Hirugarren lorategia izango du Balmasedak alde zaharrean

Balmasedako alde zaharra —Bizkaiko zaharrena— harri hutsezkoa izan da mendeetan, berdegunerik bakoa. Azken urteetan horri buelta eman guran dabil udala. Hala, hil honetan hirugarren lorategia irekiko dutela iragarri dute. Horcasitas jauregiaren lorategia publiko bihurtuko da. 1.500 metro koadro ditu. Orain dauden arbolak mantenduko dituztela azaldu dute, eta baita berau inguratzen duen harrizko hesia ere. Eraikinean, berriz, ostatu eskola bat ipini nahi dute.

Azken bost urteetan beste bi berdegune ireki ditu Balmasedako Udalak, eta datorren urterako laugarren bat ere badu buruan. Horretarako, Leon Trucios egoitzaren ondoan dagoen lursaila eskuratu dute.