Maitasuna omen da artean gehien jorratu den —eta artistak gehien inspiratu dituen— sentimendua. Eta arrosa, duda barik, maitasun horren hondar-irudia. Arantzak izanagatik edo, seguruenik, arantzak izateagatik. Ilunabarra eta gaua diren moduan egunsentia eta eguna baino presenteagoak pintura, kanta eta idazkietan. Zorionak baino gehiago, zoritxarrak erakartzen gaitu, antza. Eta ez besteenak bakarrik, geureak ere bai. Izango da, akaso, arrosena nola maitasunaren aurkia bakarrik ez ifrentzua ere dugula maite? Maitasunaren alde biak: zoriona eta samina, maitalea eta maitemindua, maitatua eta despetxatua. Goibelak ere badu xarma. Eta bakardadeak ere bai.
Jendartean bakarrik, eta bakardadean are bakartiago. Charles Bukowski sentitu zen horrela, alone with everybody: “Zulo zikinak betetzen dira / zabortegiak betetzen dira / zoroetxeak betetzen dira / ospitaleak betetzen dira / hilerriak betetzen dira / deus ez gehiago ez da betetzen”. Ihesbiderik ez agidanez, Bukowskiren literaturan, Bukowskiren bizitzan. Edo berak hautatu zuen heriotzaranzko bidean; nahiz eta patuaren balizko gaindiezintasunean ezkutatu zuen suizidioranzko joera hori. Erromantizida bat izan zen Bukowski.
Baina bakardadeak ez al du ifrentzurik, ala? Argiaren ifrentzua itzala bada, itzalarenak argia behar du izan, ezinbestean. Eta gehienetan itzal bezala antzematen dugun bakardadearen ifrentzu argitsua haur txikienek erakusten digute, egunero. Baina ifrentzu horren dirdira, urteak aurrera egin ahala, arrosa ihartzen doan bezala itzaltzen doakigu. Itzal bihurtzen doakigu.
Aspaldi ihartutako lorearen arrastoa baino ez duen hilobia legez irudikatu zait askotan bakardadea. Edo ibaiaren bokalean, ur gozoaren itsasoratzea artega begiratzen duen gizon zaharra legetxe, “bidaia guztiek amaiera behar dute noizbait” xuxurlatzen duen bitartean. Bakarrik.
Latza da bakardadea askotan, helduleku trinkorik ez dugun garaietan bereziki. Nerabea beti dabil amildegiaren ertzean, funanbulistaren harian. Beretzat, bakardadea zorigaiztoko haize bolada da, amildegian; eta hariaren mutur bat haustea bezalakoa haurtzarotik heldutasunera igarotzeko garai zail horretan. Halabeharrez haria apurtzea edo berak, malko karminak jasan ezinik, ezintasunez ebakitzea.
Umearentzat, ordea, imajinazioa aberastuko dion jolas berria da bakardadea. Itzalaren ifrentzu argia.