Moto gidari guztiek munduko lasterketa garrantzitsuenekin egiten dute amets, eta Txomin Arana moto gidari ereñarrak ametsa bete ahal izango du, 2104ko Dakar lasterketan lehiatzeko aukera izango baitu, Gernika Off Road taldeak egindako lanari esker. Busturialdeko lehen parte hartzailea izango da munduko iraupen luzeko lasterketarik garrantzitsuenean. Azken urteetan, batez ere Munduko Motokros Txapelketako probak jokatu ditu, baina erronka berria jarri dio bere buruari: datorren urtean Dakar rallya amaitzea. Izan ere, iraupen luzeko lasterketa hori amaitzea “garaipena lortzearen antzekoa” izango litzatekeela deritzo.
2014an ere, seigarrenez, Hego Amerikan jokatuko da lasterketa. Hala, besteak beste, Andeetako mendikateari eta Atacama basamortuari aurre egin beharko die ereñarrak. Urtarrilaren 5ean ekingo dio lasterketari, eta, ezbeharrik izan ezean, urtarrilaren 18an amaituko du proba. Tartean, “egoera eta baldintza oso gogorrak” igaroko ditu Argentina, Txile eta Boliviako lurretan.
Gernika Off Road taldeak urtarrilean egin zion Hego Amerikara joateko eskaintza. “Askorik pentsatu barik eta zertan sartu nintzen jakin barik, segituan eman nuen baiezkoa”, azaldu du barre artean. Dena den, oraintsu hasi da erabakia barneratzen, baina jada “ez dago atzera bueltarik”.
“Urduri” dagoela aitortu arren, lasterketa hasteko irrikan dago ereñarra, “bizitzan behin” sor daitekeelako horrelako aukera bat. “Moto gidari guztion ametsa da Dakarren behin bada ere lehiatzea, eta zer gerta daitekeen jakin barik noa”, esan du. “Pribilegiatu bat” dela deritzo, eta “pozarren” dagoela gaineratu du.
Esperientzia berria izango da rallya, inoiz ere ez baita lehiatu horren proba gogor batean. Hala, ez daki zeri aurre egin beharko dion urtarrilaren 5ean hasiko den lasterketan. Jakin badaki etapa ikaragarri luzeak eta gogorrak izango direla, eta motorrek zein gidariek asko sufrituko dutela deritzo. “Egunean hamabi ordu inguru egingo ditugu motor gainean. Hortaz, jateko zein lo egiteko denbora gutxi izango dut”.
Beldur apur bat ere agertu du, Dakarri errespetu handia baitio. “Bakar-bakarrik joango naiz, eta edozer gertatzeko arriskua izango dut: galdu egin naiteke, eroriz gero min har dezaket, motorra apurtu dezaket…”. Arazoren bat izatea “normala” izango litzatekeela deritzo. “Egun eta kilometro asko dira, eta gidari hoberenek ere arazo asko izaten dituzte”. Hala, sortuko diren arazoei konponbidea ematea eta helmugara heltzea dira Aranaren helburuak. Iraupen luzeko lasterketa batean parte hartuko duen lehen aldia izango da, eta jakin badaki erronka gainditzea oso zaila izango dela, baina animoz gainezka dago.
Mekanikarien lana
Arana bakar-bakarrik joango da Hego Amerikako lurretara. Mekanikari lanetan Herrialde Katalanetako talde bat izango du, baina ez ditu taldeko kideak ezagutzen. Hala ere, horren inguruko kezkarik ez du agertu. “Ez ditut ezagutzen, baina horretarako denbora izango dugu”.
Arazo mekanikorik ez izatea oso zaila izango den arren, motorragaz arazo larririk ez izatea espero du. Enduro motor bat eramango du, baita ordezko bat ere. Enduro motorrak pisutsuagoak dira berez, eta Dakar rallyan erabiltzen direnak are pisutsuagoak dira. “Besteak beste, 32 litroko bi erregai tanga eramango ditut, normalean baino 60 kilo inguru gehiago”.
Arlo fisikoari dagokionez ez ezik, psikologikoki ere lasterketa oso gogorra izango da, gidariaren ustez, ez baitago ohituta horren lasterketa luzeetan lehiatzera. Neke psikologikoari aurre egitea ere ez da erraza izango. “Irteeran eta beste egunen batean zenbait lagun izango dira lasterketa jarraitzen, baina kilometro gehienak bakarrik egingo ditut. Hortaz, buruari bueltak emateko denbora asko izango dut”.
Entrenamendu bereziak
Lasterketa urtarrilaren 5ean hasiko da, baina gorriz markatutako data hori heldu bitartean, zenbait entrenamendu egingo ditu motor berrira ohitzeko. Urriaren 12tik, esaterako, Marokon ari da entrenamendu bereziak egiten. Hain zuzen, astebete hau osorik egingo du Saharako basamortuan, eta, ostean, etzitik urriaren 26ra, Mersougako Rallyan lehiatuko da, Marokon bertan. “Lehen kontaktua izango dut basamortuan lehiatzen den lasterketa bategaz”.
Mersouga Rallya amaitutakoan, bestalde, Espainian egingo ditu gainontzeko entrenamendu saioak. Hala, aurreko hilabeteetan bezala, Monegrosen (Aragoi, Espainia) eta Bartzelonan entrenatzeko asmoa dauka Aranak. Motor gaineko entrenamenduez gain, lan fisiko handia ere ari da egiten. Izan ere, fisikoki ondo heltzea oso garrantzitsua da.
Bestalde, Gernika Off Road taldeak egin duen lan guztia eta babesleen laguntza eskertu ditu ereñarrak. “Horiek barik ezinezkoa litzateke ni Hego Amerikara joatea”.
Gernika Off Road taldea uda baino lehen hasi zen babesle bila. Izan ere, Dakar rallyko antolakuntzaren oniritzia jasotzeko, ezinbestekoak ziren proiektu sendo bat izatea eta babes ekonomikoa berbatuta edukitzea. Aranak azaldu duenez, antolakuntzaren baldintzak bete ezean, kanpoan geratzeko arrisku handia zeukaten.
Moto gidariak nabarmendu duenez, traba barik eman zieten lasterketan parte hartzeko baimena. Hala, Gernika-Lumoko taldeak eta Ereñoko bizilagunak amets egiten jarraituko dute datozen hilabeteetan.