Ana Maria Matute elkarrizketatu nuen behin. Irabazi berria zuen Cervantes literatura sari ospetsua, eta Bilbora etorria zen beste sari askoz txikiago bat jasotzera.
[…] Idazlearen prentsaurrekora joan nintzen andre hura zelakoa ote zen jakin guran. Emakume edadetu, ahul itxurako bat aurkitu nuen, harik eta berbetan hasi zen arte. Argia isiotzea legetxe izan zen. Emakume hark piztu egin gintuen denok, gozotasunez, inteligentziaz hunkitu, liluratu.
Gero, elkarrizketaegiterakoan, galdetu egin nion zelan lortzen zuen jendea horrela hunkitzea. Berehala, apenas pentsatu barik erantzun zidan “autentikoa naizelako, sentitzen dudana esaten dudalako”.
Horixe zen Matuteren sekretua, benetakoa izatea. Harrezkeroztik, sekretu hori gordetzen duten pertsonak identifikatzen ahalegintzen naiz.
Ez dira asko, bakanen batzuk baino ez, eta andrazkoak batik bat, egia esateko.
Eta konturatu naiz ausartak direla, barruko osinera begiratzeko beldurrik ez dutelako; eta libreak ere bai, barruan aurkitutako hori ateratzeko askatasuna behar baita.
Jasone Agirre. ‘Anboto’.