Uraren prezioa ia euro bat igoko du, batez beste, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak datorren urtetik aurrera. 0,84 euro egingo du gora hilean, hain zuzen, fakturak. Hala erabaki zuten joan den martitzenean.
Uraren kostuaren eta zerbitzu horrengatik ordaintzen denaren arteko desorekak zuzendu behar dituztela argudiatuz eman dute igoeraren berri. Jakinarazi dutenez, Europako Batasuneko zuzentarau batek behartzen du partzuergoa tarifa defizit hori bukatzera. Hain zuzen, 2011n uraren ustiapenean %27ko defizita zuela ekarri dute gogora. Ura, beraz, balio zuen baino %27 merkeagoa zen. Defizit hori hutsean utzi behar da 2015erako.
Hala, tarifek gorako bidean jarraituko dute. Zenbatekoa, ordea, ordaintzen den tartearen araberakoa izango da. Izan ere, kontsumo kopuruaren arabera ez ezik, kuoten arabera ere aplikatzen dira igoerak. Hain zuzen, horniketa eta saneamendu kuota finkoek %8 inguru egingo dute gora. Kuota aldakorrak, ostera, %6 eta %8 artean garestituko dira.
Partzuergoak emandako datuen arabera, etxeetako erabiltzaileen %61ek, gutxi gorabehera, 0,60 euro gehiago ordainduko dute faktura.Tarifa progresiboa da; beraz, gehiago kontsumitzen duenak gehiago ordainduko du. Gehien kontsumitzen dutenentzako tarifa ia bikoiztu egingo dela azaldu du Juan Antonio Hernando partzuergoko antolakuntza zuzendariak.
Industrietan ere izango du eragina uraren prezioaren igoerak. Izan ere, erabiltzaileen %85ek 1,65 euro gehiago ordaindu beharko dituzte hilean.
Bestalde, prezio txikiagoak ere aurreikusi dituzte kide guztiak langabezian dituzten familientzat eta pentsio minimoa jasotzen duten erretiratuentzat. Krisia gehien pairatzen duten sektoreei laguntzeko Bizkaiko Batzar Nagusiek joan den maiatzean onartu zuten eskaera bati erantzuteko hartu dute neurri hori.
PSE-EEk babesa eman zien martitzeneko bozketan neurri horiei guztiei, izan ere, EAJk tarifen alde batzuk negoziatu zituen eurekin. Bilduk, ostera, salatu egin du igoera horrek ez duela hartzen kontuan erabiltzaileak zentzuzko kontsumoa edota neurrigabea egiten duen. Izan ere, gogora ekarri dute berdin ordaindu behar dutela 25 zein 75 metro kubiko kontsumitzen dutenek. Beraz, tarifa berri horiek “zentzuzko kontsumitzailea zigortu” egingo dutela iritzi diote.
PPk, bestalde, salatu egin du ohiko gastuetara aurrekontuaren %54 bideratzen duela partzuergoak. Uraren prezioa igo beharrean gastuok jaitsi beharko liratekeela arrazoitu du.
Araztegietan, greban
Busturialdeko araztegiak ustiatzen dituen Aquagest enpresako beharginek greba mugagabera deitu dute gaurtik aurrera. Lamiarango araztegia martxan jartzean, uraren ziklo integralaren kudeaketa publikoa izatea du helburu Busturialdeko Ur Partzuergoak. Beharginek euren postuak galtzeko arriskua dutela salatu du ELA sindikatuak. Lamiaran martxan jartzen dutenean lehiaketa publikoa zabalduko dutela argitu du Bilduk —gehiengoa du partzuegoan —. Langile horiek urteetan pilatutako esperientzia kontuan hartuko dutela esan dute; askoz gehiago, ordea, ezin dutela egin aitortu dute.