Gabardina bako exhibizionistak

Hirian badira kale eta bazter ilunak, bertatik pasatzean barrena erne egotera pizten zaituztenak. Gaztetan, etxera heltzeko parkea gurutzatu behar nuen. Egunez zoragarria zen leku hura, gauez zuhaitzen itzalekin leku beldurgarri bezain misteriotsua bilakatzen zen. Kontatzen zuten bazela exhibizionista bat, gabardinarekin jantzita zihoana. Neska zein mutil gazteei hurbildu eta gabardina azpiko gorputz biluzia erakusten ziena. Hamaika aldiz parketik pasatu nintzen, exhibizionista gabardinadunaren beldur. Inoiz ez nuen ikusi ezta ezagutu ere ikusi zuen norbait. Bere burua besteei erakusteko joera duen pertsonak jasaten duen sindromea da exhibizionista izatea. Urteekin nabarmenkeria atsegin dutenak ezagutu ditut, mahai bueltan besteak baino ozenago hitz egiten dutenak, aldamenekoa entzun barik solasaldia monopolizatzen dutenak. Telebistan beren bizitza kontatzen dutenak, inongo lotsa barik ezkutuko sekretuak kontatzen dituztenak. Inork ez dakizkien kontuak lau haizeetara zabalduz. Sare sozialetan ere bada exhibizionismo puntu bat. Sarean ibiltzean ezagun baten semeak asteburuan jolastutako futbol partidaren emaitzaz enteratu naiz, ezagunaren ezagunak larunbatean jandakoa, ikastolako jolaskidearen bidaiako argazkiak ikusi ditut. Gonbidatuta egon ez naizen ezkontzako argazkiak komentatu ditut aldamenekoarekin. Ehunka urtebetetze eta zorion agur irakurri ditut. Askotan erakustaldi exhibizionistak ditugu denok, baina badira nabarmentzea kontsigna gisa duten pertsonak; egun osoak kontatzen dituzte argitzetik iluntzera, detailerik galdu gabe, esnatzetik lo hartu arte. Kontatzen dute norbaitek ikusi edo irakurtzeko; azken finean ere, horregatik joango da jendea telebistara edo horregatik sareratzen dituzte eguneroko argazkiak. Baina sortzaileak ere euren lanetan biluztu egiten dira; “liburu honetan biluztu egin naiz, dena eman dut”, irakurri diogu idazleari. Aktoreak ere oholtzara igotzean pertsonaiaren baitan sartzean eta beste pertsonen larruan jartzean ehunka lagunen aurrean biluztu egiten gara. Gizakion portaera izango da ikusi eta ikusarazteko nahia. Gabardina bako exhibizionistok zerbait kontatzeko nahia dugu, hori partekatu nahi izaten dugu. Artistak exhibizionistak garela esaten dute, eta arrazoiz gainera. Puntu exhibizionista bat badugulako ateratzen gara agertokira. Oholtzara igo eta biluztu egiten gara. Baina parkekoa ez bezala, gabardina barik ibiltzen gara.