Dendek herriari ematen dioten bizitza, kolokan

Herrietako merkatari txikien saltokiek duten garrantziaz jabetzeko, bi egunetako kanpaina berezi bat jarri dute martxan, asteon, Leioan. Hain zuzen, astelehen eta martitzenean 150 taberna, denda eta bestelakok erakusleihoetan oihal beltzak jarri zituzten, Leioako Merkatarien Elkarteak deituta. Euren kabuz kanpainarekin bat egin duten merkatariak ere egon dira, gainera.

Luisa Iribarnegarai Leioako Merkatarien Elkarteko koordinatzaileak azaldu du helburua zela ikusaraztea merkataritza desagertu edo hil egiten bada herriko kaleak zelan geratuko liratekeen. “Herria erabat beltz ikustea genuen xede. Izan ere, kaleak beltz geratuko lirateke saltokirik gabe. Erakusleihoaz gain, argitasuna ematen dute gure dendek”. Hain zuzen, Merkatari bizia, herri bizia izan du lelo nagusi kanpaina berezi horrek.

Jendearen erreakzioak “denetarikoak” izan direla esan du Iribarnegaraik: “Batzuk oso harrituta geratu dira, eta beste batzuek esan digute sasoia zela zerbait egiteko”. Arreta bereganatzeko kanpainak, beraz, eragina izan duela deritzo. “Hemendik aurrera, ikusi egin beharko da zelan jarduten duten herritarrek”.

Leioako merkatariek ez dituzte euren dendak itxi behar izan. Egoera, oraingoz, ez da horren larria, merkatarien elkarteak jakinarazi duenez. Salmentetan, ordea, beherakada “izugarri” nabari dela esan du Iribarnegaraik.

Argi du herritarrek saltokietara ez jotzeko arazo nagusia “diru falta” dela. Kontsumoa izugarri aldatu dela ere azaldu du: “Dendetan erosi baino lehen, kontsumitzaileak ondo baino hobeto aztertzen ditu produktuak, eta exijentzia maila ere oso handia da”. Hala ere, etorkizunera begira, baikor azaldu da: “Hau guztia pasatuko da. Hala espero dugu, behintzat. Eta ikusiko dugu datorren urtea zelan datorren”. Euren dendak, behintzat, promozio kanpainei ekingo die, orain artean bezala.