Sei bide eta helburu bakarra: Basaurin euskaraz berba egitea

Basaurin be bagara leloari eutsiko diote, aurten ere. Domekarako, Euskarabila elkarteak euskaldun guztiak elkartzeko eta euskara kalerik kale entzuteko jarduera antolatu du, Euskararen Eguna ospatzeko.

Hain zuzen, herriko sei muturretatik aterata, kalejiran abiatuko dira. Bakoitzak bere ibilbidea egin ostean, guztiek bat egingo dute Solobarria plazan. Erronka, beraz, euskara protagonista izango duen jaia “auzo guztietara zabaldu eta herri osoa zeharkatzea” izango dela azaldu dute antolatzaileek. Horretarako, Basaurin be bagara 365 egunez izango da aldarrikatuko duten beste lelo bat. “Euskarak 365 egun dituela aldarrikatuko dugu; Euskararen Nazioarteko Egunean ez ezik, eguneroko bizimoduan, urteko egun guztietan ere euskaraz bizi nahi dugula. Beraz, Basauriko euskaldunok edozein auzotan egonda eta edozein egun izanik ere euskaraz bizi nahi dugula adieraziko dugu”.

Kareaga gizarte etxea (11:00), Baskoniako zubia (11:00), Jose Etxegarai kalea (11:30), Artunduaga kiroldegia (11:30), Hernan Cortes plaza (11:00) eta Basozelai gizarte etxea (11:30): horiek izango dira sei ibilbideen abiapuntuak. Horietako bakoitzak kolore jakin bat hartuko du: urdina, laranja, larrosa, horia, berdea eta morea. Parte hartzaileek ere, egiten duten bidearen arabera, kolore bat edo beste hartuko dute. Dagozkien kalejirako koloreetako lepoko zapiak zein puxikak edo bestelako elementuak eramango dituzte batzuek eta besteek, kolore bakoitza “ikusgarri izan dadin”. Kaleetako eta inguruetako herritarrak ere etxeko leihoak edo balkoiak, komertzioko erakusleihoak, elkarteak zein lonjak kolore horretan janztera animatu dituzte.