Larrabetzun Bertokoa indartuz izeneko proiektua jarri berri dute martxan. Herriko hondakinei herrian bertan etekina ateratzea du helburu egitasmoak. Larrabetzuko lehen sektorea bultzatzeko eta hondakin organikoen kudeaketa hobetzeko proiektua da udalak Gurpide elkartearekin elkarlanean martxan jarri duena.
Isabel Etxebarria Kultura eta Ogasun zinegotziak azaldu duenez, urteak daramatzate herrian konposta sortzeko sistemarekin buru-belarri lanean. Duela urte bi pentsatu zuten materia organikoari erabilgarritasuna emateko proiektuak interesgarriak izan zitezkeela. Hari horri tiraka, etxeko konposta bultzatzea helburu zuten hiru kanpaina egin dituzte. Horietako batean, Biologiako doktore batek emandako hitzaldi batean, Austriako ereduaren berri izan zuten larrabetzuarrek. Bitxikeria gisa kontatu zuena helburu bihurtu zen Larrabetzun.
Austriako eredu horrek udalaren eta nekazarien arteko akordioa du oinarri, hondakin organikoen kudeaketan elkarlanean aritzeko. Herritarrek hondakin organikoa bereizi behar dute; nekazariek, bestalde, materia hori jaso eta euren lurretara eramaten dute. Baserritarrek konposta egin, eta norberak erabiltzeko edo merkaturatzeko aukera daukate ondoren. Gurpide nekazarien elkarteari iruditu zitzaion “oso hurbil” zeudela Austriako eredu horretatik, “Larrabetzuren izaera kontuan hartuta”, eta, horrelako zerbaitetan saia zitezkeela pentsatu zuten. Proba saioa duela bi aste jarri zuten abian. Urtebetean ariko dira proiektu horretan, eta, bukatutakoan, epe horren balorazioa egingo dute.
Proiektuan parte hartzeko deialdia egin zuen udalak. Izena familia askok eman bazuen ere, 30 baino ez dituzte hautatu hastapen prozesu horretarako, baita jatetxe bat eta elikagai denda bat ere. Horiekin batera elkarlanean ari da baserritar bat.
Astean hiru egunetan atera behar dituzte familiek eta denda eta jatetxeko arduradunek hondakin organikoak etxe aurrera. “Atez ateko bilketa txiki bat da gurea. Etxeko atarietan perrail itxiak besterik ez ditugu jarri, inolako parafernaliarik gabe”, azaldu du. Perrailek tapak zarratuta dituzte.
Aitor Sancho da proba saio horretako baserritarra. Berak jasotzen ditu hondakin guztiak. Bere furgonetan egiten du ibilbidea. Han jaso, eta baserriko ortuan jarri duten konpost edukiontzian husten ditu. Hilabeteetako prozesua abiatzen du orduan Sanchok.
“Ordubete inguruko” ibilbidea egin behar du baserritarrak materia organiko guztia jasotzeko. Gurpide elkarteko kideek eurak egindako konpost makina dauka ortuan ipinita. “Egurrezko egitura bat egin dugu. Konpost makinak lau modulu ditu. Lehenengo modulua betetzen hasi gara orain. Hemendik bi hilabetera, baina, bigarrena erabiltzen hasi beharko dugu”, azaldu du. “Lehenengo hilabetean modulu batera botatzen dituzu hondakinak; hori betetzen denean, beste batera, ostean hirugarrenera…”.
Jasota dauden hondakinek “beste beharrizan batzuk” ere badituztela ekarri du gogora: “Lantzean behin buelta ematea, besteak beste. Azken finean, prozesu bat da: hondakinak jaso, pilatu, horiei bueltak eman. Zenbat eta freskoago, orduan eta buelta gehiago behar ditu. Helduago daudenean, ostera, ez dute horrenbeste haizatzerik behar”.
Hondakinak jaso eta konposta batu daitekeen unera arte igarotzen den denborari dagokionez, beharrizanen araberakoa ere badela azaldu du Sanchok. “Konpost guztiak ez dira berdinak. Lauzpabost hilabete igarota hondakinak konpost bihurtuta egotea baliteke. Konpost hori, ordea, gaztea izango da, eta, zertarako nahi duzun, erabili ahal izango duzu edo ez”. Hain zuzen, konpost gaztea baldin bada, indar asko izango duela azaldu du.
Adituen laguntza
Hori dela eta, “prozesu osoa neurtu” egingo dute Azterlaneko adituen laguntzarekin, eta ikusi egingo dute konpost mota bakoitzak “zertarako balio duen, eta zertarako ez”. Esaterako, Sanchoren esanetan, “hazitegietarako konpost helduagoa komeni da, ez dadin izan hain oldarkorra; hori, betiere, analisiek diotenaren araberakoa izango da”. Azidotasuna eta beste ezaugarri batzuk aztertuko dituzte horretarako.
Konposta eratzeko lauzpabost hilabetean baino gehiagoan uzten bada, konpost hori helduago egingo da. Ez dela galtzen kontrolatuta,ardoaren antzera garatuko da: “Urtekoa, ardo …”. Hau da, materia organikoak zenbat eta denbora luzeagoan utzi prozesu horretan, orduan eta hobea izango da konposta. “Helduagoa izango da, eta erabilera gehiago izango ditu”, zehaztu du. Proba fase honetan lortzen duten konposta berak bere baratzean erabiltzeko izango da.
Hondakin organikoak kontzeptua aldatzen hasi beharko litzatekeela deritzo Sanchok. “Ez dira hondakinak, baliabideak baizik. Berez izan baduten balioa ematen diegu, eta balio horri etekina ateratzen diogu. Hortik abiatuta, dena da onura”. Horrez gain, hondakin, materia edo baliabide horiek herrian bertan jaso eta herrian bertan geratzen direla azaldu du. “Prozesu hau zabalduko balitz, gainera, lanpostuak sortzeko aukera ere izango litzateke. Ez dakit zenbateraino, baina lana eskatzen du. Garraioari dagokionez, gainera, hemen bertan egiten dugu, urrutitik kamioi handirik etortzeko beharrik barik”. Eta hori, beste ideia orokor baten barruan sartzen dela ekarri du gogora: “Bertan ekoitzi, bertan kontsumitu eta bertan geratzen diren hondakinak baliabide gisa hartu, eta bertan balioa eman”. Balio handia duela deritzo, beraz: “Baserritar gisa balioa ateratzen diot; ingurumenari dagokionez, askoz bide laburragoak erabiltzen ditu… Era askotako onurak eragiten ditu”.
Probako proiektu hori beste maila batera pasatuz gero, Sanchok ez daki zer emaitza lortuko liratekeen. “Oraingoz, hasi besterik ez gara egin, probak egiten ari gara”, nabarmendu du. Bide horretatik zelan doazen aztertu beharko dute. Oraingoz, ez dio alde ezkorrik ikusi. Horregatik, sinetsita dago aurrera begira zabaldu eta handitu egingo dela egitasmoa: “Oso interesgarria da”.
Udalarentzat ere alde on asko ditu. Besteak beste, lurrari elikagaiak itzultzen zaizkiola deritzo zinegotziak: “Materia organikoaren zikloa itxi egiten da”. Lortutako konpostarekin, gainera, ongarri industrialak erabiltzea ekiditen da. Urtean zortzi tona materia organiko jasotzea aurreikusi dute; astebetean, 300 litro inguru bildu dituzte.