“Badakite material berezituak ditugula”

Gonzalo burdindegia herriko saltoki zaharrenetarikoa da. Perez familiak zabaldu zuen 1956an, eta bi belaunaldi aritu dira bertan lanean. “Aitak burdindegietan esperientzia zuen, eta, familiak lokal hau zuenez, denda irekitzea erabaki zuten”, azaldu du Gonzalo Perezek, egungo arduradunak. Duela 30 urte hartu zien aitari eta amari lekukoa.

Denetarik aurkitu daiteke bertan: tresneria, ehiza eta arrantzarako materiala, nautikarako lanabesak, elektrizitate gailuentzako piezak… “Merkatuak sortzen dituen baldintzetara egokitzen gara”, dio Perezek. Duela urte batzuk material gehiago ekarri zituzten burdindegira, eta biltegiak hartzen zuen espazioa denda bihurtu zuten. Hasiera batean, tresneriak saltzen zituzten batez ere. Ostean, eraikuntza sektorea hazkunde betean zegoenean, sektore horrekin zerikusia zuten materialak saldu zituzten gehien. Gaur egun, Santurtziko kirol portua handitzeko lanetan dabiltza; ehunka itsasontzi lotzeko adina leku eraikiko dute. Hori dela eta, nautikarekin harremana duten artikulu espezializatuak ekarri dituzte. “Jendeak nahi dituen produktuak eskuratu behar dira”.

Perezen ustez, denda askok unean gehien saltzen diren salgaiak eskaintzen dituzte eta horietara mugatzen dira. “Horrek sektore berean aritzen diren saltoki guztietan eskaintza antzekoa izatea ekartzen du”. Ondorioz, aparteko artikuluak bilatzen saiatzen dira. Horrela zerbitzu gehigarri bat eman eta bezero leialak lortzen direla pentsatzen du arduradunak. Horrez gain, erosleei eskaintzen zaien arreta “funtsezkoa” da. Perezek azaldu duenez, abegikor izanez gero dendara itzultzeko aukera handitzen da. “Nahiz eta merkataritza gune handiek bezeroak kendu dizkiguten, denda txikiek ematen dugun tratua ez dute sekula emango”.

Gonzalo burdindegira herriko jendea sartzen da batez ere, lagunak. “Aitak izan zituen bezeroen seme-alabak dira gaur egun ditugun erosle gehienak”. Denda eta ematen den zerbitzua ondo ezagutzen dutela azpimarratu du. “Badakite material berezituak ditugula. Behar dituzten lanabesak bertan aurkitzeko aukera handia dute, eta gure denda bilatzen dute”.

Garai gogorrak izan arren, salmentei eusten ahalegintzen da Gonzalo Perez. Inguruko herri batzuetako bezeroak ere hurbiltzen zaizkio oraindik. “Beste saltokietan saltzen ez dituzten materialak lortzen saiatzen dira gurekin”.