Itsasoari begira egon, baina ikusi ezin diren partikulatxoei arreta jarriaz. Hori da EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko hainbat ikerlariren begietan dagoena. Gaur egun, kutsakorrak diren produktu eta elementu ikusezin asko erabiltzen dira egunerokoan. Baina ikusezinak diren arren, ingurumenean eragin zuzen-zuena dute. Eta nola ez, itsasoan ere bai. Itsas barneko bizitza aldatzen ari da, etengabe. Ez soilik ingurumenean ematen diren etengabeko aldaketengatik. Kutsadurak ere itsasoan dauden bizidunengan eragina du. Kutsadura horretara egokitu egiten dira. Hori ikertzen ari da EHUko ikerlari talde bat. Miren P. Cajaraville EHUko katedradunak tartean dihardu, zuzendaritza lanetan.
“Azken hamarkadetako nanotekonologiaren garapenak kutsakorrak diren elementu berriak agertzea ekarri du. Horien artean daude nano partikulak. Teknologia mota horren hazkundeak, ingurunean nano partikulen presentzia gero eta handiagoa izatea ekarri du”, azaldu du. Egunerokoan erabiltzen diren produktuetan daude: etxeko produktuetan, produktu kosmetikoetan… Baina zer ikusirik du horrek itsasoarekin eta bertako bizidunekin?
“Kutsatzaile guztiak iristen dira itsasora”, adierazi du Cajaravillek. Nano teknologiaren erabileraren gorakadak, nano partikula horien presentzia itsasoan areagotzea ekarri duela dio. Epe luzera, gero eta gehiago izatea aurreikusi dute. Hortaz, txikiak, nanoak izan arren, itsasoan eragiten dute. Etxe guztietan erabiltzen diren produktu horiek, itsasoko ur azpietako bizidunengana iristen da.
Horietako batzuk ikertu ostean, zilarrezko nano partikulak “oso toxikoak” zirela ikusi zutela adierazi du EHUko ikerlariak. Horretan ibili dira bereziki beraien ikerketako batean: NanoSilverOmics du izena. Muskuiluak erabiltzen ari dira zilar partikula txikitxo horien eragina frogatu ahal izateko. Muskuiluak, organismo filtratzaileak dira. “Uretan dagoen edozer metatu egiten dute eta horren presentziara moldatu egiten dira”, adierazi du Cajaravillek. Orain arte aztertutakoaren arabera, horien geneak aldatu egiten dira. “Bizidunen geneak dira aldatzen diren lehen gauza. Gerora, zelulak, ehunak, organoak… ere aldatzen dira”.
Nano partikulak ez dira kutsatzaileak diren elementu berri bakarrak. Disruptore endokrino gisa ezagutzen direnak ere badira. Horiek aztertzeko bestelako ikerketa batean dabiltza. “Substantzia kimikoak dira disruptore endokrinoak. Eta oreka hormonala alda dezakete”. Hala adierazi du EHUko katedradunak. “Hormonen oreka apurtzen dute”. Itsasoan dauden organismoen gene sexualak alda ditzakete, alegia. Ar eta emeen estrogeno eta androgenoak moldatu ditzakete. “Organismo itsastarrak feminizatzeko gaitasuna duten elementuak daude”. Disruptore endokrinoen esperimentuak laborategietan egiteaz gain, Euskal Herriko estuarioetan ere egin dituzte. Urdaibaiko Biosfera Erreserban egindako frogetan harrituta geratu zirela aitortu du Cajaravillek: “Disruptore endokrinoen eragin handia ikusi genuen”.
Aurrea hartzeko beharra
Gakoa epea dela adierazi du irakasleak. Ikerketarako teknologia aurrerapenei esker, etorkizunean itsasoan eman daitezkeen arazo batzuk aurreikusi ditzakete. “Aldaketak goiz detektatzen baditugu, administrazioarekin lan egin eta aurre egiteko neurriak hartu daitezke”. Organismo bizidunengan edota ekosistema mailan arazo larri bat egon aurretik jokatu nahi dute; espezie baten desagerpena, adibidez. “Neurriak hartu arren, kutsadura itsasoan metatu egiten da. Material batzuk oso iraunkorrak dira, kantitate txikian badaude ere, kutsadura mantendu egiten da”.
Cajaravillek adierazi du “koktel efektua” kontuan hartu behar dela. “Ez da eragina duen kutsatzaile bakarra. Ehunka kutsatzaile biltzen dira. Horri, ingurumeneko faktoreak gehitu behar zaizkio. Interakzio horren guztiaren ondorioak hartu behar dira kontuan”.
Hortaz, itsasoan dauden organismo bizidunak egoera berrietara egokitzen ari dira etengabe. Klima aldaketak itsasoko uretan eragindako tenperatura gorabeherak, oxigeno mailaren aldaketak… faktore natural askori erantzuteko moldatzen dira. Baina kutsadurak ere eragina du horretan. Cajaravillek aitortu du, organismo bizidunen moldaketa, neurri batean egin daitekeela. “Baina kutsadura maila arriskutsu bihurtu liteke, eta espeziearen biziraupena bera ezbaian jarri”. EHUko ikerlariak etorkizunean sor daitezkeen arazoak identifikatzen ari dira; prebentzio lanetan. Eusko Jaurlaritzarekin dute elkarlana. Itsas kutsatzaileen proiektu horiek, Plentziako Itsas Estazioan eta Leioako Campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatean egiten ari dira.
“Auskalo etorkizunean urpeko bizitza nolakoa izango den. Argi dagoena, maila ikusezinetan ere gizakiak eragin zuzena duela horretan”.