Gure paradisua

Bakoitzak bere imaginarioan paradisu bat sortu izan du. Leku zoragarria, idilikoa, non denborak ez duen aurrera ez atzera egiten, non zoriontsu zaren. Gu txikitan logelan genuen mapamundian topatu genuen gure paradisua; Txilen zegoen Valparaiso deituriko hiria. Gure etxetik hamar mila kilometrora zegoen, baina gure gaueko ametsetan bertara bidaiatu eta leku zoragarri baten argazkia egiten genuen. Urteak aurrera eginda paradisuak gertuago bilatu eta topatu izan ditugu. Nire paradisu txikia antzerkia izan da. Izugarri gozatzen dut teatro batera sartzean eta besaulkitik eszenatokira begira istorio bat kontatzen didatenean. Teatro handiek badute paradisua, Arriaga antzokian bosgarren solairuan kokatuta dago. Izenagatik kontrakoa ematen badu ere, bertatik agertokia baino teatroko zerua ikusten da. Baina Arriaga antzokira joateko askotan poltsikoari begiratu behar izan diogunez paradisutik ikusi edo entzun izan ditugu istorioak. Udazken hasi berri honetan antzokia hiritarrei hurbiltzeko asmoz, bisita gidatu teatralizatuak eskaintzen dituzte. Gerturatzen direnei antzerkiaren magiaz kutsatzeko asmoz sortutako ekoizpen propioa da. Bost euroren truke antzokia erakusteko ikuskizuna. Egon al daiteke plan hobeagorik igande goiza pasatzeko? Paradisuan murgiltzeko asmoz igandean Arriaga antzokira hurbildu ginen. Eta magiaz kutsatu baino paradisua infernu bilakatu zen. Gure lehenengo sorpresa, bisita gidatuak espainolez baino ez dira. “Musika, kantu, dantza eta elkarrizketa surrealisten bitartez bost pertsonai arituko dira beren istorioak eta antzokiaren istorioa kontatzen beren erara”: horrela iragartzen zuten. Ez zuten gezurrik esaten, egia da surrealistak izan zirela bertan agertutako pertsonaiak eta kontatuko arinkeriak. Beste behin euskarako hitz bakar bat entzun ez bagenuen ere, ederto egin zuten barre euskaldunon kontura; antza hogeitabatgarren mendean euskal hiztunak ez dugu espainolez ondo hitz egiten. 1890ean eraiki zen teatroaren inguruko istorio gutxi kontatu zizkiguten. Gogora ekarri ditut 2008tik Arriaga antzokiko zuzendari artistikoa denaren hitzak, 2013-2014 denboraldia aurkezteko eginiko bideoa, hain zuzen ere. Bertan Emilio Sagik programazioa pluraltasunean, soiltasunean eta irudimenean oinarrituta egongo dela dio. Bideoa “etorri, zurea da” esaldiarekin bukatzen du. Igandeko bisita gidatuan Arriaga antzokia ez nuen neurea sentitu, hamar mila kilometrora sentitu nuen, euskal sortzaile eta euskal gizartetik urrun. Zoritxarrez ez nago mapamundiari begira paradisu imaginarioa bilatzen. Gure hirian dugun antzoki publikoari begira nago.