Zabalik dago daborduko Banden Lehia musika lehiaketan izena emateko epea. Azaroaren 29an ebatziko dute nortzuk diren irabazleak, Bilborock aretoan egingo duten kontzertuan.
Lehenengo saria eskuratzen dutenek, 2014ko BBK Live jaialdian zuzenean kontzertu bat emateko aukera izango dute. Horrez gain, disko bat grabatu ahal izango dute. Finalera lau talde iritsiko dira, eta egun horretako emanaldiak disko batean grabatuko dituzte. Azken kontzertu horretan parte hartzen duten taldeei banatuko diete grabaketa.
Azkue fundazioak Bilboko Udalaren eta foru aldundiaren laguntzarekin antolatzen duen lehiaketaren helburu nagusia da euskara eta teknologia berriak sustatzea. Aurtengo lehiaketa bosgarrena da. Aurreko urteetako irabazleak honako hauek izan dira: Herri Oihua, Namek Planet, Ultimo Dia eta Haxotz. Iaz, 45 musika talde aritu ziren zeinek saria eskuratu. Lehiaketa hasi zenetik, osotara, 225ek hartu dute parte.
Epaimahaia lau musika adituk eratuta dago. Hala ere, publikoak ere bozketan parte hartzeko aukera izango duela jakinarazi dute lehiaketaren antolatzaileek. Horretarako, telefono deien bidezko sistema bat jarriko dute martxan emanaldiak hastean.