Ibilgailuentzako traba gehiago Zazpikaleetan

Auzoko bizilagunen kexuak entzun ostean, Bilboko Udalak egoera aztertu du. Atera duen ondorioa garbia da: Zazpikaleetan ibilgailuak ibiltzeko orain arte egon diren mugak ez dira errespetatzen. Egunero, batez beste, ia mila ibilgailuk aparkatzen dute kaleotan, zamaketa baimenduta dagoen orduetan. Tomas del Hierro Bilboko Segurtasun zinegotziaren esanetan, “azken urteetan makina bat neurri hartu da, baina argi geratu da ez dutela askorako balio izan”. Asko eta asko, gainera, erosketak egitera edo zerbait edatera joaten direla salatu du Jose Luis Sabasek, Obra eta Zerbitzu zinegotziak. Hala, udalak aldaketa batzuk proposatu ditu behin-behineko plan berri batean, soilik oinezkoentzat den gune hori indartze aldera.

Urtarriletik aurrera egongo dira indarrean, behin Gabonetako erosteka kanpaina bukatu denean, neguko merkealdiarekin batera. Sei hilabetez probatuko dituzte, eraginkor diren jakiteko. Epe hori bukatutakoan balantzea egingo dute, eta, emaitzekin gustura geratuz gero, ordenantza bidez arautuko dute. “Neurri hauekin ibilgailuek kale artetik batera eta bestera ibiltzeko daukaten ohitura bukatu gura dugu”, adierazi du Asier Abaunza Zirkulazio zinegotziak.

Zazpikaleetara sartzeko baimena duten ibilgailuei sarbidea gehiago mugatuko zaie. 08:00etatik 11:00etara baino ezingo da sartu: 15 minutu izango dituzte egoiliarrek eta 30 merkatariek. Auzokoek ordutegi horretatik kanpo sartzeko aukera izango dute: domeketan, 18:00etatik 22:00etara. Hala ere, horretarako baimen berezia eskatu beharko dute, eta justifikatu egin beharko dute halabeharrez sartu behar dutela.

Beste aldaketarik ere bada. Erronda eta Maria Muñoz kaleek osatzen duten ardatza oinezkoentzat izango da 08:00etatik 09:00etara. Ordutegi horretan ezingo da ibilgailurik ibili, Garcia Rivero Maisua eta Mugika-Solokoetxe ikastetxeetako ikasleen segurtasuna bermatzeko.

Hainbat kaletako noranzkoak ere aldatuko dira. Aurrerantzean Erronda eta Mesedeetako kalea arteko guztiak sartzekoak izango dira, eta Santa Mariatik Posta kalera artekoak erabiliko dira irteteko. Aurrerantzean Itxaropen kalea ere sartzeko izan beharrean irteteko erabiliko da. Askao kaletik Iturribide, Prim eta Posta kaleetara doazen autoak ibiliko dira.

Era berean, espazioak ere berrantolatuko dira. Zamalanei eta egoiliarrei lotutako trafikoa atondu nahi da. Horregatik, zamalanak kaleko albo batean egingo dira soilik. Terrazak ezingo dira ipini 11:00ak baino lehen; hau da, zamalanak bukatu arte itxaron beharko dute. Zamalanak horretarako baimena ematen duten txartelen bidez arautu eta kontrolatuko dira. Behar horretan dabiltzan ibilgailuek atarietarako sarbideak libre utzi beharko dituzte. Gainera, oinezkoentzako eremua handitzeko asmoz, Askao eta San Nikolas arteko ingurua ere ibilgailuen ohiko joan-etorritik kanpo utziko dute.