Kameratoian parte hartzeko izena azaroaren 22a baino lehen eman behar da

Motoreak berotzen hasiak dira Kameratoia Euskal Herriko IX. Ikus-entzunezkoen Rallyrako. Abenduaren 6a eta 8a bitartean izango da aurten, Durangoko Azokako Irudienea gunean. Lehiaketan parte hartzeko izena eman behar da aurretiaz, eta horretarako interesa dutenek, azaroaren 22ra arte izango dutela jakinarazi dute antolatzaileek Euskaltzaleen Topagunean.

Lehiakideek, lehenengo ekitaldietan gertatzen zen bezala, 48 ordu izango dituzte hiru eta zortzi minutu arteko film labur bat ekoizteko. Hain zuzen ere, abenduaren 6an, aurkeztu beharreko film laburraren gaia eta bertan islatu beharko dituzten irudien zerrenda jasoko dute. Une horretatik aurrera, parte hartzaileek 48 orduko epea izango dute film labur baten gidoia osatzeko eta grabazio eta edizio lanak egiteko, betiere antolatzaileek ezarritako gai eta ezaugarriei jarraituta.

Abenduaren 8an aurkeztuko dituzte bideoak. Handik aurrera, epaimahaiak onenak aukeratzeko lanari ekingo dio. Hiru sari daude aurreikusita: 1.200, 900 eta 600 eurokoak, hain zuzen ere. Irabazleen lanen emanaldia eta sari banaketa abenduaren 8an bertan izango dira Irudienea gunean.

18 eta 35 urte arteko gazte euskaldunek eman dezakete lehiaketarako izena. Ikus-entzunezko lanak ekoizteko norberak bere ekipoa erabili beharko duela argi utzi dute antolatzaileek. Lan horiek euskara hutsean osatu beharko dituzte, gainera.

Aurreko aldietan lehiaketan parte hartu duten gazteen ustez, “gazte euskaldunen artean badago hori eta gehiago ere egiteko irudimena eta gaitasuna”. Antolatzaileek lanen kalitatea gero eta hobea dela azpimarratu dute. Iaz berrogei gazte inguruk hartu zuten parte txapelketan, Gernika-Lumon. Lanak ikusteko, bestalde, ehun lagun inguru elkartu ziren Elai Alai aretoan.

Zabalkundea helburu

Topaguneak jakitera eman duenez, “lehiaketaren helburua, gazte euskaldunen sormena bultzatzea eta ekoizpen artistikoa gizarteratzea da”. Hori dela eta, Kameratoia lehiaketan sortutako lan guztiak Creative Commons Aitortu-Partekatu lizentziapean zabalduko dira. Kultura edukiak erabiltzeko lizentzia horrek, copyright ezagunak ez bezala, sormen lanen zabalkunderako erraztasunak ematen ditu. Izan ere, eduki horiek zabaltzeko eta erabiltzeko baimena ematen du, baita pieza horietan oinarrituta lan berriak sortzeko ere. Hala ere, jatorrizko egileen izenak aipatu behar dira eta jatorrizko lan horiek ere baldintza berberetan partekatzeko aukera eman behar da.

Lehiaketaren oinarri guztiak ikusteko, izena emateko eta aurreko aldietako lanak ikusteko:

www.kameratoia.com