Aurrekontuak %13ko igoera “koiunturala” izango du Bilbon

Behin eta berriz ohartarazi du Andoni Aldekoa Bilboko Udaleko Alkatetzako kabineteburuak aurrekontuak izango duen igoera “koiunturala” dela. “Ez dugu gura irakurketa euforikorik egiterik. Horrek ez du esan nahi krisia bukatu denik. Egoera makroekonomikoari dagokionez, zuhurtziaz jokatu behar dugu, ez dakigulako ekonomia errealean eragingo duen edo ez”.

Datuak deigarriak dira: datorren urtean Bilboko Udalak 512,8 milioi euroko aurrekontua izango du; hau da, aurten baino %12,75 gehiago. Hala ere, oharra egin du Aldekoak 2015erako: ” %5 gutxiago izango dugula uste dugu”. Haren esanetan, datorren urtean egongo diren ezohiko diru sarrera eta inbertsio batzuek eragin dute aparteko hazkundea.

Gorakada azpimarragarriena Udalkutxatik dator. Bilboko udal aurrekontua osatzen duten hamar eurotik ia sei udalen finantzaketarako foru funtsetik iristen dira. Joan den urriaren 15ean Euskal Finantza Kontseilua elkartu zenean datorren urterako zerga bilketan igoera garrantzitsua aurreikusi zuen. Funtsetik etorritakoa %6,3 haztearekin batera, datorren urtean udalak ez du dirurik itzuli beharko, azken urteetako likidazioetatik zorretan izan duena ordaintzen bukatuko baitu urte honen bukaeran. Horregatik, jasotzen duena osorik izango du erabilgarri. Aldekoak, baina, zuhurtziaz hartu du finantza kontseiluak egindako aurreikuspena; “baikorregia” iruditzen zaio: “Diru asko da”.

Bigarren ezohiko diru sarrera bankuen bidez lortuko dute. Zorrotzaurreko proiektuarekin aurrera jarraitzea “lehentasunezko” jo dute. Hori horrela, Deustuko kanala irekitzeko beharrekin hasiko dira 2014an, eta ordaintzeko 11,5 milioi euroko kreditua eskatzea aurreikusi dute. Osotara, proiektu horrek 30 milioi euroko kostua izango du: horietatik 19,5 milioi 2014an egin beharreko inbertsioak izango dira. Edonola, Aldekoak iragarri du kreditu hori gabe moldatuko balira ez luketela eskatuko. Eta eskatuko balute ere, “udalak bankuekiko zorrik barik hasiko du urtea”.

Hirugarren ezohiko diru sarrera Miribillan saldutako lursail batetik jasoko du udalak: 12,2 milioi izango dira. Diru kopuru horrek, hala ere, dagoeneko badu helburu bat: Bilbo eta Bizkaiko turismo bulego nagusia ipini duten Terminus eraikina BBKri ordaintzeko erabiliko dute.

Horrela, bada, datorren urtean Bilboko Udalak azken lau urteetan baino aurrekontu oparoagoa izango du. Horri esker, 100 milioi euroko inbertsioak egingo dira Bizkaiko hiriburuan; aurten baino %115 gehiago. “Hiria dinamizatzeko eta ekonomia suspertzeko balioko dute”. Besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiak Sabino Aranako zubibidea eraisteko lanak bukatzen dituenean, urbanizazio lanei ekingo die udalak. Aldekoak azaldu duenez, dagoeneko hasi dira auzoko bizilagunekin elkartzen, guztien artean zer-nolako ingurua nahi duten erabakitzeko. Zazpikaleak eta goiko aldeko auzoak zaharberritzeko planekin ere jarraituko dute. Eta Auzokide planek 11,5 milioi euro izango dituzte.

Datorren urterako aurreikusitako beste obra bat da Plaza Biribilaren egokitzapena. “Zabalgunearen eta Zazpikaleen arteko pasabidea da, eta epe ertainera AHTa hara iritsiko da. Plaza guztiak moldatu ditugu azken aldian, hori izan ezik. Bilbobusak han egoteak asko baldintzatzen gaitu, baina egin beharreko aldaketak egin eta oinezkoei lehentasuna emango diegu”.

“Hiria egunero 08:30ean martxan hasteko prest egotea eta krisiak herritarrei eragindako kalteak leuntzen saiatzea” da helburua. Hori horrela, gizarte laguntzarako diru sortak ere haziko dira. “7,6 milioi euro gorde ditugu pobreziaren aurkako plan berezirako”. 100.000 euro erabiliko dira etxegabeentzako aterpe berria eraikitzeko, Mazarredokoa itxi egingo baita. Horrez gain, enplegua sustatzeko planak 1,6 milioi euro izango ditu. Udaltzaingoan, bestalde, 25 lanpostutarako eskaintza publikoa egingo da.

EAJk gehiengo osoa duen arren, Aldekoa prest agertu da oposizioak egingo dituen zuzenketak aintzat hartzeko. Azaro bukaeran onartuko da behin betiko udal aurrekontua.