2020rako Durango “egokiagoa” lortzeko lan ildoak ezarri dituzte

Zazpi urteren buruan zer-nolako etorkizuna gura duten erabaki dute Durangon, eta 2020ra arteko II. Ekintza Planean jaso dute. Hala deskribatu dute: “Udalerri atsegina eta erakargarria pertsonentzat. Gizalegearen eta elkartasunaren balioetan hazten ari dena. Munduarekiko eta berrikuntzarekiko jarrera irekiarekin, sustraiak eta herri izaera galdu gabe. Eskualdeko ikuspuntutik egituratutako lurralde eta ekonomia eredua duena. Ingurumenean eredugarri eta erreferentziazkoa. Gizartean kohesionatua, barneratzailea eta bidezkoa. Bere garapen osoa ingurumen, gizarte eta ekonomia alorren arteko orekan oinarritu duena. Herritarrak udal politikaren eguneroko protagonista aktiboak bihurtu direna”.Udalsarea 21ek ezarritako ildo metodologikoei jarraituta eratu dute plan berria, urtebete eta erdian.

Herriko ingurumen, gizarte eta ekonomia erronkei erantzutea du helburu planak, herenegun egin zuten aurkezpenean azaldu zutenez. Horretarako, 16 jomuga ezarri dituzte, zazpi urteren buruan bete beharrekoak. Besteak beste, 2020rako udaleko plan eta programa sektorial guztietan iraunkortasun ikuspegia sartu beharko da. Bestalde, plan eta programa garrantzitsuenetan herritarren partaidetza bermatu beharko dute. Horrez gain, 20 eta 64 urte arteko pertsonen artean %75eko enplegu tasa lortzea dute helburu, eta, langabezi tasa %10era murriztea. Lan munduarekin lotutako beste helburu bat ere ezarri dute: 2020rako enpresa edota establezimenduen sorrera %15 gehitzea.

Arlo sozialarekin lotutako helburuei dagokienez, diru sarrerak bermatzeko errentak jasotzen dituzten familiak %15 murriztea gura dute. Bizikletentzako egokitutako eremua, gainera, %30 gehitu beharko da.

Populazioa euskalduntzea ere jarri dute erronka gisa. Hain zuzen, 2006. urtearekin alderatuta, biztanleria euskalduna %21 gehitu beharko dela erabaki dute.

Azkenik, ingurumenarekin lotutako zenbait aldaketa ere jaso dituzte. Esaterako, onargarria eta ertaina kategorietako aire indizeak %95etik gorakoak izatea nahi dute. Zaborrei dagokienez, etxeko hondakinen %60 birziklatzea eta berrerabiltzea lortu gura dute. Era berean, baztertutako zaborra desagerrarazi nahi da. Azkenik, energiaren azken kontsumoan berriztagarrien kuota %20ra igotzea lortu behar dute.

Plana eratzeko orduan 240 lagunek hartu dute parte. Foro bakoitzean, batez beste, 50 pertsona elkartu izan dira, eta 35 elkarte ere aritu dira lanean, foro sozialaren bitartez. 20 enpresa ere proiektuan sartuta egon dira.