Bazen behin berdinek osatutako mundu bat

Ipuinek mundu bat zabaltzen dute, eta berebiziko garrantzia daukate seme-alabentzat. Aproposak dira irudimena lantzeko, mundu fantastikoan murgiltzeko, jakinmina pizteko…”, azaldu du Miren Urresti Arratiako Udalen Mankomunitateko berdintasun teknikariak. Hala ere, ipuinaren arabera, izan daitezke askatzaileak edo mugatzaileak. “Sexistak ez badira, guztiz askatzaileak izango dira, denentzako balioko dutelako. Sexistak badira, ordea, oso mugatzaileak izango dira, hertsiak”. Abiapuntu hori hartuta, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunerako —arazoaren 25a— tailer bat antolatu du Lemoako Udalak udal liburutegian, 17:30ean. Urresti bera izango da hizlaria.

Umeentzako ipuinak. Sexistak dira? izena du tailerrak. “Batzuk bai eta beste batzuk ez”, ondorioztatu du Urrestik, hasi bezain laster. Astelehenean, ipuin bat sexista izatea zer den zehaztuko dute. Ondoren, ipuinak eurak aztertuko dituzte. Izan ere, hitzaldia “oso praktikoa” izango dela aurreratu du. Liburutegian dauden ipuinak hartuko dituzte. Eta, ostean, aholku edo gomendio batzuk emango dituzte sexistak ez diren ipuinak aukeratzeko. “Edo, bestelakoak aukeratzen baditugu ere, beste era batera lantzeko”.

Izan ere, haren ustez, sexistak direnak ere erabil daitezke. “Ipuinik ez dago sobera. Guztiak dira balekoak; jakin egin behar da zelan erabiltzen dituzun”. Hain zuzen, ipuin sexistak baliagarriak dira ikusteko “zelan mantentzen diren estereotipoak, eta horri buelta bat emateko”, azaldu du.

Sexismoa kokatu egin behar dela deritzo teknikariak, eta hala egingo dute. “Ipuinetan sexismoa agertzen da, sistema bera delako sexista. Ipuinetan ere, beraz, isla du”. Ipuin klasiko guztiak, esaterako, sexistak direla dio. “Normala da, noiz idatzi ziren kontuan hartzen badugu”.

Gaur egun, ordea, arlo hori landuta dagoela iruditzen zaio, eta dio badaudela bestelako ipuinak: “Bestelako irudiak jasotzen dituzte, estereotiporik gabekoak dira, neskak diren protagonistek bestelako gauzak egiten dituzte…”. Era horretakoak gero eta ugariagoak direla ekarri du gogora. “Baita trantsizioa egin dutenetakoak ere. Denetarik dago”.

Klasikoak eraberrituta

Ipuin klasiko guztiak sexistak badira ere, badaude horietan oinarritu eta istorioari buelta eman diotenak ere. Esaterako, Txanogorritxo eta otso beltxu. “Txanogorritxo eta otsoa agertzen dira baina paper desberdinak egiten dituzte. Txanogorritxo erabat aktiboa da, aurrera egiteko ez da beldurtzen… Otso beltxu, bestalde, beldurtia da”.

Urrestiren arabera, “garrantzitsua da ipuinetan ere emakumeen erreferentzia printzesetatik haratagokoa izatea”. Izan ere, gainerakoan, umeek uste dute andren erreferentea printzesak direla: “Pasiboak, bikainak…”. Horien aldean, Ada ez da inoiz beldurtzen eta tankerako ipuinak gomendatu ditu. Ipuin horretako protagonista neska bat da. “Zaila izaten da hori gaur egun, normalean, mutilak izaten direlako. Eta hori garrantzitsua da, ikusaraztea protagonistak emakumeak ere badirela”.

Gurasoek ipuin bat aukeratzeko orduan, kontuan izan beharko lituzketen aspektuak ere azaldu ditu: “Andreak izatea protagonista, esaterako. Edo, gutxienez, ipuinean jarrera aktiboa izatea, ez gizon protagonistak esaten duenari kasu egitea. Sentimenduak azaltzen dituzten gizonak agertzea, ez gauzak konpontzeko borroka erabiltzen dutenak. Emakumeak hainbat lanbidetan azaltzea, eta ez irakasle gisa soilik, horrelakoak asko daude-eta, bestelako lanbideetan baizik. Edo amak lagunekin edo kirola praktikatzen agertzea. Eta gizonezkoak, esaterako, etxeko lanak egiten ikustea. Estereotipoak apurtzea, hain zuzen. Andreek euren ideiak izan behar dituzte, inoren menpe jarri beharrean bere helburuak”.

Bestelako familia ereduak azaltzea ere inportantea da Aitorrek bi ama ditu ipuinean egiten da hori. Horrez gain, “balore positiboak emakume zein gizonetan, bietan, agertu behar dira, ez batarenak bestearen osagarri gisa”.