“Bilbok ematen dio zerbitzu Bizkaia osoari; eskualdeetan ere aterpeak behar dira”

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxe gabeziagatik bazterkeria jasaten duten pertsonei buruzko lehen azterketa bateratua aurkeztu berri dute Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek, hiriburuetako udalek eta hainbat gizarte eragilek. Iazko urriaren 17an egin zuten inkesta baten emaitza da: Bilboko kaleetan 147 lagun aurkitu zituzten gau hartan. Honela azaldu du metodologia Joseba Gaya Beste Bi plataformako kideak: “Egun bakar horretan kalean dagoen jendea zenbatzen da. Ez dugu denekin topo egiten, baina hori normala da”. Bilboko Elizbarrutiko Caritaseko Etxegabeko Pertsonen Arloko arduraduna ere bada.

Txostena esku artean hartuta, zein da atera duzun ondorio nagusia?

Garrantzitsua da noizean behin halako argazki bat izatea jakiteko behintzat zenbatu ditugunak kalean daudela. Horrekin aurrerantzean hartu beharko ditugun erabakiak hobeto hartuko ditugu. Aurkitutakoa baino askoz jende gehiago dago kalean, eta hori badakigu. Txostena egiteak berak bakarrik badauka garrantzia, etxebakoen egoera ezagutzera emateko eta jakinarazteko behintzat zenbatu ditugun horiek egon badaudela, eta gehiago direla.

Kalean gero eta eskeko gehiago ikusten da, baina txostenak dio aurreko inkestarekin alderatuz gutxiago zenbatu direla.

Eskean ikusten ditugunak eta kalean lo egiten dutenak ez dira jende berdina; ez dira kolektibo bera. Eskeko asko eta asko ez dira etxebakoak, nahiz eta gure imaginarioan biak lotuta joan. Eskeko asko erakunde batzuen barruan daude. Batzuk bai etortzen dira aterpe zerbitzuetara, baina bi kopuruak ez dira konparatzekoak.

Gutxiago zenbatu izanak gutxiago daudela esan nahi du?

Ez, ez, inondik ere ez. Badakigu aurreko zenbaketa egin zenean baino gehiago daudela egun kalean bizitzen. Txostena aurkeztu eta biharamunean eurei aipatu genien. Batek baino gehiagok esan zigun txostena oker zegoela: EAE osoan zenbatu genituenak baino gehiago Bilbon bertan daudela esan ziguten. Logikoa da batzuk ez aurkitzea. Gainera, leku batzuetara ez gara sartu, segurtasunagatik: adibidez, lantegi zaharretara eta etxe ilunetara.

Zenbaketa egunean, ostatua ematen duten zerbitzuen %77 zegoen beteta; halere, kalean jendea zegoen.

Zerbitzu ezberdinak daude. Eta guztiek ez dute balio egoera guztietarako. Zerbitzu gehienak kaletik irteteko prozesuetara bideratuta daude. Egoitza bakoitzak badauzka bere berezitasunak. Larrialdi plazek pertsona guztientzat balio dute, eta ikusi beharko litzateke larrialdi plazetatik zenbat zeuden hutsik. Kalean dagoen pertsona bat lehenengo horietara eroaten da; ez dago prestatuta gizarteratze prozesu batean hasteko zuzenean. Ezin dezakegu esan oheak hutsik zeuden bitartean jendea kalean zegoenik.

Nola hasten da prozesua?

Pertsonak berak erabakitzen du. Normalean gehienek badute harremanen bat zerbitzuekin. Gizarte langileekin hitz eginez, beste leku batzuetara bideratzen dituzte: edo jantokietara, edo eguneko zentroetara. Eta horietan daudela, eurek esaten dute beste pauso bat eman gura dutela. Alde askotatik has daiteke pertsona gizarteratze prozesuan.

Erraz eskatzen dute laguntza?

Ez. Kalean egoteak babesgabe uzten ditu, eta horrek gauzak beste era batera ikusarazten ditu. Zure laguntza sarea apurtu egin delako zaude kalean. Zure gain duzu zure egoeraren zama guztia; zeuk bakarrik. Beraz, egoera horretan, bizitzaren ikuspuntua ere asko aldatzen da eta ez duzu ezer argi ikusten. Horregatik, zerbitzuetan behar egiten dugunok eurekin harremana sortzeko ahalegina egiten dugu. Bilboko kaleetan gizarte hezitzaile talde bat dabil hartu-emanak abiatzen, gero zubi lana egiteko. Ez da ez dutela nahi, baina askotan ematen diezun konponbidea ez da behar dutena. Horregatik, gero eta zerbitzu malguagoak eskaintzen saiatzen gara, erantzun aproposenak emateko. Normalean pertsonen beharrizanak gure erantzunen aurretik doaz; edo gu goaz euren eskaeren eta beharren atzetik.

Araban dago etxebako gutxien, baina baita zerbitzu gehien ere. Bizkaia eskas al dabil?

Bizkaian, Bilbon dago ia guztia. Bilboko laguntza sarea nahiko indartsua da, zulo batzuk baditu ere. Eskaera guztientzat erantzunik ez dugu, baina aukera zabala dago. Herrialde historikoan ia ez dago beste ezer. Hiriburuak Bizkaia osoari eman behar dio zerbitzua. Gainontzeko eskualdeetan ere zentro eta aterpe txikiagoak behar dira, leku bakoitzeko etxebakoak euren inguruan egoteko.

Tokian lan egiteak gizarteratzea erraztuko luke?

Batzuen kasuan bai. Beste batzuenean ez. Batzuek behar dute euren ingurutik aldentzea. Baina gehienentzat egokiagoa litzateke etxetik gertu egotea.

Aurreko zenbaketatik hona aldaketarik nabaritu duzue soslaian?

Nabarmentzekorik ez. Bai ikusi dugu atzerritar asko joan egin direla, baina beste batzuk etorri dira. Egia da bizkaitar gehiago dagoela tartean, nahiz eta ez den igoera nabarmena izan. Krisia eta langabezia nabaritzen dira.

Azkenaldian bost etxegabe hil dira Bizkaian. Ohikoa da hain denbora gutxian hainbeste hildako egotea?

Ez dago eredu zehatz bat. Apirilean esan genuen negu osoan ez zela inor hil, eta uztailean bat edo bi hil ziren. Duela hiru bat urte Barakaldon hilabetean bi pertsona hil ziren. Ez da ohikoa, baina gertatzen denean gertatzen da. Ez du neguarekin eta hotzarekin harremanik izaten halabeharrez.

Gaixo kronikoak izaten dira?

Batzuk bai. Beste batzuk gaindosiengatik. Kalean kronikoek ez dute behar duten zaintzarik.

Prebentzio lanik egiten da?

Bai, gizarte langileek egiten dute harremana eurekin eta ematen diete aukera medikuarenera joateko. Lagundu ere egiten dituzte. Tratamendua jasotzeko aukera ere eskaintzen zaie. Baina askotan ez da erraza izaten. Euren egoera dela ez dakite ez laguntza eskatzen ez laguntza hartzen. Zaila izaten da, baina aukera badago gauzak egiteko. Pertsonak ulertu behar du laguntza hori baduela eskura, eta guk ere malgutasunez jokatu behar dugu.

Normalean norbanakoak izaten dira etxebakoak. Familiarik egoten da?

Noizean behin agertzen dira. Askotan emakumeak izaten dira euren umeekin. Halako kasuetarako erantzun integrala garatzeke daukagu oraindik. Badago lana egiteko. Edonola ere, etxebakoen artean bakardadea izan ohi da ezaugarri nagusietako bat.

Premiei erantzuteko zerbitzuak badira, baina aurrez etxebakorik ez egoteko egiten ahal da zerbait?

Etxebizitza politikak aldatu behar dira. Ez da logikoa babes ofizialeko etxeak erosteko izatea. Alokairuan dauden etxeak behar ditugu. Eta beste politika guztiak ere hobeto koordinatu behar dira. Enpleguan, etxebizitzan, osasunean, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan… Politika guztiek ildo beraren bueltan ibili behar dute.