Beste bultzada bat Hego Uribeko herri ondareari

Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao eta Zaratamoko udalek hasotako Zuztarretik ahora proiektuak aurrera jarraitzen du. Euskal ondare etnografikoa eta linguistikoa batu, sailkatu, landu, eta material horrekin guztiarekin Haur eta Lehen Hezkuntzako umeentzako euskal curriculumean txertagarri izango zen material didaktiko-pedagogikoa sortzea izan du helburu nagusia hasieratik egitasmoak.

Aurten egindako lana eta materiala aurkeztu berri dituzte: 2013-2014ko ikasturterako eskola agenda eta bideo erreproduzigailua dira urtebeteko lanaren emaitza.

Eskola agendari dagokionez, ikasle, irakasle eta gurasoen arteko komunikaziorako bitartekoa izateaz gain, Hego Uribe bailarako eduki etnolinguistikoak transmititzeko baliabidea izatea ere badute helburu. Agendan, Zuztarretik ahora egitasmoan jasotako berbak eta esaerak uztartu dituzte. Besteak beste, Nagore Amondarainek sortu eta Kepa Bilbaok irudiz osatu dituen hamar ipuin ere jaso dituzte orriz orriz. Proiektuan sartuta dauden bederatzi herrietako jaien erreferentziek, ohiturek, egun bereziek eta udalerrietako zerbitzuen gidak dira agendaren mamia. Paperak dituen muga fisikoak gainditzeko, gainera, zenbait eduki garatu dituzte zuztarretikahora.com webgunean eskura ipintzeko: agendako berben esanahia, esaeretako adibideak, eta abar.

Besterik ere bada: zuztarretikahora.com/zuztarretik-ahora/bideoak/ webgunean eskualdeko 77 laguni egindako grabaketetako zatitxo batzuk agertzen dira. DVDan argitaratu ziren elkarrizketetako zatiak dira. Testigantzen transkripzioak jaso dituzte euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, eta bilaketak gaika egiteko aukera ere badago.