaren erabiliaz, urardotu egin dugu hitza. Aiseegi darabilgu berba, eta oso gauza serioa da askatasuna. Maitasuna bezain.

Seme-alabak izaten hasi dira gertuko lagunak. Gertukoak hurkoak izateagatik, baina gertukoak adinean ere. Eta horrek kaskoa martxan jartzen dizu, nahitaez. Eta konturatzen zara etorkizun bateko zeure umeak irudikatzen dituzunean zeure gabezia, beldur eta akats barik imajinatzen dituzula. Gurasoek samaren gainean jarri zizuten zamatik aske. Inposatutako askatasuna, finean. Jaio aurretik ere, agian izan nahiko duten hori ukatzen diegu.

Eguzkia sortaldetik sortuko dela bezain ziurra da txikitako lagun guztiak ez direla betiko. Eta ekia sartaldetik sartzea bezain ohikoa da txikitako lagun hurbiletako bat, gutxienez, asko aldatu izana. Lehen bezala ez izatea, ez bera eta ez bien arteko erlazioa. “Aldatu egin da”. Eta “aldatu” horri karga ezkor guztia jartzen diogu, eta ez diogu uzten lagunari nahi duen bidea lasai hartzen; ez diogu uzten nahi duena izaten.

Askatasunaren definizioa bezain korapilatsuak diren gaietan ere askatzen zaigu barruan denok dugun faxista sasi-askatzailea. Zenbait tradizio islamiar jarraitzen dituzten milaka emakume burka jantzita ikusten ditugunean bezala. Ez ditugu uzten akaso izan nahi duten hori izaten, dena delakoa ipinita, dena delakoa estalita. Mendebaldeko mundu ikuskera indarrez eskaintzen diegu, askatasuna ulertzeko geure moduaren gatibu bihurtu arte.

Gai mingarrienetatik arinagotzat har genitzakeen gaietara, inposatutako askatasuna beti dago present. Esaterako, etxeko maskota bihurtu ditugun txakurrei aske izaten uztetik urrun, izaten, letra larriz, uztetik gaude urrun. Buztana mozten diegu boxerrei eta belarriak dobermanei, geure edertasun kanonekin bat egin dezaten. Ze kasualitate, espresatzeko dituzten bide bakarrak trenkatzen dizkiegu, hain justu. Buztana eta belarriak. Baina nago ez dela kasualitate kontua.

Seme-alabek barren-barrenean dutena espresatzeko bide ederrena beren nortasuna topatzea da, baina askatasunez mozorrotutako diamantezko kate motzak, zilbor hesteak, eskaintzen dizkiegu. Eta urregorrizko kaiolak aldatu diren lagunei. Eta zaplazteko batekin begi aurrean jartzen dizkiegu emakume islamiarrei giza-eskubideak. Norberak ibili behar du bidea, eta horretarako eskubidea beharko luke izan. Askatasuna kanpotik inposatzea faxismo hutsa da.