Gaur bertan jasoko du Josu Imanol Unanue bermeotarrak Euskal Sida saria Euskal Herriko Hiesaren Aurkako Elkarteen Federazioaren eskutik. Hain zuzen, hiesaren inguruan orain arte egindako lanagatik jasoko du sari hori, eta, horregatik, pozik da bermeotarra.
1985. urtean izan zuen Unanuek gaixotasunaren berri, odol emaitza batzuetan birus bat zuela antzeman zutenean. Orduko hartan, bi urteko bizi-itxaropena eman zioten; geroztik, baina, 28 urte igaro dira. Duela lau urte arte, gainera, ez du tratamendurik behar izan gaitza tratatzeko.
Tratamendua hartzen hasi zinen duela lau urte. Zer moduz zaude?
Tratamendua hartzea gaitza egiten zitzaidan hasieran; defentsak oso baxu izaten nituen, eta botikaren eragina sumatzen hasia nintzen. Hilabete batzuk igaro behar izan dira horretara moldatzeko, baina, gaur egun, oso ondo sentitzen naiz. Defentsak igoten dabiltza, nahiz eta oraindik ez dauden egon behar luketen mailan.
28 urtean lan handia egin duzu hiesa dutenen alde, eta, horregatik, Euskal Sida saria jasoko duzu gaur.
Euskal Sidak borroka bati egiten dion lehen aitorpena izango da, eta aktibistek niri ematea erabaki dute. Gustura hartuko dut saria; bazen garaia aktibismoak modu batera edo bestera bere aitorpena izan zezan. Nik jasoko dut saria, eta hori ondo dago, baina hainbatek egindako lanaren aitorpena izango da.
Zer esan nahi du zuretzat sari horrek?
Borrokatzen jarraitzeko abisua da; aktibismoa indartu behar dudalako abisua dakarkit. Alegia, dakidana beste batzuei helarazi behar diedala, eta ikasi ere egin behar dudala, hori ere ona da eta.
Beraz, orain arte egindako lanaren aitorpena dela esango zenuke.
Aitorpena da, eta inoiz ez da berandu horretarako. Ni borrokatzen hasi nintzen lehen aldia 1987an izan zen, Bizkaiko Batzordera joan nintzenean. Ez nuen seropositiborik ezagutu bertan; kaltetuekin behar egiteko egitura bat sortu zuten herritarrek, baina han ez zegoen ni bezalakorik. Nik nire modukoak ikusi nahi nituen, eurekin berba egin eta zer behar genuen ikusi. Baina, gerora, gauzak aldatzen hasi ziren, autolaguntza taldeak sortzen hasi ginen eta. Gaur egun, baina, hiesaren aurkako mugimenduak ez dauka erreferenterik; pertsona askok egiten dute berba gugatik, baina gu anonimoak gara. Nire ustez, horri eman behar diogu buelta, 1992. eta 1996. urteetara bueltatu behar dugu.
Zer dela-eta urte horietara?
Guztiek gintuzten mamutzat, eta pertsona bat laguntzeko aktiboa izatea beharrezkoa da, bestela ezinezkoa delako. Egin diren kanpaina guztiak osasuntsu daudenak zaintzeko egin dira, inoiz ez hiesa dugunok jagoteko, eta gu gara txarto egon garenak. Bigarren mailan egon gara beti. Hiesaren Nazioarteko Egunean, esaterako, zenbat seropositibo aterako dira kalera?
Borroka hasi zenuenetik urte asko igaro dira; bitartean, hiesaren inguruan zer lan egin duzu?
1987an, Bizkaiko Batzordera jo nuen, eta 1989an, jendea drogatik ateratzen laguntzen hasi ginen Bermeon; hortik sortu genuen gerora Txo Hiesa taldea. 1992an, krisi sakon bat egon zen, eta T-4 autolaguntza taldea sortu genuen seropositiboek Bilbon. 2008an utzi nion talde horietan militatzeari. Beti egon naiz harremanetan talde eta seropositiboekin, konferetzietan ere izaten naiz, baina jada ez dut sinisten hainbeste burokrazian. Borroka era pertsonalean eramateko erabakia hartu genuen batzuek.
Lan horiek egitean, zein zen zure asmoa?
Txo Hiesa zein T-4 taldeetako presidente eta sortzailea izan naiz, baina nire ardura autolaguntza taldeetan nuen. Pertsona berdinen arteko elkarlana bultzatzean oinarritzen dira autolaguntza horiek. Horien bitartez, beraz, gure artean elkarri laguntzen genion, elkarri gure egoera azaltzen genion, informazioa jaso eta ematen genion elkarri… Autolaguntzak militantzia dauka; pertsonek berdintasunetik egiten dutenean berba, irakatsi eta ikasi egiten dute, eta horrek indar handia dauka. Sendagileak zein botika hartu behar dugun esango digu, baina ezin izango digu azaldu zer den hiesarekin bizitzea, norbait hiltzea, bikotekideen arteko harremanean zein arazo sor daitezkeen azaltzea, izaten diren beldurrak azaltzea… Hori soilik guk jakin ahal dugu. Berdinen arteko harreman hori da gaur egun faltan sumatzen dudana.
Beldurrez aritu zara; beldurrik ba al duzu zuk?
Niri urte biko bizi-itxaropena eman zidaten, eta 28 urte eraman ditut opari. Hiltzeari beldurrik ez diot. Duintasunez hiltzea lorpen handia da, nire ustez. Beldurra diot, baina, bakardadeari. Ez naiz inoiz hala sentitu, baina badiot beldurra bakarrik sentitzeari edota bazterketari. Azken hori inoiz sentitu izan dut, eta oso gogorra da.
Zein bazterketa mota jasan duzu?
Hasieran, gogoan dut Osakidetzan gure txarteletan puntu gorri bat jartzen zigutela, mundu guztiak jakin zezan zer geneukan. Mediku batzuek, gainera, uko egiten zioten gu artatzeari. Acapulcon, esaterako, parke publikoetara sartzea debekatuta geneukan, eta, Berlinen, kutsatuak ginela esanez etortzen zitzaizkigun naziak. Bazterketa mota asko jasan behar izan ditugu. Gizarteak gaixotasun bat du: ez duela onartzen desberdina dena, eta hori hiesa baino gogorragoa da.
Egun ere bazterketarik ba al dago?
Bai, bazterketa egon badago, nahiz eta nik pertsonalki halakorik ez jasan.