“Azken datuen faltan, aurten iaz beste pertsona lagundu ditugu: gutxi gorabehera, 13.000 bizkaitar”. Ana Sofi Telletxea Bilboko Elizbarrutiko Caritaseko ikerketa eta ezagutzaren kudeaketa arduradunak ohartarazi du Bizkaian egoerak “iazko larritasun berean” jarraitzen duela. “Ez du okerrera egin, baina ezta hobera ere”. Haren esanetan, 2009tik gaur egunera “antzeko errealitatea” ikusi dute. Hala ere, ohar garrantzitsua egin du: “Caritasen zerbitzuak behar eta eskatzen dituztenen egoera kroniko bihurtu da, eta programetan parte hartzen ari direnek ez dute egonkortasunik lortu”.
Datu zehatz bat eman du baieztapen hori arrazoitzeko. Iaz Caritasen zerbitzuak jasotzen zituzten %25 inguruk zeramaten hiru urte baino gehiago. Aurten, ordea, zenbateko hori %30 arte igo dela dio Telletxeak. “Ez dugu lortzen euren bizitza modu autonomoan garatzerik. Ez dira gai aurretik zuten egoerara itzultzeko”.
Etzi Bizkaiko Eliza Katolikoak ospatuko duen Elizbarrutiaren Egunaren harira eman ditu datuok, Mario Izeta Bilboko gotzainarekin batera. Izetak, gainera, pobrezia eta bazterkeria egoeran erortzeko arriskuan dauden horiek duten babesari ere erreparatu dio. “Orain arte zeukaten familiako babes sarea apurtzen eta urritzen hasi da”, ohartarazi du. Gehiago ere esan du: “Konturatu gara etorkizunera begira ez dutela batere esperantzarik”.
Familiak ematen duen babes hori nola aldatu den azaldu du Telletxeak: “Lehenago, aiton-amonek bilobak zainduz laguntzen zuten, gurasoek zaintzailearen soldata aurrez zezaten. Orain, berriz, hil bukaerara iristeko ezinbestekoak dira. Adinekoen zeregina errotik aldatu du krisiak. Muturrera jo dugu: orain irauteko behar ditugu”.
Caritasera laguntza eta babes eske joaten diren bizkaitarren %40k “oinarrizko beharrizanak bete” gabe dituztelako jotzen dute. %20 inguru, berriz, gizarteratze eta prestakuntza programetan dabiltza. Besteak beste, heziketa emateaz gain, familia harremanak eta autoestimua indartzen ere irakasten diete. Etxebakoak eta drogekiko menpekotasuna dutenak %15 dira.
Krisiak pertsonen aldartean eragiten duen kalteari ere erreparatu dio Caritaseko ordezkariak. Familiaren etxera itzuli behar izan dutenek “porrot sentsazioa” dutela dio, eta sendi barruan gatazkak sortzen ari dela elkarbizitza hori. Eta Caritaseko boluntarioengan ere badu eraginik. 2.500 pasatxo dira. Telletxearen esanetan, “baikortasunerako zantzurik ez ikusteak etsipen sakona sortzen die”.
Telletxearen esanetan, “krisia hasi aurretik ere bazeuden pobre, babesgabe eta baztertuak, eta krisia bukatzen denean ere egongo dira”. Horregatik, errealitate horri konponbide integrala aurkitzeko deia egin du.